Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Basque Label markako lehen harategiak bere ateak ireki ditu, Tolosan

2016.eko irailak 28

• Muñagorri harategia Euskal Okela markako okela saltzen lehena izan zen orain dela 22 urte, eta orain Basque Label Harategiak markarekin berritzen hasteko aukeratu egin dute.

• Euskadin behi okelaren salmenta eraberritzeko lan hau Eusko Jaurlaritzak sektore honen lehiakortasuna bultzatzeko duen estrategiaren baitan sartzen da, balio kate osoa berpizteko eta indartzeko estrategietako bat baita.

Gaur goizean Basque Label Harategiak markako lehen harategia inauguratu da Gipuzkoan, Tolosako herrian. Hemendik aurrera eta modu progresiboan, marka honetan elkartuko dira Euskal Herrian jaio, hazi eta hiltzen diren behien kalitateko okela saltzen duten establezimenduak. Lehen urratsa da “Euskadiko Behi Okelaren Ekoizpena eta Komertzializazioa Bultzatzeko Estrategia"-ren barruan, eta estrategia hori da lehen sektorearen lehiakortasuna areagotzeko eta balio katearen maila guztiak lotzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politikak dituenetako bat.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, arduratu da establezimendu berritua inauguratzeaz. Dena den, datozen bi urteetan gainerako ohiko harategiak batuko zaizkio establezimendu horri; establezimendu guztiek diseinu berdintsua erabiliko dute bereizgarri gisa eta Basque Label Harategiak markaren bidez identifikatuko dituzte kontsumitzaileek.

Inaugurazio honekin bide bati ekiten diogu, zeina Euskal Herriko lehen sektorearen lehiakortasunean aurrera eginda bukatu behar baita, aldi berean elikagaigintzako industria sendotuz eta komertzializazio iraunkorra lortuz”-, esan du Bittor Orozek, eta “Euskadiko Behi Okelaren Ekoizpena eta Komertzializazioa Bultzatzeko Estrategia"-k eremu guztietatik jaso duen babesa ere aipatu du. “Gobernua, aldundiak, sindikatuak, ekoizleak, saltzaileak…, denok garbi dugu sektore estrategiko hau berritzearen eta suspertzearen alde egin behar dugula, ditugun tokiko produktuen alde egin behar dugula, eta kalitatea eta hurbileko salmenta bultzatu behar dugula”, gaineratu du sailburuordeak.

Inaugurazio ekitaldian egon dira, gainera, HAZIko zuzendari Asier Arrese, gogoeta prozesuan parte hartu duten harakinak eta agenteak, eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria (Mugaritz Jatetxea).

Beste gauza batzuen artean, proiektu honek balioa eman nahi die Euskadiko okela saltzen duten harategiei, ohiko harategien marka berriaren bitartez. Harategiak berritzeko prozesua Muñagorri Harategiarekin hasi da, baina espero da laster beste 5 establezimendu gehiago irekitzea Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, harategi pilotu gisa. Guztira, urte amaieran 20 harategi egongo dira irudi berriarekin, eta 2017an proiektuari atxikitako gainerako establezimenduekin jarraituko da.

Marka berri honekin, asmoa da ohiko harategien irudia eta kontzeptua aldatzea eta harategi horiek Euskal Herriko baserritarrekin eta kalitateko produktuekin duten konpromisoa balioestea.

Helburua da lehen sektorearekin eta Euskal Okelaren proiektu instituzionalarekin konprometitutako harategi kopurua handitzea, eta proiektuarekin bat egiten dutenek Euskadin ekoitzitako okelarekin konprometitzea. Hau da, behi okela guztia (gorpuzkia eta atalak) Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako baserritarrek hazi eta euskal hiltegietan hildako abereena izan beharko da.

Era berean, gidaliburu bat lantzen ari da kontsumitzaileek Basque Label Harategietan erostean esperientzia hobea izateko eta horrela ohiko kontsumitzaileek sarriago erostea lortzeko eta erosle berriak erakartzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    La primera carnicería de la marca Basque Label abre sus puertas en Tolosa https://t.co/NwkB65vKE4

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)