Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik nekazaritzako elikadura katearen kontrol ofiziala hobetzen du

2016.eko urriak 10

Plana euskal erakunde guztien adostasunarekin sortu da, eta Eusko Jaurlaritzak onartu du, Elika Fundazioaren aholkularitzarekin.

Funtsezkoa izango da nekazaritzako elikakatearen kontrol ofizialak koordinatzeko eta hobetzeko, arlo horretako agintaritza eskudun guztientzako lan-sistema bateratu bat ezarri baitu.

Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du EAEko Nekazaritzako Elikadura katearen Kontrol Ofizialaren 2016-2020ko Plana arautzen duen Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuak emandakoa. Agindu horrek, hain zuzen, elikagai eta pentsuen segurtasunari eta kalitateari dagozkion arauak betetzen ditu, baita arlo horretan diharduten EAEko agintaritza guztien arteko koordinazio-behar bereziak ere.

Plana Nekazaritza eta Elikadura Politikaren 17/2008 Legeari jarraikiz jarri da martxan, eta aurrerabide handia ekarri du administrazioek nekazaritzako elikakate osoan egiten diren kontrol ofizialak integratzeko gauzatzen duten lankidetzan eta koordinazioan. Hala, planaren bidez zenbait hutsune aurkitu dira esparru horretan, eta kontrol ofizialerako erabil daitezkeen baliabideak optimizatzea lortu da.

Plana osatzeko, elkarlanean aritu dira Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Saila, foru-aldundietako nekazaritza- eta abeltzaintza-sailak eta Elika Fundazioa. Metodologia erabat parte-hartzailea erabili dute, eta 40 pertsonatik gora aritu dira, lantaldeak osatuta.

Elkarlan horretatik, bada, agiri erabilerraza eta praktikoa sortu da, gaia nahiko konplexua izanagatik.

Euskal errealitatera egokitua
Planak nekazaritzaren, abeltzaintzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreei eragiten die. Europako lege-esparrua eta Administrazio Zentralak ezartzen dituen oinarriak errespetatzen ditu, baina, hori bai, EAEko elikagaien ekoizpen-sistemen errealitatera eta erkidegoko administrazioaren egitura berezietara egokituta dago.

Planak, zehazki, azaltzen du zer-nolako kontrolak egiten diren elikagai eta pentsuen segurtasunarekin, animalia-osasunarekin, landare-osasunarekin, animalia-ongizatearekin, giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuekin, elikagaien kalitate komertzialarekin eta bereiziarekin eta nekazaritza ekologikoarekin lotutako legeria betetzen dela egiaztatzeko.

Ikuspegi aurreratua

Kontrol ofizial horien helburua da arriskuak gertatu baino lehenago detektatzea eta ezabatzea. Hori dela eta, kontrolak zehatz-mehatz planifikatzen dira, analisi zorrotz batean oinarrituta. Gainera, kalitate gorenaren, eraginkortasunaren, efizientziaren eta proportzionaltasunaren irizpideei jarraituz egin behar dira kontrolak, eta, aldi berean, malgu jokatu behar da, tokiko eta kalitatezko produktuak ekoitzi eta merkaturatzen dituzten operadore txikiei irauteko eta sustatzeko modua emateko, betiere higieneari, ingurumenari eta animalia-ongizateari dagozkien arauak beteta.

Plana bost urtez egongo da indarrean (2016-2020), bat etor dadin Europako estrategiekin eta Elikakatearen Kontrol Ofizialerako III. Plan Nazionalarekin. Horrela, denbora nahikoa egongo da beharrizanak modu objektiboan aztertzeko eta lehentasunak ezartzeko, baita aurreikusitako lan guztiak egiteko ere.

Planaren testu osoa hemen eskura daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)