Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Betion zerbitzuak gripearen kanpainari buruz informatzen du eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei txertoa euren etxeetan jartzeko aukera errazten du

2016.eko urriak 19

Euskadin 65 urtez gorako herritarren % 60k jartzen du txertoa. betiON zerbitzuaren erabiltzaileen artean kopuru hori % 70etik gorakoa da, telelaguntzako zerbitzu honek kanpainari eskainitako laguntzari esker. Laguntza hori aurten bosgarren urtez jarraian emango da.

betiON telelaguntzako zerbitzu publikoak bat egiten du Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak aurten ere sustatzen duten gripearen aurkako txertatze-kanpainarekin. Horretarako, zerbitzu hau eskaintzen duten profesionalek betiON-en 42.000 erabiltzaile baino gehiagori txertatze-kanpaina berriari buruz informatiko diete, eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonek txertoa euren etxeetan jar dezaten erraztuko dute.

Izan ere, betiON zerbitzua erabiltzen duten 42.000 lagun pasatxoetatik 4.000 inguru, mugitzeko arazoak dituztelako, etxetik ateratzeko zailtasunak dituzten pertsonak bezala sailkatuta daude. Lankidetza-esparru honen barruan, pertsona horiekin harremanetan jarriko dira modu pertsonalizatuan –haien zailtasunak kontuan hartuz– eta txertoa jartzeko erraztasunak emango zaizkie, baldin eta txertoa jarri nahi badute.

65 urtez gorako pertsonek, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonekin eta haurdun dauden emakumeekin batera, gripea gaixotasun larri –konplikazioak eragin ditzake eta, batzuetan, heriotza ere bai– bihurtzeko arriskua duten taldeetako bat osatzen dute. Gripea urtero errepikatzen den osasun publikoko arazo nagusietako bat da, eta, txertoa, arazo horri aurre egiteko tresna eraginkorrena. Horregatik, arrisku-talde horietan dauden pertsonek, Osasun Txartela gainean dutela, euren ohiko Osasun Zentrora joan eta txertoa jar dezakete. Hala ere, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da.

Euskadiko 65 urtez gorako pertsonen ia % 10a Telelaguntzako Zerbitzu Publikoaren erabiltzaile da. Osasun Sailak egindako biztanleria mailakatzearen arabera, Telelaguntzako herritarren % 60k gutxienez 7 patologia kroniko ditu.   Hortaz, txertatze-kanpainari buruzko informazioa adineko pertsonen kolektibora iristeko ekimen estrategikoen artean bat gehiago bezala aurkezten da betiON-ek kanpainan eskainitako laguntza. Horretarako, urriaren 17tik –astelehena– hasita eta kanpainak iraun bitartean, betiON-en telelaguntzako zentrala –telefono bidezko arretarako bertako profesionalen bitartez– ia 42.000 erabiltzaileekin jarriko da harremanetan txertoa jartzearen komenigarritasunari buruz informatzeko. Gainera, mugitzeko arazoak dituztenen eta txertoa etxean jarri behar dietenen kasuan, Osakidetzako erizaintzako profesionalarekin harremanetan jartzen lagunduko die, euren erizainarekin telefono bidez hitzordua adostuz.  

betiON zerbitzuak burututako kanpainak bi fase ditu. Lehenengoa informatiboa izango da, eta, bigarren fasea, oroitzekoa –txertoa oraindik jarri ez duten pertsonentzat–. Hortaz, 2 hilabete inguruko epean 80.000 dei baino gehiago egingo dira.

Osakidetzaren eta betiON zerbitzuaren arteko lankidetzak 5. kanpaina du aurtengoa. Horrek, koordinazio soziosanitarioaren alde Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Osasun Sailak egindako apustu argia erakusten du. Koordinazio hori bereziki garrantzitsua da adineko pertsonen kasuan.

betiON-ek zerbitzu integrala eta pertsonei begira eskainitakoa ematen du, gainerako zerbitzu publikoekin koordinatuta. Zerbitzuari buruzko informazioa jaso eta zure eskaera egin dezakezu 012 telefonora hots eginez edo, internet bidez, www.gizartelan.ejgv.euskadi.net webgunean sartuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)