Berriak

Berrehun ekintza baino gehiago Emakundek bultzatzen duen Berdintasunerako Gunean urte bukaera arte

2016-09-30

Irailaren 30 eta abenduaren 18a bitartean ospatuko den 2016ko Berdintasunerako Guneak  116  entitateren indarrak batzea lortu du “Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu”  lelopean. 190 ekintza daude iragarrita, Emakunderen koordinaziopean, eta iaz bezala, autobus ibiltari bat erabiliko da gunearen egoitza moduan. Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da.

 

Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004. urtean Berdintasunerako Gunea. 

Aurtengo gunearen leloa hau da: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagu. Egin dezagun berdintasuna». Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Emakundek erabilitakoa, hain zuzen ere. Kanpaina honek arreta jarri zuen neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako.  

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak gunearen aurkezpenean azpimarratu duenez, gazteek egunero jasotzen dituzten mezuez jabetu behar gara, nortasuna eraikitzen dutelako jasotako tratuaren arabera: emakume eta gizon izaten ikasten dute eragile gizarteratzaileek, tartean, familia, eskola, lagunak, komunikabideak, publizitatea, helarazitako mezuen bitartez. Gizarteratze-prozesuak bizitza osoan irauten du, gogorarazi du Landaidak, baina eragin handia du bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan, adin horretan ikasten direlako batzuengandik eta besteengandik espero diren jokabideak, onartzen direnak eta zigortzen direnak. “Desberdintasuna ikasi egiten da, egitearen ondorio da. Horrenbestez, ohartu behar gara nork bere esparruan berdintasuna landu dezakeela; alegia, gizartea osatzen dugun guztion egitekoa dela”, esan du.

Gai hau ardatz hartuta 116 entitate ezberdinek 190ekintza antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburu ezberdinetan  irailaren 30a eta abenduaren 18a bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar, daude. Eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar.

Autobus ibiltaria

Aurten ere, azken urteetako esperientzia ona ikusita, autobus ibiltari bat erabiliko da gunearen egoitza ibiltari moduan. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, autobusa eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izango da.

Gunearen programa osoa honako helbidean:

http://emakundeapp.com/agenda/2016

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)