Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

Euskararen hazkunde jarraitua hazi ez ezik areagotu ere egin da, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera

2016-10-14
  • Eusko Jaurlaritzak euskal gizartea zoriontzen du euskararekiko konpromisoagatik, baina erne jarraitzeko eskatzen dio. Bada erronka berririk
  • 16 urte edo gehiagoko biztanleen %33,9 euskalduna da, duela 25 urte baino %9,8 gehiago (%24,1 ziren 1991n)
  • Euskaldunen hazkunderik handiena gazteen artean ari da gertatzen: 16-24 urte bitarteko gazteen artean %71,4 dira euskaldunak; %25 ziren 1991n
  • 16 eta 24 urte bitarteko euskaldunen %53,9k etxetik kanpo ikasi dute euskara: eskolan edo euskaltegian
  • Euskararen erabilerak hazten jarraitzen du. %30,6k erabiltzen dute: %20,5ek erdara beste edo gehiago eta %10,1ek erdara baino gutxiago erabiltzen dute
  • Euskararen erabilera %7,9 hasi da 25 urteotan
  • 25 urtean lehen aldiz hazi egin da euskararen erabilera etxean, gutxi bada ere: 2011n baino %1,8 gehiago erabiltzen da 2016an
  • Euskararen aldeko jarrera gora doa gizartean, eta kontrakoa behera, bereziki azken 5 urteetan
  • Patxi Baztarrikaren esanetan “hazkunde baten kronika da euskararena. Euskal gizarteak badu pozik eta harro egoteko motiborik”.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendari nagusiarekin eta Mathieu Bergé Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko presidentearekin batera, VI. Inkesta Soziologikoaren EAEko emaitza nagusiak aurkeztu ditu gaur goizez Donostian. Izan ere, seigarren edizio honetan Inkesta Soziolinguistikoak duen berritasun nagusietako bat hortxe baitago: aurten lehen aldiz, hiru lurraldeetako herri-aginteek elkarrekin egin eta finantzatu dute inkesta hau. Nafarroako inkestaren emaitzak laster aurkeztuko dira, landa-lana egina baitago, eta Iparraldekoak berriz, 2017 urte hasieran ezagutuko dira.

Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoak, lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna; hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan); eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. 1991n egin zen lehen aldiz Inkesta Soziolinguistikoa, beraz, 2016ko edizio honetan 25.urteurrenera iritsi da, eta hortik ere badator inkesta honen garrantzi berezia: euskararen gaur egungo egoeraren berri emateaz gain, azken 25 urteetako bilakaera ere erakusten baitigu.

16 urte edo gehiagoko EAEko biztanleak: 4.200 inkesta

Inkesta Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartzen du kontuan. Adin horretatik beherako gazte eta haurrak inkestatik kanpora gelditzen dira. Gaur egun, ahaztu ezinezko datua da 16 urtetik beherakoen adin tartea dela pisu handiena duena euskararentzat: EAEko 16 urtetik beherako biztanleen %81 euskalduna da (240.000 herritar inguru).

2016ko Inkesta Soziolinguistikoak 8.200 inkesta jasotzen ditu, orain arte egin den inkesta-kopururik altuena. Horietatik 4.200 EAEn, 2.000 Nafarroan, eta 2.000 Iparraldean. EAEko landa-lana Siadeco enpresak egin ditu, 2016ko apirila eta maiatza bitartean.

Eskerrak gizarteari hazkundeagatik; erronkei heldu autoatseginkerian erori gabe

VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutarazi ondoren, Patxi Baztarrika sailburuordeak azpimarratu du “25 urtez luzatu den hazkunde jarraitua eta konstantea” erakusten duela inkestak. “Gainbehera zihoan hizkuntza biziberritze bidean jarri eta bide hori etenik gabe egin dela ikusten da, argi eta garbi”.

Hazkunde hori faktore askori zor zaiola azaldu du sailburuordeak. Baina guztien gainetik bat nabarmendu du, “guztien gainetik dagoena: herritarren gogoa. Gizarte honen proiektu kolektiboa delako egin du euskarak aurrera. Gizarte osoaren meritua da”. esan du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren izenean zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkio euskal gizarte guztiari, “bera delako hizkuntza aldaketa honen protagonista nagusia”.

Baina inkestak, hazkundearekin batera, erronka berriak eta hobekuntzarako arloak ere bistaratu ditu, Baztarrikaren esanetan. “Arriskutsua da gizarte honen ahaleginarekin euskarak  25 urteotan egin duen aurrerakada ikaragarria bere neurrian ez onartzea eta ez baloratzea. Gizarte honek badu pozik eta harro egoteko eskubide eta motiborik euskararekin egin duena ikusita. Baina arriskutsua da egindakoaren handitasunak eginkizun duguna estaltzea edo lausotzea ere. Arriskutsua genuke euskararena egina dagoela sinestea. Urteotako energia sozialari eta konpromiso politikoari eutsi behar zaie, politika positiboak bultzatzen jarraitu, errazena ez baita aurrera egitea: errazena gaur egungo euskara eta gaztelaniaren arteko desoreka kronifikatzea eta atzera egitea da”, azaldu du.

Horregatik, amaitzeko, autoatseginkerian erortzearen arriskuaz ohartarazi du Baztarrikak. “Erne jarraitu behar dugu, eta ezin dugu autoatseginkerian erori, beti antzua baita. Behar dugu kontsolidatu egindako aurrerakada eta aurrera jarraitu erronka berriei erantzun berriak emanez. Eta hori ere denok egin behar dugu”.

 

*2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak xehetasun handiagoz ezagutzeko, grafiko konparatibo eta guzti, ikus atxikitako PDF dokumentua. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mathieu Bergé (EEP), Mikel Arregi (Nafarroako Gobernua)