Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak euskararen azken hamarkadetako biziberritze prozesua azaldu du Korsikan

2016.eko irailak 27

Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta NPLD sare europarreko presidente Patxi Baztarrikak bi hitzaldi eskaini ditu 

Korsikako erakundeak bertarako hizkuntza politika definitzen ari dira, eta hurbiletik ezagutu nahi izan dute euskararen esperientzia

Korsikako Lurralde Elkargoak antolaturik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika Linguimondi izeneko mintegian parte hartzen ari da egunotan, Korsikan. Ondorengo urteetan garatu beharreko hizkuntza politika aztertzen eta korsikera sustatzeko neurrietan sakontzen dihardute Mediterraneoko uhartean. Baztarrikarekin batera parte hartzaile dira mintegian, bai atzo eta bai gaur, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidente  Mathieu Bergé, Bretoieraren Erakunde Publikoko , eta Kataluniako Hizkuntza Politikako zuzendari Marta Xirinachs.

“Korsikera. Erakunde publikoa hizkuntzarentzat?” lelopean antolatu dira hitzaldi guztiak gaurko egunez, eta korsikera sustatzeko markoa eta egitura hartu dituzte hizpide. Baztarrika sailburuordeak “Marko legala. Euskadiko hizkuntza politikaren antolakuntza-egitura eta baliabideak” izeneko hitzaldia eman du. Hizkuntzalari, hizkuntza politikan aditu eta formatzaileen parte hartzearekin ari da burutzen mintegia. 

Atzo berriz, helduen prestakuntza izan zen mintegira hurbildutako adituen hitzaldietako ardatza. Patxi Baztarrikak helduen euskalduntze sistemari buruzko hitzaldia eman zuen, HABEren nahiz euskaltegien zereginak azalduz. Era berean, Korsikako helduen prestakuntzako arduradunek ere gai honen inguruko hitzaldiak eskaini zituzten. 

Irailaren 27ko hitzaldietan entzule izan dira Korsikako Kontseilu Exekutiboko (Gobernua) presidente Gilles Simeoni, Korsikako Asanbladako presidente Jean-Guy Talamoni, eta korsikeraren kontseilu exekutiboko kontseilari Xavier Luciani. Korsikan antolaturiko mintegiaren garrantziaren erakusle da Lurralde Elkargoaren ordezkaritza gorena bertan egon izana mintegiaren bigarren egun honetan, Simeoni presidentea buru dela, Asanbladako presidentearekin batera.

Korsikarako hizkuntza politika

Korsikako erakundeak bertarako hizkuntza politikarako estrategiak eta egiturak definitzeko prozesuan sartuta daude buru belarri, eta hurbiletik ezagutu nahi izan dute euskararen esperientzia, katalana eta bretoierarenarekin batera. 

Bertaratutako adituek interes handiz jarraitu dituzte Jaurlaritzako sailburuordearen bi hitzaldiak, eta hitzaldien ondoren elkarrizketa mamitsuak sortu dira. Korsikako gobernu buruek gogoz eskertu dute euskara biziberritzeko azken 35 urteotako estrategien eta antolamenduaren berri izatea, beraien iritzian oso kontuan hartzeko erreferentzia baita euskararena, nahiz eta toki bakoitzeko errealitate soziolinguistikoak oso ezberdinak izan. Euskadiko hizkuntza politikari begiratzen diote. Kataluniako Generalitat-aren  ikuspuntua, eta Bretainiako Erakunde Publikoaren zuzendari Fulup Jakez eta Euskararen Erakunde Publikoaren presidente Mathieu Bergéren ikuspuntuak ere interes handikoak izan dira.  Kontuan izan behar da bi Erakunde Publiko horiek direla Frantzian Hizkuntza gutxituen sustapenerako ari diren erakunde publikoak.

Kontuan izatekoa da, bestalde, Korsikako Lurralde Kolektibitatea, Korsikako gobernua alegia, Europan hizkuntza aniztasuna sustatzeko lanean diharduen NPLD sareko kide dela (Network to Promote Linguistic Diversity). NPLDko presidentzia Eusko Jaurlaritzak  du egun.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)