Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Afiliazioa hazi egin da berriz, langabeziak ere gora egin duen hilean, langabezia-tasa % 13,8an utzita

2016.eko urriak 04

Irailean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan 144.116 langabe zeuden erregistratuta, abuztuan baino 1.002 langabe gehiago. Kopuru horrek adierazten duenez, hileko igoera % 0,7koa izan da eta langabezia-tasa % 13,8koa. Urtetik urterako saldoak, alabaina, 11.306 langabe gutxiago utzi ditu, edo, bestela esanda, langabezia % 7,85 jaitsi da. Beraz, urtetik urterako jaitsiera-erritmoa moteltzen ari dela egiazta daiteke.

Afiliazioak, ordea, bestelako portaera izan du, % 0,33 hazi baita abuztutik hona. Hil honetan 2.944 kotizatzaile gehiago daude. Duela urtebeteko datuen aldean, igoera % 1,46koa izan da eta Gizarte Segurantzako 13.018 afiliatu gehiago daude. Guztira, 904.543 dira.

Espero zitekeen moduan, Hezkuntza izan da, udaldiaren ondoren hezkuntza-jarduera berriz hasi izanaren ondorioz, langabeziaren jaitsiera handiena izan duen sektorea (988 langabe gutxiago). Jaitsiera adierazgarriak izan dituzten beste jarduera batzuk honako hauek izan dira: eraikuntza (–207), publizitatea eta merkatu-azterketak (–92) eta produktu metalikoen fabrikazioa (–76). Beste aldean, lotutako langabeziaren igoera handiena izan duten jarduerak honako hauek izan dira: txikizkako merkataritza (+498), egoitzetako asistentzia (+323), eraikinetarako zerbitzuak eta lorezaintza-jarduerak (+322), eta osasun-jarduerak (+162).

Adinari dagokionez, langabeziak gazteenen artean aurrera egin izana nabarmendu behar da, 25 urtetik beherakoen artean 548 langabe gehiago baitaude, prestakuntza arautua amaitu dutenek iraila Lanbideren bulegoetan langabezia-egoera erregularizatzeko baliatu izanaren ondorioz. Lurraldez lurralde, langabezia Araban bakarrik jaitsi da (6 langabe gutxiago); Bizkaian (577) eta Gipuzkoan (431), aldiz, gora egin du langabeziak. Azken hilean emakumeek neurri handiagoan jasan dute langabezia: % 0,94 igo da emakumeen artean eta % 0,41 gizonezkoen artean.

Irailean behera egin du langabezia-estaldurak, udaldian prestazioren bat jasotzeko eskubidea duten langabeen bolumen handiagoak berregokitzapenak egin beharra baitakar, gisa horretako prestazioak eskuratzen dituzten aldizkako langile finko asko izaten dira-eta. Hala eta guztiz ere, kontua da langabeziak behera egin duela, berriz ere, luzaroko langabeen artean (55 langabe gutxiago). Aitzitik, iraupen laburreko 1.055 langabe gehiago izan dira.

Kontratazioei dagokienez, urteko bederatzigarren hilean kontratu kopurua aurreko hilekoa baino % 53,07 handiagoa izan da eta duela urtebetekoa baino % 5 handiagoa. Sinatutako kontratuen % 7,71 mugagabeak izan dira. Nabarmendu beharra dago duela urtebeteko kontratu kopuruaren aldean izan den igoera adierazgarri hori are garrantzitsuagoa dela mahatsa biltzeko lanak atzeratu egin direla kontuan hartzen badugu. Izan ere, Araban kontratazio kopuruaren igoeran eragin garrantzitsua izaten duten lan horiek irailean egin ziren iaz, eta aurten seguruenik urrian egingo dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)