Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

‘Comer con Hemingway’, turismoa eta gastronomia Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Ipar Euskal Herrian barrena, Ernest Hemigwayren oroitzapenek gidaturik

2016.eko urriak 20

Bost lurraldeon artean harreman-bideak zabaldu nahi dituen gida liburua, 52 sukaldarirekin, gizonezko eta emakumezko, osotua eta aurten 90 urte betetzen dituen The Sun Also Rises eleberriaren egile eta Literaturako Nobel Saridun Ernest Hemingwayren idatzietan oinarritua

Heldu den larunbatean, urriak 22, ‘The Sun Also Rises (Fiesta)’ argitaratu zelarik 90 urte beteko dira. Horren bidez Ernest Hemingway idazle estatubatuarrak bere izena lau haizetara zabaldu zuen, eta era berean anglosaxoi literaturan inflexio-puntua ezarri. Liburuaren bidez berak lehendabizikoz 1923an idoro zuen geografi gune zabal zuen, hain gogokoa non hil arte bisitatu eta bizi osorako lagunak egin baitzituen.


Horren kariaz gaur ‘Comer con Hemingway’ liburua aurkeztu dute, Bilboko Carlton Hotelean (1959an eta 1960an egonaldiak egin zituen hotelean). Liburuak Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Ipar Euskal Herrian barrena abiatzea proposatzen digu, Hemingway horiei buruz zein horietan idatzi zituenak lagundurik, horietariko bakoitzeko naturaz, kulturaz eta gastronomiaz gozatzera.
Halako ibilbide turistiko-gastronomiko bat da liburuak egin proposatzen diguna. egitekoa. Tokian tokiko gastronomia eta egungo giroa ezagutzeko. Bidaide Hemingway dugularik. Bere izkribuen bidez gure ondora ekarrita. Bestalde, ‘Comer con Hemingway / Eat with Hemingway / Manger avec Hemingway’ liburuak idaz

learen argazki eta oroigarriez orain arte egin denik eta bilduma zabal eta ugarienetako bat dakar.
‘Comer con Hemingway’ liburuaren aurkezpeneko ekitaldian, hantxe izan dira, liburuaren egilea den Javier Muñoz kazetari iruindarrarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko Sailburuorde Itziar Epalza, Gastronomiaren Euskal Akademiako presidente María del Mar Churruca, Edorta Jimenez idazle mundakarra eta argitalpenean parte hartu duten Euskadiko sukaldariak.
Hiru hizkuntzatan, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez alegia, idatzia den gida-liburu honek Hemingwayk Europako inguruotan bizi izan zituenei buruzko argazki eta oroitzapen osatuenetako bat eskaintzen du. Horrez gain lehendabiziko aldiz bildu dira honela bost lurraldeok, idazleak zinez gogoko izan zituenak, liburuan batera 44 jatetxetako 52 sukaldarik, gizonezko eta emakumezko, prestatu dituzten errezeten bidez, hots, gastronomiak loturik. Liburuak 336 orrialde ditu, tirada 3.100 alekoa izan da eta liburu dendetan zein Interneteko ohiko atarietan dago salgai; prezioa, edonola ere, aleko 25€ da

.
Papera eta internet


‘Comer con Hemingway’ liburuak papera eta Internet uztartu nahi izan ditu, eta egin egin du, zeren eta horrexetarako atondu duen web lekura joz gero sukaldariek sortu dituzten errezetetako edozein jaitsi ahal da, saretik hara, eta gorde. Halaber, badira QR kodeak ere, turismo-aukerei zein jatetxe bakoitzari buruzkoa informazio osoagoak eskuratu ahal izateko.


Era berean www.comerconhemingway.com lekuan egitasmoaren beste xehetasun batzuk ezagutzeko aukera dago, hala nola, Ernest Hemingway idazlea hobeki ezagutzeko estekak, Nobel Saridunari buruzko informazioa eta irakurleari sor dakizkiokeen zalantzak argitzeko nola egin azaltzen dion formularioa.


