Berriak
qrcode

Lehendakariak harrera egin die Gaztemundun parte hartzen duten Euskal Etxeetako gazteei

2016-10-13

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur goizean elkartu da Argentina, Txile eta Estatu Batuetako Euskal Etxeetatik Gaztemundu programaren aurtengo edizioan parte hartzera etorri diren 24 gazteei. Lehendakaritzan izan da ekitaldia eta bertan izan dira, gainera, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria.

Basque Country estrategiaren barruan sartzen da Gaztemundu programa; 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak helburu bikoitzarekin, batetik, diasporako gazteei gaur egungo Euskadiren errealitatearen alderdi guztiak ezagutzera emateko eta, bestetik, belaunaldi berriei euskal etxeetako bizitzan aktiboki integratzen laguntzeko.

 Xede horrekin, euskal etxeetako gazteek 15 eguneko egonaldia egin ohi dute Euskal Herrian, bertan bizi diren eta bertan lan egiten duten pertsona, erakunde, antolakunde eta enpresekin harremanetan jartzeko eta Euskadi barruko eta kanpoko gazteen arteko kontaktu-plataformak sortzeko.

 Aurtengo programak Euskal Gastronomia izan du ardatz, sektore horrek Euskadin nahiz kanpoan bizi diren euskal komunitateetan duen garrantzia kontuan izanda. 

Euskal gastronomiari buruzko hainbat alderdi ezagutzeko masterclass ikastaro bat egin dute gazte horiek Basque Culinary Center-en.  Gainera, Euskadin egin duten egonaldian zehar bisitak ere egin dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko gastronomia-leku enblematiko batzuetara.

Harrera-ekitaldian, lehendakariak azpimarratu du euskal gastronomia Euskadiren erakargarririk handienetako bat bihurtu dela, pisu hazkorra izanik Euskadiren ehun ekonomikoan.

“Amamaren sukaldetik profesionalizatzera pasatu gara eta gaur munduko lehen lerroan aurkitzen gara sektore honen kalitatean eta berrikuntzan. Arro sentitzen gara usadio bat eguneratu dugulako eta euskaltasuna munduan zehar zabaltzeko tresna bihurtu dugulako”, aipatu du.

Iruzkin bat
  • Argazkia erabiltzaile
    ana
    2016-10-13

    me alegro tanto @iurkullu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)