Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Galeseko Gobernuak euskararen hurrengo hamarkadetarako hizkuntza-plangintzarekiko interesa azaldu du

2016.eko urriak 04
  • Galesko Gobernuak hurrengo hamarkadetarako hizkuntza-plangintza abiatu du, 2050 urterako galeserak milioi bat hiztun izatea helburu hartuta
  • Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak “Eta hemendik aurrera zer?” dokumentua azaldu du Cardiff-en, nazioarteko biltzar batean

Joan zen astean Korsikako Gobernuak antolaturiko mintegian parte hartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak hitzaldia eman du gaur goizez Cardiffen, Galesko Gobernuak gonbidaturik, “Milioi bat hiztun galeseraz 2050 urterako” izenburua daraman nazioarteko biltzarrean. Galesen ondorengo hamarkadetan gauzatuko den hizkuntza plangintza osatzeko abiatu duten hausnarketa prozesuren baitan kokatzen da Cardiff-eko mintegia. Galeseko Gobernuak hurbiletik ezagutu nahi izan ditu era honetan, bai Euskadiko esperientzia, eta baita Quebec-eko egoera linguistikoa ere. Horregatik, hizlari izan dira beste zenbait eragilerekin batera, Patxi Baztarrika sailburuordea Eusko Jaurlaritzatik, eta Rod Dumbar unibertsitate irakaslea Quebec-etik.

Biltzarrak buru izan du Galeseko Gobernuko Galesera eta Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Ministro Alun Davies. Honek, galesera biziberritzeko prestatzen ari diren Plan Estrategikoaren aurkezpena egin du goizeko saioa hasteko. Ministroaren ondoren, “Hizkuntza politika eta plangintza EAEn” izenburupean, euskarak azken 30 urteetan izan duen bilakaera azaldu du Baztarrikak, eta gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan zeintzuk izan diren ardatz nagusiak azaldu. Baina bereziki, “Eta hemendik aurrera zer?” dokumentuak ondorengo 20 urteetarako jasotzen duen planifikazioa azaltzeari eskaini dio denbora sailburuordeak, dokumentuaren erronka eta helburuak zeintzuk diren nabarmenduz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustaturiko dokumentu hori Euskararen Aholku Batzordearen baitan Sailburuordetzak lideraturiko prozesuan dozenaka pertsonaren parte hartze, askotarikoen eztabaida eta ekarpenekin osatu da, eta Euskararen Aholku Batzordeak onartu du aurten bertan, maiatzean, ahobatez. Orain artekoan, Eusko Jaurlaritzak onartu du, baita Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Bizkaiko “Euskara bizia” batzordeak ere”.

Hizpide izan den dokumentu horrek datozen 20 urteei begira Euskadin garatu beharko litzatekeen hizkuntza politikaren oinarri sendoak finkatzen ditu, euskara bi hamarkada barru orain baino biziagoa izateko helburuz. Biziberritze prozesu horretan sektore publikoa, ekimen soziala eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen du dokumentuak. Hitzaldian zehar, adostasun politiko eta sozialak prozesu horretan izango duen garrantzia azpimarratu du Baztarrika sailburuordeak.

Galeseko erakundeek gaurdaino euskara biziberritzeko burutu diren esperientziekiko interesa erakutsi dute, baina baita ondorengo urteetarako planifikazioarekiko ere, eurak burutzen ari diren plan estrategikoarekin erkaketa egin ahal izateko. Izan ere, gertaera bitxia badirudi ere, Galesen – 3,1 milioi biztanle inguru dituen herrialdean- galeserak milioi bat hiztun lortzea hartu dute helburu erakundeek 2050 urtea baino lehen, “Eta hemendik aurrera zer?” dokumentuak Euskadin – 2,2 milioi biztanle ingururekin-  2036rako duen helburu berbera. 

2050erako helburua: galeserak milioi bat hiztun

Galesko Gobernuak antolaturiko biltzarra, gobernu hori “Milioi bat hiztun galeseraz 2050 urterako” izenburu argigarriarekin atontzen ari den Plan Estrategikoaren inguruko hausnarketa eta parte-hartze prozesuaren baitan kokatzen da. Aipaturiko Plan Estrategiko horren zirriborroa Interneten dauka zintzilik gobernuak joan den abuztu amaieratik, Galeseko herritarren iritzi eta iradokizunak jaso ahal izateko. Urriaren 31ra arte izango dute irekita iradokizunak egiteko epea eta modua. Dokumentu horren ingelesezko bertsioa, esteka honetan irakur daiteke:

https://consultations.gov.wales/sites/default/files/consultation_doc_files/160729-consultation-doc-en.pdf

Cardiff-en gaurko egunean zehar antolaturiko biltzarrean 75 lagun ari dira parte hartzen, udal gobernuko ordezkariak, osasun alorreko arduradunak, Galeseko Gobernuaren hainbat sailetako funtzionario publikoak, unibertsitate eremuko kideak, nahiz gizarteko beste hainbat arlotakoak (kirolak, enpresa mundua, teknologian adituak…).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)