
Atzerriko hizkuntzako elkarrizketako 178 laguntzaile arituko dira ikasturte honetan Euskadiko ikastetxeetan
- 2016-2017 ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako ikasleei ere lagunduko diete
- Aste honetan zehar, elkarrizketa-saioak antolatu eta planifikatzeko prestakuntza jasotzen hasi dira
Atzerriko hizkuntzako elkarrizketako 178 laguntzailek egingo dute lan ikasturte berri honetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta aste honetan zehar dagoeneko ikasgeletan arituko dira jardunean. Batik bat, Batxilergoko eta DBHko ikasleekin arituko dira lanean, Bigarren Hezkuntzako institutuetan. Gainera, haietako batzuk Lanbide Heziketako ikastetxeetara edo hizkuntza-eskola ofizialetara ere joango dira. Nolanahi ere, ikasturte honetako berrikuntza nagusia da elkarrizketako laguntzaileak Lehen Hezkuntzako ikasleekin ere lanean hasiko direla.
Baina, ikasgeletan euren egitekoari ekin aurretik, gazteek prestakuntza-jardunaldi batzuetan parte hartuko dute Gasteiz, Barakaldo eta Donostiako hizkuntza-eskola ofizialetan, urriaren 4an, 5ean eta 6an, hurrenez hurren. Saio horietan, orientazioa jasoko dute elkarrizketa-eskolak planifikatu eta prestatzeko, eta euren zeregina arrakastaz betetzeko oinarrizko nozio metodologikoak emango zaizkie.
Euskal Autonomia Erkidegoan ikasturte honetan lan egingo duten elkarrizketako 178 laguntzaileetatik, 115 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finantzatzen ditu, eta gainerako 63ak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak. Kasu guztietan, ingelesa, frantsesa, alemana edo italiera hitz egiten duten herrialdeetako bertako pertsonak izango dira. Hizkuntzen arabera, honela daude banatuta:
- Ingelesezko elkarrizketako 152 laguntzaile
- Frantsesezko elkarrizketako 17 laguntzaile
- Alemanezko elkarrizketako 8 laguntzaile
- Italierazko elkarrizketako laguntzaile 1
Euskal Autonomia Erkidegoan, 14 herrialde hauetako elkarrizketako laguntzaileak jasotzen ditugu: Alemania, Australia, Austria, Belgika (frantsesa edo ingelesa), Kanada (frantsesa edo ingelesa), Estatu Batuak, Filipinak, Finlandia (ingelesa), Frantzia, Irlanda, Italia, Zeelanda Berria, Erresuma Batua eta Suedia (ingelesa).
Ahozkotasuna indartzea
Elkarrizketako laguntzailea lizentziadun berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea da bere jatorrizko herrialdean. Hari ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen. Beraz, elkarrizketako laguntzaileek irakasleei lagundu besterik ez dute egiten atzerriko hizkuntzako eskoletan, eta euren berariazko eginkizunak, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzera daude bideratuta. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta; baina, inoiz ez bakarrik.
Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek zuzendu ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikastean oinarritutako materialen prestaketa edo euren herrialdeko kulturaren irakaskuntza.