Berriak Osasuna
Eu

2015ean 632 kasu berri detektatu ziren Osakidetzako bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programari esker

2016.eko urriak 14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Detekzio goiztiarrak biziraupena luzatzen du, eta bularreko minbiziak eragindako emakumeen % 82k bularreko tratamendu kirurgiko kontserbadorea jaso ahal izan dute.

Osasun Sailak jarraitu egingo du abian jarri zenetik, 21 urtean, 8.005 minbizi-kasu detektatu dituen BMDGPri laguntzen eta baliabideak ematen.

Datozen asteotan jarriko da abian Urdulizeko Ospitalean detekziorako eta baloraziorako unitate berria Uribe ESIko emakumeak artatzeko.


2015ean bularreko minbiziaren 632 kasu berri detektatu ziren Osakidetzako Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren bidez, kasu horietako gehienak hasierako faseetan, gainera, eta horri esker minbiziak eragindako emakumeen % 82k jaso ahal izan dute tratamendu kontserbadorea.

Bularreko minbizia tumore gaizto ohikoena da Euskadiko emakumeen artean, bai eta heriotza gehien eragiten dituena ere. Hala ere, azken datuen arabera, biziraupen-tasa gero eta handiagoa da, % 87,4koa, alegia, eta emakumeengan duen eragina gero eta txikiagoa; izan ere, prozesuaren fase guztietan, bai baheketa-prozesuan bai diagnosia berrestekoan, Osakidetzaren Programan sartu diren baliabide asistentzial berriei eta aurrerapen garrantzitsuei esker eta eskaintzen den diziplina anitzeko arretaren bidez garaiz detektatzen da eta tratamendu pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta hain inbaditzaileak ez direnak bermatzen dira.

Horrela bada, 21 urte hauetan Osakidetzako Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren (BMDGP) bidez –eta parte-hartze indize bikainak izan ditu– 8.005 minbizi-kasu detektatu ahal izan dira, eta gehienak fase oso goiztiarretan. Urte hauetan 2.170.988 hitzordu egin dira, berdintasun-baldintzetan, eta guztira 1.746.535 mamografia.

Urriaren 19a bularreko minbiziaren mundu eguna izango dela eta, bularreko minbiziak eragindako emakumeen Katxalin elkarteak Donostian antolatu duen prentsaurrekoan parte hartu du gaur goizean Osasuneko sailburu Jon Darpónek, eta bertan eskerrak eman dizkie minbiziak eragindako emakumeen elkarteei eta emakume horien gertukoei egiten duten lanarengatik, eta Osakidetzako profesionalei eguneroko lana eta bularreko minbiziari eskaintzen dioten arreta eskertu die.

Osakidetzako Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programak duen garrantzia nabarmendu du prentsaurrekoan Osasuneko sailburuak, eta esan du berdintasun baldintzetan lagundu duela gaixotasun honen heriotza-tasa jaisten, garaiz detektatzea delako minbiziari aurre egiteko dagoen prebentzio-neurri bakarra. Alde horretatik, adierazi du Osasun Sailak konpromiso sendoa duela hartuta programa honekin eta Osakidetzak gaur egun dituen prebentzio-programa guztiekin, eta horien aldeko apustua egiten jarraituko duela, eta, horretarako, programara sarbidea berdintasun baldintzetan izatea eta kalitatezko arreta integrala jasotzea bermatuko da, aukera diagnostiko eta terapeutiko onena eskainiko da eta arreta-baliabideak koordinatzea ahalbidetuko da.

Iaz, esate baterako, ia 5,5 milioi euro bideratu ziren baheketa-fasera, eta 435.000 euroko inbertsioa egin zen bi mamografo digital eta egokigailu digital bat erosteko.

Bestalde, laster da irekitzekoa detekziorako eta baloraziorako unitate berri bat Urdulizeko Ospitalean Uribe ESIko emakume guztiei arreta emateko.


OSAKIDETZAKO BULARREKO MINBIZIAREN DETEKZIO GOIZTIARREKO PROGRAMA

Bularreko Minbizia Detektatzeko Programa 1995eko azaroan jarri zen martxan Osakidetzan, zehazki Araban eta Deba Garaian, eta 1997an hedatu zen Euskadiko gainerako lekuetara.

50 eta 69 urte bitarteko emakumeentzat da, eta 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak ere sartzen dira, emakume horien lehenengo graduko familiarteko batek bularreko minbizia izan badu; guztira Euskadiko 321.500 emakume (46.000 Araban, 173.500 Bizkaian eta 102.000 Gipuzkoan).

Martxan jarri zenetik 2016ko ekainera arte 2.170.988 hitzordu, 1.746.535 mamografia, 154.663 proba erradiologiko osagarri eta diagnostikoa berresteko 18.890 deribazio egin dira BMDGPren bidez, eta 8.005 minbizi-kasu detektatu dira.  