Hemingway Espazioa, batasuna eta elkarlana


‘Comer con Hemingway’ liburuan Euskadik, Nafarroak, Errioxak, Aragoik eta Ipar Euskal Herriak elkarrekin osatu duten eremuari “Hemingway espazioa” izena eman diogu. Asmoa eta helburua administrazioek eta burokraziek ezarriak dituzten mugen gaindi egitea da, elkarlanaren eta elkar-osagarritasunaren bidez egin ere. Bosten artean turismoaren eta gastronomiaren bidezko lotune izateko bokazioz sortua da liburua. Aniztasunaren aldetik Europan oraingoz parerik izanen ez lukeen espazioa da gaur aurkeztu dena.


Behin espazio horretako edozein gunetara joanik hortxe hasten da gastronomiaren, kulturaren eta artearen jaia; hortxe dira kirola egiteko guneak eta ibiltzeko mendiak; hortxe, zain historia. Espazio horretako bi mutur urrunenen artean gehienez jota bi orduko tartea dago autoz. Munduan beste inon nekez topatuko den kulturen arragoa, historia eta kondairak bat egiten direneko leku paregabea da eskaintzen dena.


‘Espazio’ honetan , Ernest Hemingwayk arrantzan eta igeri egin zuen, Pirinioak ibili zituen, zezenketez eta pilota-partidez ase egin eta, esan gabe doa, sukaldekoez laketu zen. Eta toki eta lekuek eragin zioten lilura jendeenganako lilura bilakatu zen. Hil arte iraun zioten adiskidantzak landu zituen. Euskal herritar zenbaitekin izan zuen adiskidetasuna Kuban ernaldu eta garatu zen. Hantxe ezagutu zuen Andres Untzain mundakar abadea, Juan Duñabeitia itsasgizon bilbotarra edota Paco Garay pilotari gasteiztarra.


‘Comer con Hemingway’ argitalpenean berrogeita hamarretik gora argazki bildu dira, Hemingwayrena, horietariko asko orain arte plazan ikusi gabeak. Argazkiotan Nobel Saridunak
liburuan diren bost lurraldeetako bakoitzarekin ukan zuen harremana dugu islaturik. Horra Hemingway bidaztia, oinak non jartzen zituen hantxe hasten zena jendearekin hizketan, ardoez eta sukaldekoez gozatzen, eta guztiaz oharrak idazten gero oharrok bere izkribuetara isurtzeko. Izan ere, Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Ipar Euskal Herriak liburuan osatu duten espazio horretan bizi izan zituenak erabateko eragina izan zuten Nobel eta Pulitzer sariak eman zizkioten idazlearen lanetan, baita haren bizitzako beste eremu askotan ere.


Euskadiri dagokionez, Hemingwayk bere lorratzik bertan utzi eta era berean beregan lorratza utzi zuten gertaerak eta lekuak, gida-liburuan bilduak, hurrengoak dira: Donostia, Irun, Hondarribia, Loiola, Zumaia, Deba, Markina, Etxebarria, Ermua, Eibar, Gernika, Mundaka, Bermeo, Bilbo eta Gasteiz.


52 sukaldari, 44 jatetxe, 128 errezeta


Hemingwayk bertan oinak jarri zituen Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Ipar Euskal Herriko tokietako bakoitzean (izan tokiok berak gutun, liburu, eleberri eta erreportajeetan aipatuak, izan biografoak aipatuak) toki horretako sukaldari batek bere jatetxea eta ingurua zertan diren hobekien erakutsi ahal digun menua prestatu digu. Bada, liburua erosten duen orok bertan diren errezetak eskuratzeko aukera izango du, Internet bidez hain zuzen.


Bestalde ‘Comer con Hemingway’ liburuak berak omen egin nahi dio maisua handiari, nazioarteko sukaldaritzan gailurretakoa den eta gastronomiaren eraldaketan giltzarri dugun Luis Irizar gureari. Berak idatzi du liburuaren hitzaurrea.


Guztira Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Ipar Euskal Herriko 52 sukaldari, 44 jatetxe (denetara 25 Michelin-Izar dituzte) eta 128 errezeta, tokian tokiko berezitasun eta ezaugarriak gogoan hartuz proiektu honetarako sortuak. Horiekin batera ‘Comer con Hemingway’ liburuan, lurraldeotan naturaz, kulturaz eta arteaz gozatzeko argibideak eskaintzen dira.


Hona hemen ‘Comer con Hemingway’ liburuan parte hartu duten sukaldariak:


- Luis Irizar & Visi Irizar (Luis Irizarren Sukaldaritza Eskola, Donostia-San Sebastián)
- Euskadi Pedro Subijana (Akelarre, Donostia-San Sebastián); Iñigo Lavado (Singular, Irun); Gorka Txapartegi (Alameda, Hondarribia); Martín Beresategui (Martín Berasategui, Lasarte-Oria); Joseba Olaizola (Joseba, Azkoitia); Aitor Arregi (Elkano, Getaria); Jabier Gartzia (Boroa, Amorebieta-Etxano); Estibaliz Mekolalde (Castillo de Arteaga, Gautegiz Arteaga); Francisco Javier Hormaetxea (Almiketxu, Bermeo); Josen Alija (Nerua, Bilbao-Bilbo); Patxi Eceiza (Zaldiaran, Vitoria-Gasteiz); Karlos Arguiñano (KA, Zarautz).


- Nafarroa Koldo Rodero (Rodero, Pamplona-Iruña); Pilar Idoate & Arkaitz Muguruza (Europa,
Pamplona-Iruña); Iñaki Urdiroz (Hotel Burguete, Auritz-Burguete); David Yárnoz (Molino de Urdániz, Urdaitz-Urdániz); Fernando Pérez (Beti Jai, Aoiz); Atxen Jiménez & Nicolás Ramírez (Túbal, Tafalla); Ana Carmen Irala & Luis Salcedo (Remigio, Tudela); Ander Jaimerena (Venta Muguiro, Mugiro); Aitor Díez de Ulzurrun (Venta de Ulzama, Arraitz-Orkin); Josefina Sagardia & Imanol Elizalde (Kasino, Lesaka); Alex Múgica (Cocina de A. Múgica, Pamplona-Iruña).


- Errioxa Francis Paniego (Echaurren, Ezcaray); Nuria Couto (Los Calados de Briones, Briones); Ignacio Echapresto (Venta Moncalvillo, Daroca de Rioja); Ramón Piñeiro (Cocina de Ramón, Logroño); Ventura Martínez (Chef Nino, Calahorra); Susana & Alberto Eguizábal (Sopitas, Arnedo); Lorenzo Cañas (La Merced, Logroño).


- Aragoi Marisa Barberán (La Prensa, Zaragoza); David Boldova (Novodabo, Zaragoza); Gregorio Abadía & Ana Rufas (+Billauba, Fraga); Julián Roque (Parador de Teruel, Teruel); Josetxu Corella (Bal d'Onsera, Zaragoza)


- Ipar Euskal Herria-Pays Basque Français John Argaud (Château de Brindos, Anglet-Angelu); Xabi & Patrice Ibarboure (Les Frères Ibarboure, Bidarte); Cédric Marinello (Maison Eguiazabal, Hendaia-Hendaye); Philippe Arrambide (Les Pyrénées, -Donibane Garazi - Saint-Jean-Pied-de-Port); Xavier Isabal (Ithurria, Ainhoa).


- Jerez de la Frontera Javier Muñoz (La Carboná, Jerez de la Frontera; Fundador Upelategiko ardoei atxikia). * Fundador da ‘The Sun Also Rises’ eleberriko protagonistek Iruñean edaten duten brandya.


- Paris José Manuel Miguel (Goust & Il Vino, Paris). * ‘The Sun Also Rises’ Paris hirian abiatzen da.
- Madril Restaurante Sobrino de Botín (Madril). * ‘The Sun Also Rises’ eleberriaren bukaera Madrilen da; azken eszenan protagonistak taxiz paseatzen doaz, Botin etxean jan ondoren.


Laguntzaileak eta babesleak


‘Comer con Hemingway’ liburuan sukaldariek egin duten lana aipatu ondoren legezkoa da dituen babesleak aipatzea, hain zuzen ere, Nafarroa, Errioxa eta Aragoiko gobernuak, Basquetour Eusko Jaurlaritzaren turismorako euskal agentzia, Fundador Upelategiak eta Ford auto-marka.
Horiez gain Ipar babesle ditu Euskal Herriko Tourisme 64, Gastronomiaren Euskal Akademiak eta Basque Culinary Center ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)