Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko 58 ETEk 2 milioi euro inguru jasoko dituzte ingurumen-hobekuntzako proiektuetan inbertitzeko

2016.eko urriak 04
  • Enpresen guztizko inbertsioa 9,3 milioi eurokoa izango da, gutxi gorabehera.
  • Aurtengo deialdiaren aurrekontua 2015ekoa baino ia 1,5 milioi euro handiagoa da.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 1,94 milioi euro bideratuko ditu benetako ingurumen-hobekuntza bat ekarriko duten 69 proiektu industrial diruz laguntzeko, sail horrek urtero ematen dituen diru-laguntzen programaren bidez.

Laguntza horien 2016ko deialdian, Euskadiko 79 enpresak ingurumen-hobekuntzako 94 proiektu aurkeztu zituzten guztira. Diru-laguntzak esleitzerako orduan, egungo araudiaz haratago joatea eta eko-berrikuntzako inbertsioak egitea izan dira kontuan hartu diren irizpideetako batzuk. Gainera, aurtengo edizioan emakumeen laneratzea sustatzen duten jardueren aldeko irizpide berriak txertatu dira, bai eta genero-berdintasunaren alorrean hobekuntzak lortzeko enpresa eskatzaileek martxan jarri dituzten planak eta programak ere. Laguntza-deialdi honen beste alderdi berri bat da irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuei ere eskaerak aurkezteko aukera ematea.

Alejandra Iturrioz Ingurumen Administrazioko zuzendariak diruz lagundutako proiektuak inplementatzeak izango dituen onuren berri eman du.  «Gure aurreikuspenen arabera, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko dira, 1.727 tona CO2ren baliokidea den kantitatean; atmosferara isurtzen diren gas kutsagarriak murriztu egingo dira eta estimazioen arabera 80 tona NOx gutxiago, 106 tona partikula gutxiago eta 78 tona KOL gutxiago isuriko dira; 1,5 milioi metro kubiko ur aurreztuko dira; industriako likidoen isurietan karga organikoaren 35 tona gutxiago sortuko dira, eta beste gai kutsagarrien 57 tona gutxiago (olioak, sulfatoak...). Gainera, espero da hondakin gutxiago sortzea. Hondakin arriskutsuen kasuan, 361,12 tona gutxiago espero dira, eta arriskutsuak ez diren hondakin industrialen kasuan, 9.700 milioi tona inguru gutxiago», azaldu du Iturriozek.

Ohiko prozeduraren arabera aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak 27 enpresak aurkeztutako 34 proiekturi diru-laguntza ematea erabaki du. Proiektu horiek egiteko 9,3 milioi euroko inbertsio garbia egin beharko da, gutxi gorabehera. Modalitate horren bidez diru-laguntza jasoko duten enpresen erdia, gutxi gorabehera, ETEak dira.

Proiektuen gaiari dagokionez, laguntzen % 50 hondakinen arloko 16 proiektutan erabiliko da; zenbatekoaren % 30 airearen arloko 8 proiektutara bideratuko da, % 16 uren arloko 6 proiekturi emango zaio, eta gainerakoa (% 4) zaratarekin eta ingurumenaren-azterketekin loturako beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da.

Prozedura sinplifikatuaren bidez Euskadiko 31 enpresaren 35 proiektu finantzatzeko diru-laguntzak esleitu dira, besteak beste, ETEek Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan (EMAS) izena emateko edo erregistro horretako inskripzioa berritzeko behar duten kanpoko aholkularitza finantzatzeko, eta Ekodiseinuko UNE-EN ISO 14006 araua, Ekoetiketei (I. motakoak edo III. motakoak) edo karbono-aztarnari buruzkoa, ezarri eta egiaztatzeko, bai eta ingurumen-arloko beste azterlan batzuk egiteko ere.

Deialdi honetan, gainera, lantegian bertan eta/edo hirugarrenen eskutik burdin-galdategietako moldekatze-hondarrak eta -hautsak birziklatzeko proiektuak diruz lagunduko dira. Bestalde, laguntza emango zaie ere plastiko eta kautxuzko hondakinei erabilera aurreratuak eta baliozkoak ematea sustatuko duten proiektuak. Kontuan izan behar da orain arte zuzenean zabortegira bidaltzen zirela hondakin horiek, edo balio ekonomiko urriko jardueretara bideratzen zirela.

Azkenik, hondakin-planen alorrean, bide-azpiegitura baten eta eraikin baten eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko plan bana egitera bideratutako bi proiektu hautatu dira. Alor berean, gainera, lurzorua kutsa dezaketen jardueren eragina izan duen lurzoru baten kalitatearen adierazpena lortzeko helburua duen beste proiektu bati ere esleitu zaio laguntza.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @laboralempresas
    2016.eko urriak 04

    Comentario de Twitter:
    58 PYMES vascas recibirán cerca de 2 millones de euros para invertir en proyectos de mejora ambiental https://t.co/OqTI5sc6P2

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko urriak 04

    Comentario de Twitter:
    Euskadiko 58 ETEk 2 milioi euro inguru jasoko dituzte ingurumen-hobekuntzako proiektuetan inbertitzeko... https://t.co/duEKSfLS5x

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko urriak 04

    Comentario de Twitter:
    58 PYMES vascas recibirán cerca de 2 millones de euros para invertir en proyectos de mejora ambiental... https://t.co/rUQrR9G8pz

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)