Hasieratik aurtengo ekainera arte BMDGPn parte hartu duten 419.763 emakumeen % 21,7k zituzten bularreko minbiziaren aurrekariak familian; % 10,8k lehen gradukoa, % 12,9k bigarren gradukoa, % 2k lehen eta bigarren gradukoa, eta % 0,4k lehen graduko 2 familiarteko edo gehiago zituzten bularreko minbiziak eraginda.


Baliabide asistentzialak  
Bularreko minbizia artatzeko eredua diziplina anitzekoa da, Bularreko Unitate Funtzionaletan eta Bularreko Batzordeetan oinarritzen da eta pazienteari arreta osoa eskaintzera bideratuta dago.

BMDGPk kudeaketa-unitate bat, 10 baheketa-unitate, 6 balorazio-unitate eta erreferentziako 7 ospitale ditu, eta horietako Bularreko Batzordeek ezartzen dituzte, astero egiten dituzten saio klinikoetan, diagnostikorako eta terapiarako jarraibideak eta lesio susmagarrien jarraipena.  

Datozen asteotan jarriko da abian Urdulizeko Ospitalean detekziorako eta baloraziorako unitate berria Uribe ESIko emakume guztiak artatzeko.

Erantzun-denbora
Jarduera batetik besterako erantzuteko batez besteko denborari dagokionez, betetzen dira programaren helburuak.  Zehazki, 6 egun izan dira mamografia egiten denetik dagokion gutun-txostena bidali arte; 9 egun izan dira proba erradiologiko osagarria egin arte; 4 egun balorazio diagnostikoa egiten denetik erreferentziako ospitalean hitzordua ematen den arte, diagnostikoa berresteko beste proba batzuk egin behar izan direnean; eta 31 egun erreferentziako ospitaleko bularreko patologien unitatean hitzordua ematen denetik tratamendua hasi arte, eta tarte horretan diagnostikoa egiteko prozesu osoa dago sartuta (zitologia, orratz lodi bidezko biopsia, mamotomia, ganglio zelatariaren teknika, operazio aurrekoa eta beste batzuk).

Txertatutako aurrerapenak
Programa abian egon den 21 urte hauetan prozesuaren fase guztietan egin dira aurrerapenak, bai baheketa-fasean bai diagnostikoa berrestekoan bai tratamenduan.

Mamografia digitalak, esate baterako, analogikoa ordezkatu du, eta diagnostiko-teknika berriek, hau da, mamotomiak eta orratz lodi bidezko biopsiak, baztertu egin dituzte neurri batean biopsia kirurgikoak.  

Programak erabiltzen dituen mamografo guztiak dira digitalak, eta horrek nabarmen hobetzen du egiten diren azterketen kalitatea.

Bestalde, ganglio zelatariaren teknika ere sartu du Osakidetzak, eta teknika horri esker jakin daiteke gaixotasuna galtzarbeko ganglioetara hedatu den, eta, ondorioz, galtzarbeko kirurgia saihestu daiteke kasu askotan, bai eta ondorengo arazoak ere.

Azken berrikuntza test genetikoak izan dira, eta horiei esker, hautatutako kasuetan, banaka identifika daiteke kimioterapia ematea komeni den ala ez, eta kasu batzuetan ez da ematen.  

2015eko gogobetetze-inkesta
2015ean parte hartu zuten emakumeei egindako gogobetetze-inkestaren arabera, emakumeen % 97,7 gustura zeuden programarekin oro har, eta gorantz jarraitu zuten, beraz, aurreko inkestetan izandako emaitza bikainek.
 
Programan parte hartzen duten emakume guztientzat dira oso garrantzitsuak edo nahiko garrantzitsuak dimentsio guztiak. Gehien aipatzen dena osasun arloko langileen profesionaltasuna da, eta bigarrena Programaren antolakuntza eta tratua.  
 
Era berean, familiarteko zuzenen artean bularreko minbiziaren aurrekariak zituzten 50 urtetik beherako emakume ia guztiei (% 98) iruditu zitzaien ongi programan parte hartzeko “gonbidapen-gutuna” bidali izana.  
 
Proba diagnostikoak egiteko erreferentziako ospitalera bideratutako emakumeek adierazitako gogobetetasunari dagokionez, % 97,5 gustura zeuden ospitaleko esperientziarekin. Gogobetetasuna orokorra da erreferentziako zazpi ospitaleetan, eta ez dago alderik diagnostikoaren arabera (onbera edo gaiztoa) definitutako bi paziente-taldeen artean.
 
2015eko edizioan serie guztiko (1999-2015) gogobetetze orokorrik handienera iritsi gara Erreferentziako Ospitale Fasean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)