Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Ingeniaritza eta Informatika Fakultateen bilkura Donostian

2016.eko urriak 19
  • Bilkura hau, ezaugarri hauetako lehena, Unibertsitate-Enpresa Foro Europarraren ondorioz burutu da. Aipaturiko foroa, bi egunez izan da Donostian Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batzordeak antolatuta

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua buru izan da gaur arratsaldez Euskadiko Ingeniaritza Eskoletako eta Informatika Fakultateetako arduradunen arteko lehen bilkuran. Donostiako Miramar jauregian bi egunez burutu den Unibertsitate-Enpresa Foro Europarraren eskutik gauzatu da bilera. Unibertsitateen eta enpresa-sektoreen (bereziki europarrak) arteko hurbilketa eta koordinazio handiagoa bultzatzea izan da Foroaren helburua, baina baita etorkizunerako alde bien arteko elkarlana erraztuko duen harremana ezartzea ere.

Bilkuran izan dira aipaturiko eremu horietako fakultateetako dekano eta zuzendariak: Bilboko Ingeniaritza Eskola, Donostiako Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Arrasateko Eskola Politeknikoa, Deustuko Ingeniaritza Fakultatea, Tecnum-Ingeniaritza Eskola, Gasteizko Ingeniaritza Eskola Teknikoa eta Elgoibarko Makina Erreminta Eskola. Era berean, bilkuran izan dira 4.0 Industriaren euskal estrategiaren RIS3 pilotatze-taldeko idazkaritza teknikoa eta koordinatzailea ere.

Uriarte sailburuaren iritzian, “honelako bilkurek baliogarri izan beharko lukete guztiok babesten dugun baina egunerokoan askotan ahantzi egiten zaigun gertaera bat sendotzeko: guztiok goazela itsasontzi berean, eta horregatik, fakultateen arteko kolaborazioa eta industriekiko koordinazioa inoiz baino garrantzitsuagoak direla. Guztiok geure egiten dugun diagnostikoa da, eta uste dut honelako bilkurek bultzada handiagoa emateko balio dezaketela”.

Unibertsitate-Enpresa Foroaren itxiera ekitaldia

Arratsaldeko bilkura baino ordu batzuk lehenago, Cristina Uriartek Donostian bi egunez izan den Unibertsitate-Enpresa Foroaren itxiera ekitaldi ofizialean parte hartu du.

Europako Batzordeko ordezkarien, unibertsitate nahiz enpresa munduko arduradunen aurrean, egin dituzten ekarpenak eskertzeaz gain, Uriarte sailburuak Foroan nagusi izan den mezua nabarmendu nahi izan du: “Harreman hauek aukera bat irekitzen dute, baina beharrezkoak ere badira. Unibertsitate-enpresa ekosistema osatzen duten eragile guztiek elkarren beharra dute, euren garapenari eta elkarlanari dagokionean berritzen jarraitzeko. Goi mailako hezkuntzaren aldeko apusturik egiten ez bada, edo ikerketaren nahiz berrikuntzaren aldeko apusturik egin ezean, gaur egun ez Euskadin ez Europan, ez dut ikusten etorkizundun enpresa posiblerik, eta beraz, pentsaezina egiten zait aurrera egiten duen gizarte aurreratu bat irudikatzea”.

Bi lan egunetan zehar, Europako hainbat lekutatik hurbildutako 140 parte hartzaile unibertsitateen eta enpresen nahiz enpresa-elkarteen arteko harremana sendotzearen garrantziaz aritu dira eztabaidan. 20 unibertsitate baino gehiagok, 30 enpresa inguruk eta sei enpresa-elkartek euren esperientziak azaldu bahi izan dituzte, eta gainerakoenak bertatik bertara ezagutu. Orotara, 18 lan saio, hiru hitzaldi nagusi eta bi mahai inguru izan dira bi egun hauetan.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)