Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak beste hiru dekalogo argitaratu ditu ikastetxeetako sarrera-irteeretan bide-segurtasuna sustatzeko

2016.eko irailak 30
Gazteak eta gidatzeari buruzko online ikastaroan parte hartzeko epea zabalik
 
Ikasturtearen hasierarekin bat eginik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak bide-hezkuntzako hainbat ekintza abian jarri du, bere plan estrategikoari jarraituta. Urtero egiten den eskola-agendaren banaketaz gain, ikastetxeetako sarrera-irteeretan ikasleen segurtasuna sustatzeko berariazko materiala ere argitaratu du. Bestalde, Trafiko Zuzendaritzak gazteei zuzendutako lehiaketa bat sustatu du, kolektibo horrengan bide-segurtasunaren inguruko gogoeta pizteko.

Berritasun gisa, Trafiko Zuzendaritzak ikastetxeetako sarrera-irteeretan bide-segurtasuna sustatzeko mezuak eta jokabide-jarraibideak biltzen dituzten hiru dekalogo berri argitaratu eta banatu ditu, dagozkien txartelekin batera. Izan ere, ikastetxeetako sarrera-irteeretan ibiltari eta gidari kopuru handia biltzen da. Aholkuak ikasleei ez ezik, familiei eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei ere zuzentzen zaizkie.

Bizikletaz joaten direnean, bidegorrietatik zirkulatzea –halakorik badago–, argiak eta elementu islatzaileak eramatea –batik bat lainoa dagoenean edo ikusgaitasuna txikia denean– eta aurikularrak eta telefonoak ez erabiltzea; horiek dira Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak argitaratutako hiru dekalogo horietako batean bildutako aholkuetako batzuk, zehazki ikastetxera bizikletaz joaten direnei zuzendutakoak. Eskuliburu horretan bertan, bide-aholkuak ematen zaizkie ikastetxeetara oinez edo autobusez joaten direnei ere.

Hiru dekalogoak ez zaizkie ikasleei soilik zuzentzen. Dekalogoetan gomendioak luzatzen zaizkie, adibidez, haien seme-alabak ikastetxera eramaten dituzten familiakoei, gogora dezaten 16 urtetik beherakoek kaskoa eraman behar dutela hiriguneetan bizikletaz zirkulatzen dutenean edo, adibidez, segurtasun-uhalak edo euste-gailuak behar bezala lotuta eraman behar dituztela.

Era berean, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei berariaz zuzendutako dekalogo bat dago, mugikortasun segururako heziketa eskain dezaten lantegien eta hitzaldien bidez, ikastetxeko atean metaketak saihets ditzaten edo ikastetxeetako sarbideetan babes eta seinaleztapen egokia eska dezaten.

Hiru dekalogo berri horiek Trafiko Zuzendaritzaren web-guneko baliabideen katalogoan daude eskura: http://gazteaketagidatzea.eus. Trafiko Zuzendaritzaren orritik ere sartu ahal izango da: www.trafikoa.eus

Askotariko sariak lor daitezke, hala nola argazki-kamerak, erloju adimendunak eta iPod-ak. Azaroaren 14an jakinaraziko dira saritutako 20 pertsonen izenak, eta sari-banaketa abenduaren erdialdean izango da.

“Gaztetxoak laster hasiko dira autoak gidatzen, eta, une hori iristen denerako, eskura ditugun kontzientziazio-neurri guztiak baliatu beharko ditugu hartu beharko dituzten erabakien arriskuei buruz gogoeta egin dezaten” adierazi du Trafikoko zuzendariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko