Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak Aia-Orioko trenbide saihesbide berria inauguratu du

2010.eko urriak 18

Hurrengo hilabeteetan martxan egongo da geltoki azpian eraiki den aparkalekua eta oinezkoentzako igarobidea jarriko da N-634 errepidearen gainean, igogailuekin, geltokira heldu ahal izateko.

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Aia-Orioko trenbide saihesbidea inauguratu du gaur goizean. Lan horren barruan 1.635 metroko zatiaren bikoizketa, trenbide pasagune bat kentzea eta Bilbo-Donostia lineako erabiltzaileentzat erabat erabilerraza izango den geltoki berriaren eraikuntza sartzen dira.                                                                                                                                                                                                                                                   

Arriolarekin batera Aiako eta Orioko alkateak egon dira ekitaldian, Igor Iturain eta Jon Redondo, eta baita Euskal Trenbide Sarea erakunde kudeatzaileko eta Eusko Trenbideak operadoreko arduradun nagusiak ere. Arriolak adierazi du azpiegitura hori martxan jartzea, Zumaia-Donostia igarobidean maiztasunak eta zerbitzua hobetzea lortzeko lehenengo, baina ezinbesteko, pausoa  dela.                                                                                                                                                                                                                                                   

Helburu horrekin, Garraio Sailak, ETS-ren bitartez, Lasarte-Errekalde-Añorga zatiaren bikoizketa lanak eta Zumaia inguruan dagoen Oikiako bazterbidearen eraikuntza ari da burutzen. Gainera, Usurbil-Lasarte zatiko eraikuntza proiektua idazten ari dira.                                                                                                                                                                                                                                                      

Segurtasun gehiago, zerbitzu hobea

Trenbidearen saihesbidea inauguratzean, beste ezer baino lehen, behin betiko kenduko da Aia eta Orio herriak lotzen dituen GI-3710 errepideko trenbide pasagunea, eta horrek indartu egingo du oinezkoen, gidarien eta baita EuskoTrenek ustiatzen duen erabiltzaileen segurtasuna. Horrez gain, zerbitzua hobetu egingo da, geltoki moderno eta erabilerrazaren bitartez.

Saihesbidean, egungo linearen Hegoaldean, egingo den trenbide trazatu berriaren ondorioz, 577 metro luze (17 bao) izango den bidezubia eraiki beharko da, Trenbide Pasagunea kendu izanaren ondorioak konpontzeko eta Santiagoko Errekako Paduretako hezegunean sortutako eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Saihesbide berriari amaiera emateko 190 metro luze izango den tunela egingo da.

Euskadiko metro bateko zabalerako luzeena den bidezubiaren gainean, 80 metroko luzera erabilgarridun erdiko nasa izango duen geltoki altxatua ari dira eraikitzen. Momentuz, kaleko kotatik geltokirako sarrera zuzena emango duen igogailua izango du.      

Trenbide jarduketak  21,5 milioi euroko aurrekontua du.                                                                                 

Hurrengo hilabeteetan, kanpoaldeko bi igogailu eraiki eta instalatuko dira, eta geltoki berriko eraikinarekin zuzenean lotuko duen N-634 errepidearen gaineko igarobidea muntatuko da, Oriotik datozen pertsonek aipaturiko errepide hori gurutzatu behar ez dezaten.

Horrez gain, geltokiaren inguruan, 55 plaza eta pertsona urridunentzako beste bi plaza, izango dituen bidezubi azpiko aparkalekua egokitzeko lanak egingo dira.

Oraindik amaitu gabe dauden beste lanetako batzuk, jada erabiltzen ez diren trenbide instalazioak kentzea izango dira, GI-3710 errepideko trenbide pasagunea barne; Ekialdeko edo Donostia aldeko ahokaduraren tunel faltsua betetzea eta berriro ere landatzea; eta trenbideak libre utzi dituen lurretan aurreikusi den N-634 errepideko zatia eraikitzea, Oriako itsasadarrerantz zabalduz, Giorza errekaren gaineko zubia zabaltzeko 2. fasea barne.

Teknikariek erabiltzen dituzten aurreikuspenak kontuan izanik, lan horiek guztiak 2011ko udaberrirako egongo dira amaiturik.

Trenbidearen saihesbidearekin paraleloan, gaur egungo trenbidetik libre geratuko diren lurren zati bat hartuz, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanaren ondorioz, Oriako itsasadarraren gainean bidezubia izango duen saihesbide berria eraikiko da. Horrela, ibilgailuek ez dute Orioko hirigunea zeharkatu behar izango.

Laburbilduz,  Jaurlaritzak bultzaturiko Donostialdeko Metroaren proiektuari esker, Zumaiatik, Zarautzetik edo Oriotik datozen pertsonak zuzenean sartu ahal izango dira Donostia erdialdera, trazatu berriaren bitartez. Trazatu berri horrek geltokiak aurreikusten ditu Unibertsitateko campusaren inguruan, Ondarretan, Erdialdean eta Errondon. Horrez gain RENFErekin konbinatzeko trukagune bat egongo da Loiolako Erriberetan, eta geltoki berriak Loiolan, Intxaurrondon, Herreran, Altzan, Pasaian, Fanderian eta Oiartzunen; aireportuan geralekua izango duen adar berria Irun eta Hondarribia artean; eta tailer eta kotxetegi berriak Arasoko industrigunean. Inbertsio osoa 172 milioi eurokoa izango da

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero de Vivienda, Obras Públicas y Transportes, Iñaki Arriola