Berriak
Eu

URAk Forondako aireportua uholdetatik babesteko egin duen proiektua azaldu du Arabako Batzar Nagusietan

2016.eko irailak 29

URA-Uraren Euskal Agentziak Gasteizko Forondako aireportua Zaia ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektua egin du. Honi esker aireportu-instalakuntzak, instrumentazio- eta kontrol-egiturak bereziki, uholdeen aurrean babestuta geratuko dira, uholdeak pairatzeko arriskua baitute egun eurite handiko egoeretan.

URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari Iñigo Ansolak Arabako batzar nagusietako batzordean azaldu duenez, “estrategikoki garrantzitsua eta larrialdi egoeretan bereziki balio oso handikoa den azpiegitura bat babestuko dugu, aipatu larrialdi egoeretan bere eraginkortasuna eten dezaketen galeren ondorioz erabilezin geratzea saihestuz. Aireportuaren inguruko lursail ugari erabat babestuta geldituko dira uholdeen aurrean, bai eta ibaian behera dauden Estarronako lursail asko ere”.

URAko zuzendari Iñigo Ansolak azaldu duenez, “onartutako proiektuak ez ditu, inolaz ere, ibaian behera eta ibaiaren eskuinaldean dauden lurren uholdegarritasun-baldintzak txartzen, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, aurreikusitako esku-hartzeari esker bi heren gutxituko da, gutxienez, egun uholdeak paira ditzakeen eremua -aireportuaren inguruan bereziki, Antezana eta Estarrona artean-, Estarronatik Martiodara doan errepidean dagoen egungo zubia zabaltasun handiagoa duen beste batez ordezkatu eta, halaber, babes-lubeta bat eraikiko baita ezkerraldean zeinak, hustubide lanak eginaz, euri-urak aireportuaren goialdean desbideratu eta ubidean behera aterako dituen, zubiaren sekzio handiagoaz baliatuz. Ur horiek, gainera, eraikitako ubidearen eta zubi berriaren ezarpenari esker, ez dituzte baldintzak txartzen, inolaz ere; ez ibaian behera, ez eta ibaiaren eskuinaldean ere".

Lanari dagokion ingurumen-izapidetzea 2012n egin zen eta Ingurumen Organo eskudunaren iritziz, "ez zegoen prozedura bereziren beharrik", ez eta Ingurumen-eraginaren Adierazpenaren beharrik ere, aireportua uholdetatik babesteko lanak ez baitu ibilgua ukitzen eta, gainera, hiri-eremuan kokaturiko azpiegitura publiko bat babesteko gauzatzen baita. 2015eko urrian proiektuak hasierako onespena jaso zuen eta jendaurrean argitaratu zen 2015eko urriaren 14ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean. 42 alegazio jaso zituen, aurtengo apirilaren 19an ebatzi izan zirenak eta, azkenik, bere behin betiko onespena 2016ko uztailaren 29ko ALHAOean argitaratu zen. Esku-hartze hau, gainera, espresuki jasota dago Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean.

Azkenik, Iñigo Ansolak Arabako Batzar Nagusiei adierazi die "Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila, URA eta Arabako Foru Aldundia Arabako uraren alorrean inbertsioak -Plangintza Hidrologikoaren aurreikuspenetan jasota daudenak- egiteko plan baten garapenean lan egiten ari direla, saneamenduari, horniketari eta uholdeen aurkako babesari dagokienean lurraldeak dituen gabeziekin bukatzeko”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)