
Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak justiziako jardunbide egokiei buruzko prestakuntza eta ezaupideak partekatuko dituzte
• Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kataluniako Autonomia Erkidegoak hitzarmena sinatuko dute justizia leheneratzailearen eta delituen biktimentzako laguntzaren alorrean lankidetzan jarduteko.
• Bi lan-arlo horietan aitzindari, bi erakundeek elkarrekin trukatuko dituzte prestakuntza eta ezaupideak, nork bere kalitatea hobetzeko eta zerbitzu publiko hobea egiteko.
• Kataluniako ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan da dagoeneko, lankidetza-espazio hori abian jartzeko eta azaroaren 14an Bartzelonan egingo den baterako lehen lanaldia prestatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, justizia leheneratzailearen eta delituen biktimentzako laguntzaren alorrean ezaupideak, prestakuntza, ebaluazioa eta zabalkundea elkarrekin trukatzeko. Bi gobernuek esperientziak trukatuko dituzte, gai garrantzitsuei buruzko mintegiak, lantegiak, hitzaldiak eta kongresuak elkarrekin antolatuko dituzte, jardunbide profesional onenak xehatuko dituzten material didaktikoak eta gidak egingo dituzte, eta elkarlanean arituko dira elkarrekin egindako lanak jendaurrean hedatzen.
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia aitzindari eta lider dira justizia leheneratzailearen eta biktimentzako laguntzaren alorrean. Hori dela-eta, bi gobernuek uste dute hitzarmen hori bereziki baliotsua izango dela bi autonomiek gaur egun eskaintzen duten kalitatea hobetzen aurrera egiteko.
Lankidetza-hitzarmen hori sinatu ondoren, garatu beharreko jarduerak eta horietara bideratutako aurrekontua zehaztuko dituen lan-plana egingo da urtero. Jarraipen-batzorde bat arduratuko da hitzarmena nola garatu eta gauzatzen den kontrolatzeaz. Batzordeak kide hauek izango ditu:
- Kataluniako Justizia Saila: Erkidegoko Exekuzio Penaleko eta Gazte Justiziako zuzendari nagusi Pilar Heras i Trias eta Centre d´Estudis Jurídics i Formació Especialitzada (CEFJE) erakundeko Ikerkuntza eta Prestakuntza Sozial eta Kriminologikoko Arloko buru Marta Ferrer i Puig.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justizia Saila: Justiziako zuzendari Manuel Valín López eta Helduen Justizia Zerbitzuaren arduradun Roberto Moreno Álvarez.
KATALUNIAKO ORDEZKARITZAREN BISITA
Hitzarmen horren esparruan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Kataluniaren arteko erakunde-lankidetzarako bide berri hori abian jartzeko, Kataluniako ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan da egunotan. Hurrenez hurrengo zuzendari Pilar Herasek eta Manu Valínek beren lantaldeak bildu dituzte, lehendik esparru teknikoan garatzen ari ziren harreman horri ofizialtasuna emateko.
Bi egunez, hurrenez hurrengo taldeek lankidetza-hitzarmenean definitutako lan-arloetan egindako lana aztertuko dute, eta bi erakundeek azaroaren 14an Bartzelonan egingo duten lehen topaketa profesionala prestatzen lan egingo dute.
JUSTIZIA LEHENERATZAILEA
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kataluniak apustu irmoa egin dute justizia-metodo modernoagoak eta soil-soilik zigor-helburua duen justizia arrunt eta tradizionalaren ordezkoak aplikatzearen alde. Justizia leheneratzailea esaten zaionaren metodoak dira, ordezkoak. Arazoak modu sakonagoan konpontzera bideratzen da, biktima eta iraintzailea inplikatuta, eragindako kaltea onartzea eta konpontzea lortu arte. Funtsezko printzipio honetan oinarritzen da: delitu-portaerak legea urratu ez ezik, biktimak eta erkidegoa oro har mintzen ditu. Horregatik, baterako ahalegina planteatzen du arazoa eta horren ondorioak konpontzen laguntzeko eta errepika dadin saihesteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko kasuan, Eusko Jaurlaritzak justiziaren eskueran jartzen ditu “Bitartekaritza Judiziala” edo “Epaitegietako Lantalde Psikosozialak” bezalako zerbitzuak, epaileek egokitzat jotzen dutenean gatazketan bitartekaritza egiteaz arduratzen direnak. Gatazkei prozesu judizialaren ordezko konponbidea bilatzeaz arduratzen dira bi taldeak. Hots, alderdiek itundu eta beren gain hartzen duten konponbidea.
BIKTIMARI LAGUNTZEKO ZERBITZUA
Era berean, delituen biktimentzako laguntzaren alorrean adibide dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia. Euskal Autonomia Erkidegoko kasuan, zerbitzu hori 1991n sortu zen eta, harrezkero, biktima guztiei laguntzen die osoki, etengabe eta doan. Legelariek, gizarte-laguntzaileek, psikologiako eta psikiatriako profesionalek eta beste zenbaitek osatutako diziplina anitzeko lantaldeek egiten duten zerbitzua da.
“Biktimari Laguntzeko Euskal Zerbitzuak” 4 bulego ditu Vitoria-Gasteizko, Donostia / San Sebastiango, Bilbaoko eta Barakaldoko justizia-jauregietan, eta urteko aurrekontua 600.000 eurokoa da gutxi gorabehera
-
2016-09-30
Comentario de Twitter:
#Euskadi y #Catalunya colaboraremos en justicia restaurativa y atención a las víctimas de delitos @Gob_eus @govern https://t.co/qYD68rvoC4 -
2016-09-30
Comentario de Twitter:
Elkarrekin lan egingo dugu justiziako bi alor horietan lider izaten jarraitzeko @Gob_eus https://t.co/14E3c3QvYy