Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana 2013-16 deritzonaren esparruan joan den legealdian sortu diren agirien bilduma aurkezten du

2016.eko urriak 20
  • Azken agiria Bake eta Bizikidetza Plana 2013-16 baloratzeko legealdi amaieran kanpoan egindako txostena da
  • Ebaluazio taldeak uste du aurrerantzean ere plana beharrezkoa izango dela ebatzi gabeko erronkei aurre egiteko; horretarako, plana egoera berrietara egokitu beharko da
  • Eusko Jaurlaritzaren iritziz planak eragin ona eta positiboa eduki du bizikidetzaren normalizaziorako eta herritarrak elkarrengana biltzea lortzeko

Aurrekariak

Legealdian zehar Eusko Jaurlaritzak 14 plan estrategiko onartu ditu; lehenbizikoa, 2013ko azaroaren 26an onartua, "2013-16ko Bake eta Bizikidetza Plana: gizartea elkartzea helburu” izan zen. Plan horretatik 18 ekimen sortu dira, eta hainbat programa eta jarduketa ere bai. Jardun horrek agiri ugari eragin du. Orain agiriok antolatu eta egituratu dira, editatu eta herritarren esku jartzeko.

Bilduma gaur aurkezten da, ETAk indarkeriaren amaieraren berri eman zueneko bosgarren urteurrenean. Argitalpen hau Eusko Jaurlaritzak aldaketa historiko honen alde egin duen ekarpenaren erakusgarri nabarmena da, buru-belarri egin baitu lan behin betiko sendotzeko  indarkeriaren amaiera antolatua eta bizikidetzaren normalizazioa, oroimena aintzat hartuta.

Argitalpenaren edukia

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak prestatutako bilduma hau zazpi liburukitan egituratuta dago:

1. Proiektu orokorra: Bake eta Bizikidetza Planaren diseinua, kudeaketa eta ebaluazioa.

2. Iragana argitzea: Giza eskubideen urraketei buruzko azterlanak.

3. Biktimak: Biktimen inguruko politika publikoen esparruko jarduketak.

4. Oroimena: Gogora-ren eta oroimenaren politika publikoaren sorkuntza.

5. Espetxe-politika: Zigor, espetxe eta birgizarteratzeko politika berria.

6. Hezkuntza: Bizikidetzaren eta giza eskubideen hezkuntzari buruzko jarduketak.

7. Bizikidetzarako kultura eta giza eskubideak: Askotariko ekintza sektorialak.

Bilduma webgunean eskura daiteke. Ale batzuk inprimatu dira eta pendrive batzuk prestatu dira erakunde-banaketarako.

Ebaluazioa

Bildumako agiri berriena Bake eta Bizikidetza Plana 2013-16 baloratzeko legealdi amaieran kanpoan egindako txosten luzea da. Lehen ataleko 5. agiria da. Ebaluazio-memoria hau Roberto Toscano, Covadonga Morales, Jesus A. Nuñez eta Francisco Rey adituek egin dute IECAH(Instituto de Estudios sobre Conflictos y Acción Humanitaria) erakundearen itzalpean. Txostenaren ondorioetatik honako hauek azpimarratu behar dira:

  • Ebaluatzaileak adierazten duten bezala, "ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik, funtsezko aldaketak gertatu dira Euskal Herrian". Bake eta Bizikidetza Plana "tresna errealista izan da, eta aldaketa horiek bultzatzen eta sendotzen lagundu du".
  • Gainera, agendan beste gai batzuk sartzen lagundu du, besteak beste: “gaur egungo legeetan babesik ez duten biktimei aitortza egitea, autokritika egin beharra eta bake-kultura eta giza eskubideak etorkizuneko faktore gakotzat hartzeko ikuspegia”.
  • Orain nahitaezkoa da “agenda berritzea, herritarrak etorkizunari eta giza eskubideei begira daudela, geroz eta kezkatuago globalizazio desorekatuaren ondorioen aurrean (migrazioak, iheslariak, desberdintasuna, klima-aldaketa, nazioarteko terrorismoa…)”.
  • Bake eta Bizikidetza Planak ia bere ibilbide osoa burutu du. Ebatzi gabe dauden gaietan aurrera egiteko ezinbestekoa izango da “eragile esanguratsu batzuen” blokeoa gainditzea. Plana beharrezkoa da “ebatzi gabeko erronkei aurre egiteko; horretarako, plana egoera berrietara egokitu beharko da”.

Eusko Jaurlaritzaren ondorioak

Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016 bultzatzeari eta gauzatzeari esker lan handia eta integrala egin ahal izan da bakearen eta bizikidetzaren arlo guztietan. Eredu honen bidez Eusko Jaurlaritzaren jardun-ahalak sistematizatu eta egituratu ahal izan dira, alde batean eta bestean batzuk planto eginda egonik ere. Planak eragin positiboa eduki du oroimen kritikoa aintzat hartzen den bizikidetza lortzeko bidean.

Eragozpenak gorabehera, planari esker bakerako eta bizikidetzarako prozesua eraikitzeko bidea partekatu ahal izan dugu gizartearekin, egitate eta proposamen jakinetan oinarrituta. Jardun-ildo hau aintzat eta ontzat hartu dute euskal herritarrek. Hona Planaren kudeaketan izan diren gertaera gogoangarrienak:

  • 2015eko ekainean Lehendakariak adierazpen autokritikoa egin zuen biktimei buruz; gainera, Jaurlaritza lankidetzan aritu da AVT erakundearekin, terrorismoaren biktimen elkarte zaharren eta kide gehien dituenarekin.
  • Eusko Jaurlaritzak hiru ekitaldi antolatu ditu biktimei errekonozimendua adierazteko, Donostian (otsailaren 20an, polizi abusuen biktimak; martxoaren 11n, terrorismoaren biktimak; maiatzaren 14an, frankismoaren biktimak). Ekitaldi horietan Legebiltzarreko lau alderdi handiek hartu zuten parte, lehenengoz gure historian.
  • Urratsak eman dira biktima guztiak legez aitortzeko babesik gabe egon diren biktimen errekonozimendurako legea onartuz
  • Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Gogora Institutua sortu da, oroimenaren inguruko politikak kudeatzeko zeharkako adostasunetara helduta.
  • Gainera, proposamenak aurkeztu dira armak uzteko, espetxe-politika eta espetxeratuak gizarteratzeko politika aldatzeko, eta autokritika egiteko. Proposamenok oinarri sendoak dira hurrengo legealdian arlo hauetan aritzeko.

Oraingo astean Aieteko Adierazpenaren eta ETAren iragarpenaren bosgarren urteurrena dugu. Hori dela eta, gogora ekarri behar dugu bilduma honetako agirietako bat Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduaren 21ean plazaratu zuen ETAk armak uzteko proposamena dela. Konpondu gabeko auzi hau noraezean dagoela ikusirik, gaurkoan Eusko Jaurlaritzak adierazi nahi du oraindik proposamen hura indarrean dagoela eta bideragarria dela.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko azaroak 13

    La paz y convivencia solo es posible desde el cumplimiento de la Constitución, cuya bandera sistemáticamente está ausente de los actos del Gobierno vasco incumpliendo así su artículo 4.2.
    Mientras la bandera de España/constitucional no esté en el lugar preeminente que le corresponde junto a la vasca, no es creíble hablar de paz ni de convivencia pues ni siquiera se parte de aceptar la realidad y la ley.

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)