Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak motorzaleei zuzendutako segurtasunez gidatzeari buruzko ikastaro praktikoak antolatu ditu

2016.eko urriak 06
Barakaldon hilaren 15ean, larunbata, eta Donostian hilaren 16an, igandea
 
Joan den uztailean aurkeztu zen motorzaleei zuzendutako kontzientziazio-kanpainari jarraipena emateko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak segurtasunez gidatzeari buruzko bi ikastaro antolatu ditu Barakaldon eta Donostian, urriaren 15ean eta 16an hurrenez hurren. Izena ematea doakoa da. 
 
Kolektibo ahulenak babestea da 2015-2020ko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat. Ildo horretan, Trafiko Zuzendaritzak hainbat ekimen eta kanpaina zuzendu du motorzaleak kontzientziatzera. Uztailean gida hau eman zen argitara: “Motorzaleak. Arreta eta errespetua. Errepidea guztiona da” –gida horretan, bide-segurtasuna hobetzeko gomendioak eta adierazpenak jasotzen ziren–. Horrez gain, mezu bereko bi bideo ere argitaratu ziren, eta bideo horiek Trafiko zuzendaritzaren web-gunean zein Youtube kanalean ikus daitezke (https://www.youtube.com/user/TrafikoaEJGV). Bestalde, segurtasunez gidatzeari buruzko ikastaro bat egin zen Vitoria-Gasteizen.

“Datorren astean Bizkaian eta Gipuzkoan egingo diren saioek osatzen dute kontzientziazio-kanpaina honetan aurreikusten diren ekintzak –azaldu du Garbiñe Sáez Molinuevo trafikoko zuzendariak–.Motozikletetako gidariek beren burua behar bezala babestu behar dute, eta arrisku-egoerak saihestu behar dituzte. Kolektibo ahultzat jotzen ditugu; izatez, istripua gertatuz gero, lau gurpiletako ibilgailuetan bidaiatzen dutenak baino kalteberagoak dira.Ikastaro hauen bitartez, bide-segurtasuna sustatu nahi dugu eta, hartara, kolektibo horren ezbehar-tasa murriztu nahi dugu”.

Segurtasunez gidatzeko ikastaroak lau orduko iraupena du, eta bi zati ditu, prestakuntza teorikoa eta praktikoa. Ibilgailuaren ekipamenduari eta egoerari buruzko argibideak emango dira, baita maniobrei, galgatzeko teknikei, biratzeei, oinarrizko araudiari eta baldintza meteorologiko txarrekin gidatzeari buruzkoak ere. Teoriako lehen ordua amaitutakoan, parte-hartzaileak pistara joango dira, eta hiru orduz praktikatuko dituzte hainbat maniobra (geldirik egindakoak; slaloma; abiadura txikian gidatzekoak; biratzeak eta zortziak; galgatzeak eta ibilbideak). Izena ematea doakoa izango da, plaza kopurua osatu arte (40 Barakaldon eta 40 Donostian). Goizeko ordutegia (9:00etatik 13:00etara) edo arratsaldekoa (16:00etatik 20:00etara) aukera daiteke. Honako helbide honetan eman beharko da izena: escueladeconduccion@mutuamotera.org

Bederatzi motorzale hil

Aurten, gaur arte, Euskadin 32 pertsona hil dira trafiko-istripuen ondorioz; horietako bederatzi gizonezko motorzaleak ziren (zortzi gidari eta bidaiari bat). Joan den urteko aldi berean, zazpi gizonezko motorzale hil zen. Larri zauritutako motorzaleei dagokienez, gaur arte 67 pertsona zauritu dira larri, eta joan den urteko aldi berean 75 izan ziren.

2015ean, biktimak eragin dituzten istripuen % 14 izan dira motor-istripuak, aurreko urteetakoen antzeko ehunekoak. 2010ean % 13 izan ziren, 2012an % 12, 2013an % 11 eta 2014an % 12.

2015ean Euskadin guztira zortzi motorzale hil ziren, guztiak gizonezkoak. Horietako zazpi errepidean istripua izan zuten motozikleta-gidariak ziren eta bestea hiri-zonan istripua izan zuen ziklomotor bateko gidaria.

Motor-istripuan 108 pertsonak izan zituen zauri larriak (kopuru horretan gidariak, 101, eta bidaiariak, 7, sartzen dira). Zauri larriak izan zituzten pertsona horien % 90 gizonezkoak ziren. Motozikletak Euskadiko automobil-parkearen % 9,1 dira. Mota horretako ibilgailuen matrikulazioa nabarmen igo da azken hamar urteotan; izatez, 2006 eta 2015 artean % 64,3 hazi da. Lurralde Historikoen artean Gipuzkoak du 1.000 biztanleko tasarik handiena (74 Gipuzkoa, 44 Araba eta 42 Bizkaia).

Istripuak asteko zer egunetan gertatu diren aztertzen badugu, ikus dezakegu hildako hamar motorzaletatik seik asteburuan izan zuela istripua, eta larri zuritutako hamar motorzaletatik bostek. Istripuak bi ordutegi-zerrendatan, batik bat, gertatzen dira: eguerdian, 13:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara. Motozikleta batekin istripua izateko arrisku handieneko adin-tartea 25 eta 34 urte artekoa da. Motor-istripua izan dutenen erdiak baino gehiagok, % 52k, 25 eta 44 urte arteko gizonezkoak dira. Istripua izan duten hamar motorzaletatik bederatzi gizonezkoak dira.

Lau istripuetatik bat aurre-albokoa da

Errepidean gertatzen diren lau motozikleta-istripuetatik bat “aurre-alboko talka” da. Talka guztiak biltzen baditugu, ondoriozta daiteke motor-istripuen erdiak zirkulatzen ari diren beste ibilgailu batzuekin izandako talkak direla. Nabarmentzen da % 24 galtzadatik irtetearen ondoriozko istripuak direla (% 89 ezkerretik eta % 16 eskuinetik) eta % 3,7 galtzadan iraultzearen ondoriozkoak direla.

Lurralde Historikoen arabera, ikus daiteke Araban talken ehunekoa Bizkaikoa eta Gipuzkoako baino txikiagoa dela, baina galtzadatik irten direnen ehunekoa handiagoa dela. Izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan errepide tarte gehiago bideratzen da hiriguneetatik, eta mota horretako tarteetan ohikoagoak dira aurre-alboko talkak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)