Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena sustatuko duen Batzorde berriaren osaketa, eginkizunak eta funtzionamendua onartu ditu Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2016-10-04)

2016.eko urriak 04

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea kide anitzeko kontsulta-organoa da eta arlo horretan ikertu, ebaluatu eta aholkularitza-lana egingo du Legebiltzarrarentzat nahiz Eusko Jaurlaritzarentzat. 

Euskal Zuzenbide zibilaren eremuan diharduten hogeita hamarren bat adituk, instantzia profesional, erakundeetako eta akademikoen ordezkariek, osatuko dute eta ez dute ordainsaririk jasoko. 

Batzordearen beste eginkizunetako bat euskararen erabilera sustatzea izango da, euskal zuzenbide zibilaren adierazpen-hizkuntza moduan. 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen osaketa, funtzionamendua eta eginkizunak arautuko dituzten estatutuen dekretua. Kide anitzeko kontsulta-organo hau iazko ekainaren 25ean Legebiltzarrak aho batez onartutako Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriak sortzen du. 

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak Vitoria-Gasteizen du egoitza, eta une hauetan Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari atxikita dago organikoki. Parte-hartze irekia izango du, eta etengabeko harremana izango du zuzenbidearen arloko azterketa, informazio eta ikerketa zentroekin. Esperientziak etengabe trukatzea eta jardunbide egokiak erabiltzea ahalbidetuko eta sustatuko du, eta Estatuko nahiz nazioarteko beste kontsulta-organo eta batzar kodetzaile espezializatu batzuekin lankidetzan jardutea ere bultzatuko du. Bestalde, euskal zuzenbide zibilarekin zerikusia duten Legegintzako Herri Ekimenak sustatzen dituzten batzordeekin batera lan egingo du.

EGINKIZUNAK

Bere eginkizuna da euskal zuzenbide zibilaren garapena bultzatzea, ebaluatzea eta ikertzea; lege-erreformen beharrari buruzko informazioa ematea; proposamenak, aldaketak eta berrikuntzak egitea; Legebiltzarrari nahiz Jaurlaritzari arlo horretan aholkularitza eskaintzea; eztabaida profesionala bultzatzea, eta abar.  

Estatutuetan definitzen diren eginkizunak 4 lan-arlotan biltzen dira zehazki:

  • Zuzenbide zibilaren arloan aholkularitza eskaintzea Jaurlaritzari nahiz Legebiltzarrari. 
  • Indarrean dagoen zuzenbidea aztertu eta ikertzea, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten Lurralde Historikoetako zuzenbide zibila, forala eta berezia, idatzia eta ohiturazkoa. 
  • Estatuko eta Europako arau-esparrua zaindu eta ebaluatzea. Estatuko edo Europako araubidearen ondorioz izan litezkeen aldaketen eta ondorioen aurrean alerta goiztiar moduan funtzionatuko du. 
  • Zuzentasun teknikoa, hizkuntza juridiko argia, estiloak bateratzea, hizkuntza inklusiboarekiko begirunea, eta abar, sustatzea.
  • Arauak egitean erregulazio egokiaren, jardunbide egokien eta gobernantza egokiaren printzipioak bermatzea.

 

OSAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak hiru funtzionamendu-organo izango ditu:

Batzordeburua:Euskal zuzenbide zibilaren arloan eskuduna den Sailaren titularra izango da. X. Legealdi honetan, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkoreka. Batzordea ordezkatzeaz eta zuzentzeaz gainera, osoko bilkuraren buru izango da, kideak izendatuko ditu, berdinketak ebatziko ditu, bilerak deituko ditu, batzordearen urteko jarduera-plana eta urteko ekintzak onartuko ditu aldez aurretik osoko bilkuran eztabaidatu ondoren, eta abar. Organo berri honen lanari buruzko informazioa Legebiltzarrari emateaz ere arduratuko da.  

Batzarra: Proposamen guztiak eztabaidatzeko eta hausnartzeko organoa da. Foro honetan sustatuko dira euskal zuzenbide zibila eguneratzeko, ikertzeko, zabaltzeko eta hedatzeko beharrezko diren proiektuak, erreformak eta ikerlanak. Urtean behin elkartuko da gutxienez ohiko bilkuran. Batzordeburuaz gainera, beste hogeita hamar aditu izango dira bertan, honako erakunde hauek izendatuta:

  • Justizia Saileko hiru goi-kargu.
  • Eusko Legebiltzarrak izendatutako hiru legelari.
  • Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusiek izendatutako hiru legelari.
  • Emakunde eta Europako gaien, gizarte-ekonomiaren eta familia-politikaren arloan eskudunak diren hiru organoak ordezkatuko dituzten lau pertsona.
  • Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako abokatuen elkargo profesionalen hiru ordezkari.
  • Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako prokuradoreen elkargo profesionalen hiru ordezkari.
  • Euskadiko Notarioen Elkargoak izendatutako hiru pertsona.
  • Euskadiko Erregistratzaileen Elkargoko Dekanotzak izendatutako hiru pertsona. 
  • Hiru euskal unibertsitateen hiru ordezkari: UPV-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragón Unibertsitatea.
  • Zuzenbidearen Euskal Akademiak izendatutako pertsona bat.
  • Batzarra beste bi pertsonak ere osatu ahal izango dute: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatutako magistratu batek eta Estatuko Fiskal Nagusiak izendatutako Fiskaltzaren ordezkari batek, biak ere Euskadin dihardutenen artetik izendatuko dira. 

Idazkari Nagusia:Euskal Zuzenbide Zibilaren arloan lege-garapenerako eskumena izendatuta duen organoaren titularra izango da. X. Legealdi honetan Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendari Xabier Unanue. Bere ardura izango da batzordearen lan guztiak koordinatzea eta horietan laguntzea. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetako legelariek osatutako batzorde teknikoa zuzenduko du, eta bere ardura izango da osoko bilkurak prestatzea, aurreproiektuak idaztea, proposamenak eta arauen testuak, ikerlanak, ebaluazioak, analisiak eta abar lantzea.  

Postu horiek betetzen dituzten pertsona guztiek utzi egingo dute postua betetzen dituzten karguak uzten dituztenean eta ez dute prestazio ekonomikorik jasoko lan hau egiteagatik.  

EUSKARA JURIDIKOA BULTZATZEA

Batzorde berriak euskararen erabilera ere sustatuko du euskal zuzenbide zibilaren adierazpen-hizkuntza moduan. Terminologia juridikoa aztertzen, sustatzen eta hedatzen lagunduko du, eta lan hori Euskaltzaindiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) eta euskara juridikoaren erabileran adituak diren eragile sozialekin lankidetzan egingo du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko