Berriak Lehendakaritza
Eu

Transferentzien Batzorde Mistoa aste honetan bilduko da Euskadira politika aktiboen transferentzia ekartzea "behin betiko ixteko"

2010.eko urriak 18

Lehendakariak Otegiri egindako elkarrizketa “interesgarritzat” jo du, “bai erantzuten duenagatik eta bai erantzuten ez duenagatik ere”

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean osatutako Transferentzien Batzorde Mistoa aste honetan bilduko da, Euskadira enplegu politika aktiboen transferentzia ekartzea "behin betiko ixteko". Lehendakariak, Patxi Lopezek, adierazi du bilera honen bidez amaitu egingo dela Exekutiboaren 16 hilabeteko lana, nahiz eta EAJk “tantoa beretzat jo duen”, talde nazionalistaren eta PSOEren arteko akordioa gauzatu ostean. “Akordio honetan neure proposamen batzuk ere biltzen dira”, adierazi du Lopezek eta, gainera, gaineratu egin du aurrekontuari buruzko hitzarmena “Euskadirentzat eta Espainiarentzat” berri ona dela eta bere erreakzioa “herriaren interesak” zaintzeko izan dela eta ez hain zuzen ere “ikuspegi politiko labur batez”. “Nik lagundu egin dut negoziazioa bukatu den moduan buka zedin eta Gobernu honek berak gauzatuko du transferentzien materializazioa eta transferentziok gure esku jartzen dituen politikak kudeatuko ditu”, berretsi du.

Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera Euskadira politika aktiboen transferentzia ekartzea ixteko aste honetan bilduko da “seguruenik”. Hala iragarri du Patxi Lopez lehendakariak; datorren urteko aurrekontuetan bere esku izango ditu “langabetuen egoera  hobetzeko hemendik jorratuko ditugun baliabideak eta politikak”. EAJren eta PSOEren artean lortutako akordioaren ostean, Lehendakariak nabarmendu du “berak lagundu egin duela negoziazio hori amaitu den moduan amai zedin”, izan ere, “akordio horretan nik egindako proposamenak daude”, berretsi baitu.

Lehendakariari elkarrizketa egin diote Cadena SER irratiaren Hora 25 saioan, Donostiako Kutxagunean. Ordu erditik gorako elkarrizketan, Lehendakariak gaurkotasuna duten hainbat gai jorratu ditu, horien artean El País egunkariak Arnaldo Otegiri egin dion azkeneko elkarrizketa.

PSOEren eta EAJren artean adostutako transferentziei buruz, Lehendakariak “berri ontzat” jo ditu, hemendik antolatzen diren politikak hobetzeko tresnak jartzen baititu Eusko Jaurlaritzaren esku. Ildo honetan, aukera “ikuspegi zabalaz” hautatu duela nabarmendu du, Lehendakari moduan, “herriak bere osotasunean dituen interesak zaindu egin behar dituelako” eta ez ordea jarrera alderdikoia hartuta. “Ikuspegi alderdikoitik bakarrik begiratuta, molestatu egingo lidake, baina herriaren ikuspegitik begiratzen ari naiz eta kritika asko egiten dutenek ere ikuspegi horixe bera edukitzea gustatuko litzaidake”, ohartarazi du. “Zergatik izango da berri txarra herriaren interesengatik begiratu behar duen batentzat? Ni Lehendakaria naiz eta herriaren interesak zaindu behar ditut”, nabarmendu du. “Ikuspegi alderdikoi batetik bakarrik begiratuta, molestatu egingo lidake, baina herriaren ikuspegitik begiratzen ari naiz eta kritika asko egiten dutenek ere ikuspegi horixe bera edukitzea gustatuko litzaidake”. Lopezek bere burua zoriondu du, “orain urte eta erdi bakarrik, EAJk Estatutua hilda zegoela eta topagune horrek ez zuela balio esaten baitzuen, eta orain topagune horretan gaude”.

Elkarrizketa interesgarria

Cadena SER irratiko kazetariei erantzunez, Lehendakariak ukatu egin du negoziazio mahai horretan Euskadiren bakegintza inoiz ere jorratu denik.

El País egunkariak Arnaldo Otegiri egin berri dion elkarrizketaz galdetu diotenean, aldiz, Lopezek "interesgarritzat" jo du, "bai erantzuten duenagatik eta bai erantzuten ez duenagatik ere". "Sekula entzun ez ditugun gauzak entzun ditugu, eta horrek erakusten du bide batean aurrera egiten ari dela; eta erantzuten ez duen horretan nabari da ETAk ez duela batere aurrera egin", adierazi du Lehendakariak; gainera, garbi utzi nahi izan du egoera hori gertatu dela terrorismoaren aurrean "zero tolerantziako oso politika eraginkorra gauzatu delako". "Ziur naiz mundu horretan badakitela bide bakarra dagoela eta egin egin behar dutela” erantsi du, ezkerrari “elkarrizketetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu baino lehen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria