Berriak Lehendakaritza
Eu

2016ko Hauteskunde Autonomikoen ondoko INKESTA

2016.eko irailak 30

2016ko HAUTESKUNDE AUTONOMIKOETAKO PORTAERA

 (2016ko iraila)

Prentsa oharra

SARRERA

Ikerketa honen gai nagusia irailaren 25eko Hauteskunde Autonomikoetan EAEko biztanleek izandako hauteskunde portaera izan da.

Landa lana hauteskundeen ondoko egunetan egin zen, 2016ko irailaren 26 eta 27an.

 

INTERESA ETA HAUTESKUNDE-KANPAINAREN JARRAIPENA

Hauteskundeek interes eta jarraipen zabala izan dute

Herritarren %56k diote interes handia edo nahikoa izan dutela iragan irailaren 25eko Hauteskunde Autonomikoekiko; interesa oso antzekoa da 2012ko Hauteskunde Autonomikoekin (%57 izan ziren) eta Hauteskunde Orokorretako azken deialdiarekin (%54) alderatuta.

Hauteskunde hauek hizketa gai izan dira, askotan edo noizean behin, familiarekin %60rentzat eta lagunekin %51rentzat; portzentajea %29raino jaisten da lankide edo ikaskideei dagokienez.

Jendartearen %69k hautagairen baten elkarrizketa edo debaterik ikusi edo jarraitu du hauteskunde-kanpainan, %51k alderdiren baten programa edo propaganda irakurri du eta, aldiz, soilik %8 joan da bilera edo mitinen batera. EHBilduren eta Podemosen boto-emaileak dira informazioa, era batera edo bestera, gehien jarraitu dutenak.

Bestalde, herritarren %47k hauteskunde-aurreko inkesten berri izan dute, 2016ko azken hauteskundeetan baino gutxiagok (%60 izan ziren).

 

BOTOARI BURUZKO IRITZIAK ETA HAUTESKUNDE PORTAERA

Herritarren gehiengoak hauteskunde aurretik erabakia zuen bere portaera

Boto-emaileen %79k kanpaina hasi aurretik erabakita zuten botoa ematera joango zirela, %11k kanpainan zehar erabaki zuten, %2k hauteskundeen aurreko egunean eta %8k hauteskundeen egunean. Azkenean botoa ematera joan ez zirenen artean, %51k kanpaina hasi aurretik erabaki zuten, %11k kanpainan zehar, %3k hauteskundeen aurreko egunean eta %29k hauteskunde egunean bertan.

Botoa ematera joan ziren herritarren %62k botoa konbentzimenduz eman zuten, hainbat zalantzekin %13k eta aukera txarretan onena zela uste zutelako %23k. 64 urtez gorakoak nabarmendu dira botoa konbentzimenduz eman zutenen artean eta, bestalde, 46 urtez azpikoak aukera txarretan onena zela uste zutelako botoa eman zutenen artean. 2012ko Hauteskunde Autonomikoekin alderatuta, gehitu egin dira konbentzimenduz botoa eman zutela diotenak (%53 izan ziren).

Botoa erabakitzean faktore garrantzitsuenak alderdi politikoa (%42) eta proposamen edo programak izan dira (%35), eta neurri txikiagoan hautagaia (%8).

Botoa ematera joan zirenen %96 konforme daude emandako botoarekin.

Botorik eman ez zutenen artean, %14k diote, emaitzak ikusita, nahiago luketela botoa ematera joan izan balira. Portzentaje hau %23raino igotzen da Gipuzkoan.

 

EMAITZEN EZAGUTZA ETA BALORAZIOA

Gehiengo zabalak ezagutzen ditu emaitzak eta positibotzat ditu

Herritarren %93k dakite EAJ izan dela botorik gehien lortu dituena, eta %68k diote Hauteskundeen emaitzak gehienbat positiboak direla, gehienbat negatiboak direla dioten %10aren aurrez aurre. Ehuneko hau 2011tik neurtutako altuena da eta dezente hazi da 2016ko Hauteskunde Orokorrekiko, orduan soilik %37k zioten emaitzak gehienbat positiboak zirela. Hauteskunde hauetako emaitzen balorazioa 2012koena baino positiboagoa izan da baita ere (%60 izan ziren).

 

GOBERNU OSAKETA

Gobernu akordiorako nahiago diren aukeretan herritarrak banatuta daude: %18k PNV+EHBildu eta %16k EAJ+PSE-EE nahiago dute

EAEko herritarrak Eusko Jaurlaritzaren osaketarako nahiago dituzten akordioen inguruan banatuta daude. EAJ eta EHBilduren arteko hitzarmena aukeratuko lukete %18k, EAJ eta PSE-EEren artekoa %16ek eta ez dakite edo ez dute erantzun %37k. Bestalde, %39k uste dute EAJ eta PSE-EEk egingo dutela gobernua osatzeko akordioa eta %45k ez dakite edo ez dute erantzun.

 

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1000 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%3,16koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2016ko irailaren 26 eta 27an egin zen.

OHARRA: Txosten osoa Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean eskuragarri dago:

http://www.euskadi.eus/ikerketa_soziologikoak

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 30ean

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Autokanporatutako erabiltzailea
    2016.eko urriak 01

    Television española no para de decir que "los sondeos" muestran que la opcion de gobierno PNV-PSE es la preferida mayoritariamente por los vascos.
    ¿Cuales son esos sondeos? Yo no los he podido encontrar. ¿No se puede acabar con la constante manipulacion y mentiras de TVE?

Komunikabideek behera kargatzeko