Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Mahastizaintzako eta ardogintzako turismoko Best Of 2017 sariak lortu dituzte Bodegas Ramón Bilbao, Bodegas y Viñedos de Páganos eta Bodegas Valdelana upategiek

2016.eko irailak 29

Epaimahaiaren sari berezia Wine Fandango enpresarentzat izan da  Eskuernagako (Arabako Errioxa) Luis Cañas upategian banatu dira mahastizaintzako eta ardogintzako turismoko Best Of 2017 sariak. XIV. ekitaldi honetan 15 enpresak hartu du parte guztira 21 hautagaitzarekin; hiru upategiren lana aintzatetsi da, eta epai-mahaiak sari berezi bat ere eman du.

Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak Luis Cañas upategian antolatu duen ekitaldian, 150 gonbidatu inguru bildu da, eta horien artean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Errioxako enoturismoaren sektoreko agintariak zeuden. Guztiek uzta biltzeko prest dauden mahastiez osatutako ingurune paregabearekin gozatu ahal izan dute Kantabria Mendilerroaren babesean dagoen Luis Cañas upategian.

Egintzaren aurkezle Edurne Trascastro kazetariak Best Of 2017 sarien irabazleen izenak eman aurretik, gonbidatuek Luis Cañas upategiko ardoak dastatu ahal izan dituzte upategiak Eskuernagako instalazioetan duen begiratokian. Otorduaren ondoren, Best Of sariak banatzeari ekin zaio. Aurtengo sarien irabazleak izan dira: Bodegas Ramón  Bilbao, Haro (Errioxa); Bodegas  y Viñedos  de  Páganos,  Guardia (Araba) eta Bodegas Valdelana, Eltziego (Araba). Epaimahaiaren sari berezia Logroñoko (Errioxa)  Wine Fandango enpresarentzat izan da.

Gregorio Rojo Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako presidenteak itxi du ekitaldia. Rojo jaunak Luis Cañasi esker ona azaldu dio ekitaldi hau egiteko bere upategiko ateak zabaltzeagatik. Adierazi du upategi horrek familiako upategien lan ona irudikatzen duela, gero eta lehiakorragoa den merkatu batera egokitzen jakin baitu bere funtsa galdu gabe.

Era berean, Gregorio Rojok aditzera eman du ardoaren turismoa erronka handia dela gure enpresentzat; izan ere, merkatu-nitxo horretan toki enblematikoak ezagutzeko eta ardoa dastatzeko interesaz gain, ardoarekin eta ardoaren kulturarekin zuzenean lotura duten jarduerekin osatu nahi dira egunak.

Ildo horretan, erantsi du Arabako, Bilboko eta Errioxako Merkataritza Ganberek ahaleginak batu dituztela Bilboko Udalarekin eta Grupo Rioja taldearekin upategiak  eta sektoreko enpresak eta agenteak bultzatzeko, aintzatesteko eta sentsibilizatzeko, turismoa eta enoturismoa sustatu beharreko aktiboa baita. Turismoa da gehien hazten ari den sektore ekonomikoetako bat, urtean batez beste % 6 baino gehiago hazi baita azken hirurogei urteetan.

Best Of sariak zabalik daude Rioja sor-markako upategietara eta Hiriburuen eta Mahasti Handien Munduko Sareko (Great Wine Capitals Global Network) Arabako, Bizkaiko eta Errioxako enoturismoaren sektoreko enpresetara. Sari horren bidez enoturismoaren arloko bikaintasuna aintzatesten da hainbat kategoriatan: ostatua;  jatetxea; arkitektura, parkeak eta lorategiak; artea eta kultura; mahastizaintzako eta ardogintzako turismoko esperientzia berritzaileak; mahastizaintzako eta ardogintzako turismoko zerbitzuak; eta mahastizaintzako eta ardogintzako turismoko jardunbide iraunkorrak.

Best Of sariak Hiriburuen eta Mahasti Handien Munduko Sarearen ekimena da. Sare horretan nazioartean ospe handiko mahastizaintzako eta ardogintzako eskualdeekin lotzen diren nazioarteko bederatzi hiriburu handi biltzen dira.

Sarearen helburua da eskualde horietako bakoitzaren ekonomia, prestakuntza eta kulturaren arloko garapena sustatzea, eta, horretarako, lotura pribilegiatuak osatzea, esate baterako mahastizaintzako eta ardogintzako turismoaren arloko elkarlana. 

2003. urtetik, sareak mahastizaintzako eta ardogintzako turismoaren elementu adierazgarrienak aukeratzen ditu, mahastizaintzako eta ardogintzako turismoko Best Of 2017 sariak. Sareko eskualde bakoitzak aukeraketa-prozesu bera jarraitzen du bere mahastizaintzako eta ardogintzako eremuaren barruan.

MAHASTIZAINTZAKO ETA ARDOGINTZAKO TURISMOKO BEST OF 2017 SARIAK

1.         “MAHASTIZAINTZAKO ETA ARDOGINTZAKO TURISMOKO ESPERIENTZIA BERRITZAILEAK” KATEGORIA

Irabazlea:BODEGAS RAMÓN BILBAO, Haro (Errioxa)

Haroko izen klasikoetako bat da Ramón Bilbao, bertan sortu zen upategia 1924. urtean, eta familiaren upategia izan zen 1972. urtean saldu zuten arte. 1999. urtean gaur egungo jabeek erosi zuten, Diego Zamora familiak.

Eskaintza enoturistikoaren barruan, berrikuntzaren alde upategiak egin duen ahalegina nabarmentzen da, tradizioa eta modernitatea uztartzeko ahalegina. Bere instalazioetara egiten diren bisitaldietan teknologia berriak txertatu ditu; zentzumenetan zeharreko bidaia eskaintzen du, 1924. urtetik hasi eta lurpeko botilategira arte, eta, amaitzeko, upelen, botilen eta kopen artetik bidaiatzeko aukera ematen duen bizi-esperientzia berritzailea egiten da ardoaren munduaren moduko mundu magiko batean.

2. “ARKITEKTURA, PARKEAK ETA LORATEGIAK” KATEGORIA

Irabazlea:BODEGAS Y VIÑEDOS DE PÁGANOS Guardia (Araba)

Familia onenetan bezalaxe, Sierra Cantabria upategian, ondorengoek gurasoen bertuteak mantentzen dituzte, baita gainditu ere.

Arabako Paganos herrian, Guardiako harresiaren itzalean, kokatzen da Viñedos de Paganos upategia. Sierra Cantabria upategiko Guillermo Eguren patriarkaren seme Miguel eta Marcos Egurenek eratu zuten upategia. Ardo handiak egiteko asmoarekin, lurraren bihotzera sartzen da upategia, inguru horretako arbasoek aurrez egin zuten moduan.

Upategi modernoa da, haitz hotzaren azpian landutakoa, mahastiaren erraietan bertan. Lurpeko areto ikusgarri horietan denbora geldirik dago, eta bertan biltzen dute lorategien modura zaindutako bi mahastitako fruitua: El Puntido eta La Nieta.

3. “ARTEA ETA KULTURA” KATEGORIA

Irabazlea:BODEGAS VALDELANA Eltziego (Araba)

Bodegas  Valdelana upategiak urrats irmoak egin ditu turistek ardoaren munduaren erro kultural eta artistikoak dituen lurralde hau ezagut dezaten.

Upategiaren proposamen berriak historiaurrera eramaten gaitu, trikuharrietara, hobi arkeologikoetara eta upategiko familiaren lur-eremuetan bertan dauden ermita zaharretara.  Bisitaria XV. mendeko lurpeko eraikuntzara sartu ahal izango da, eta Museo Etnografikoa eta 1583. urteko kapera ezagutu ahal izango ditu. Esperientzia mahastian bertan egiten diren jarduerekin osatzen da, eta “barietateen balkoian” amaitzen da, mahastietara eta Ebro ibaira zabaltzen den begiratoki paregabean.

4. EPAIMAHAIAREN SARI BEREZIA:WINE FANDANGO, Logroño (Errioxa)

Epaimahaiak espresuki aintzatetsi nahi izan du gazte talde batek gazte jendea ardoaren mundura modu dibertigarrian eta ausartean erakartzeko egiten duen saioa.

Logroñoko El Espolon parkearen inguruan dagoen Vara de Rey jauregiaren beheko solairuan eskaintzen dute Wine Fandango proposamen originala. 100 ardo baino gehiagoko karta bat du, ardo gehienak kopatan saltzen dira. Dastaketak antolatzen dituzte Aitor Esnalen sukaldaritzarekin uztartuta, musika eta ardoa nahasten dute dastaketa dibertigarri batzuetan, ardo bereko hainbat uzta, adibidez, ezagutzeko ‘ardo-bidaiak’ antolatzen dituzte, eta ardo gaztea edateko hainbat tamainatako porroiak eskaintzen dituzte.

OHARRA:Best Of sarien irabazleen familia-argazkia erantsi da, baita irabazleen hitzak biltzen dituzten audioak ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko urriak 02

    Comentario de Twitter:
    Bodegas Ramón Bilbao, Bodegas y Viñedos de Páganos y Bodegas Valdelana, Premios Best Of de Turismo Vitivinícola 2017 https://t.co/X4F583S7Qb

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)