Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón: “Emakumeen Genitalen Mutilazioa praktika zitala da eta barneratu egin behar dugu osasun arazo gisa eta emakume eta haurren eskubideen urraketa larri gisa”

2016.eko urriak 19

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darpón Sierra buru izan da gaur goizean Bilbon Osasun Sailak 2016 Berdintasunerako Foroaren barruan antolatutako “Emakumeen Genitalen Mutilazioa, osasun-sisteman gomendatutako jarduketak” jardunaldian.

 

Jardunaldiak profesionalak bildu ditu, batik bat Pediatriakoak, Erizaintzakoak, Ginekologiakoak, Familiako Medikuntzakoak, eta emagin eta Lehen Mailako Arretako langileez gain, Emakumeen Genitalen Mutilazioa egiten den herrialdeetatik datozen pertsonak zaintzen dituzten EAEko profesional sanitarioei eta soziosanitarioei jarduteko gomendatutako jarraibideen inguruan. Jarraibide horiek guztiak Eusko Jaurlaritzak aurten bertan argitaratutako Gidan jasota daude.

Hain zuzen, Osasun sailburuak Gida horren garrantzia azpimarratu du Euskadiko Osasun Sisteman Emakumeen Genitalen Mutilazioa  prebenitzeko eta detektatzeko tresna gisa, praktika horien mende dauden emakumeei eta neskatxei arreta-ekintza eraginkorrak erraztuz eta, bereziki, gure erkidegoan bizi diren neskatxa gehiago EGMaren biktima izatea ekidinez.

Jon Darpónek bere hitzaldian nabarmendu duenez, arlo horretako edozein esku-hartzek “Emakumeen Genitalen Mutilazioa emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpentzat hartu behar du eta, beraz, emakumeen ahalduntzea azpimarratu behar du prebentziorako estrategia gisa, eta arazoa osasunaren ikuspegitik soilik ematea saihestu. Aldi berean, ihes egin behar du herri, komunitate eta familien estigmatizaziotik eta, aitzitik, ezagutza eta sentsibilitatea sustatu praktika mota hori zer testuingurutan gertatzen den ulertzeko, horiek jasaten dituztenen birbiktimizazioa ekiditeko”.  

Baina, gaineratu duenez, generoaren zeharkako ikuspegi hori aplikatzea bezain garrantzitsua da “diziplinarteko koordinazioa Osasun Sistemako profesional guztien artean eta lankidetza erkidegoko beste eragile batzuekin (hezkuntza-sistema, gizarte-sistema, sistema judiziala, elkarteak, etab.); osasungintzako profesionalen trebakuntza espezifikoaz gain.

Esparru horretan, bi motatako prebentziozko jarduketak abian jartzea nabarmendu du. Batetik, arrisku-faktoreen arabera ezarritakoak, eta horien artean Prebentziozko Konpromisoa sinatzea nabarmentzen da. Dokumentu horren bidez, adin txikikoaren arduradunek idatzizko konpromisoa hartzen dute haren genitalen mutilazioa ekiditeko, jatorrizko herrialdera bidaiatu aurretik, eta itzulitakoan neskatxa berriz osasun-zentrora eramateko. Eta bestetik, detekzioko eta esku hartzeko puntuen arabera hartzen direnak; hots, ginekologia eta obstetriziako zerbitzuak, erditzeko unea barnean hartuta; lehen mailako arreta-zerbitzuak, barnean hartuta pediatria eta erizaintza pediatrikoa, familia eta komunitateko medikuntza, erizaintza eta emaginak; eta gizarte-zerbitzuetako langileak eta koordinazioa beste eragile batzuekin, denek ere jardunaldi honetan parte hartu dutenak.

Gaur egun, EAEn, Emakumeen Genitalen Mutilazioa egiten den herrialdeetatik datozen pertsonak 11.000 inguru dira, eta herrialde horietatik datozen 0 eta 14 urte arteko neskatxen arrisku-kolektiboa 1.000 neskatxa ingurukoa da.

 

Bilbo, 2016ko urriaren 19a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)