Berriak Osasuna
Eu

Gurutzetak haurrentzako onkologia arloa Irudizko Baso bihurtu du

2016.eko urriak 17

«Irudika ezazu basoa» proiektuak basoa –animaliak, zuhaitzak eta bide-seinaleak barne– gogorarazten duen ingurunera daramatza onkologiako tratamendua hartzen ari diren neska-mutilak. Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIren eta Aladina fundazioaren arteko elkarlanaren emaitza da proiektua. Fundazio horrek ordaindu du proiektua. Hemendik aurrera, Haurrentzako Onkologiako seigarren solairuak eragin positibo hori izango du, eta, dekorazioaren bidez, pazienteen arlo emozionala hobetzen lagunduko du. 

 

Gaur goizean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Aladina fundazioak proiektua aurkeztu dute instalazioetara egindako bisitan. Fundazioaren aldetik, haren presidentea Paco Arango eta Isthar Espejo zuzendaria izan dira. Ospitalearen aldetik, berriz, zuzendari kudeatzaile Santiago Rabanal doktorea, Haurrentzako Onkologiako unitatearen arduradun Miguel García Ariza doktorea eta unitate bereko Erizaintzako gainbegirale María Jose de la Serna izan dira. Elkarrekin nabarmendu dute proiektua garrantzitsua dela umeen tratua, erosotasuna eta abegi ona hobetzeko. Santiago Rabanalen hitzetan: «aurrerapen bat gehiago da harro sentiarazten gaituen humanizazio-proiektuan».

Asistentzia-aldean, ezaguna da eremuak eta dekorazioak eragin positiboa dutela pazienteen hobekuntza emozionalean. Pediatriako pazienteei dagokienez, eragin are adierazgarriagoa du agian. Osasun-zentroaren Berrikuntza Irekiaren eta Erantzukizun Sozial Korporatiboaren estrategiari esker, Aladina fundazioak eta ESIk aurretiaz elkarlanean jardun dute jada, eta erronka berri honi heldu diote orain haurrentzako onkologian humanizazioa erdiesteko. Urtean 475 ospitaleratu inguru ditu unitateak. 

«Irudika ezazu basoa» proiektuak Haurrentzako Onkologiako instalazioak irudizko baso bihurtu ditu, non edozein bazterretan edo zuhaitz ororen atzean, umeen arreta erakarri nahian, basoko animalia txiki eta atseginak azaltzen diren, horri esker asistentzia-tentsioa murriztearren. Eremu horretan altzari berriak ere badaude, egonaldia erosoagoa izan dadin pazienteentzat zein senideentzat. Hori guztia sormenezko pinturari eta biniloei esker.

Aladina fundazioak Haurrentzako Onkologiako eremuak humanizatzeko proiektu bat, hark bultzatu eta ordaindua, babesteko interesa helarazi zion gure erakundeari. WALLARTek (arte muraleko enpresa) eremuak hobetzeko arte-interbentzioa garatzeko interesa ere agertu zuen. Horrenbestez, bi erakundeok harremanetan jarri genituen indarrak batzeko eta baterako interbentzioa garatzeko. IKEArekin izandako lankidetza kontuan hartuta, halaber, interbentzio berri honetan parte hartzeko eskaera ere egin genion, eraldaketari ekiteko behar zen diseinuaren eta altzarien ikuspegia eman zezan.

Ospitaleko Pediatriako Onkologiako arloko interbentzioak itxaroteko eremua, pasilloak eta gelak hartu ditu barnean. Wallart enpresa arduratu da sormenezko muntaketaz, pinturaz eta biniloez, eta IKEA enpresa altzariez. Hori guztia Aladina fundazioak ordaindu du.

 

OSI ESKERRALDEA ENKARTERRI GURUTZETA

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau