Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria El Ave María ikastetxearen mendeurreneko ekitaldian izan da

2016.eko irailak 28

Urkulluk azpimarratu du 55 milioi euroko kontu-sail bat onartu dela beketarako, hezkuntzan berdintasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak hartuta duen konpromisoaren bidean 

Iñigo Urkullu lehendakaria, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek lagunduta, Bilboko El Ave María ikastetxearen mendeurreneko ekitaldian izan da. Bertan izan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, ikastetxeari loturiko ikasle, irakasle eta familiak eta hainbat agintari ere.

Pertsona guztiei hezkuntza antzeko baldintzetan bermatzeko Eusko Jaurlaritzak hartuta duen konpromisoa azpimarratu du lehendakariak, eta, bide horretan, hauteskundeen ondoren Gobernu Kontseiluak atzo bertan hartutako lehenengo erabakia izan zen 55 milioi euroko kontu-saila onartzea beketarako. Beka horien bidez laguntza iritsiko zaie 13.000 ikasleri; baldintzak betetzen dituzten guztiei, nahiz eta horretarako baliabideak gehitu beharra izan.  Lehendakariaren esanetan, hezkuntzak eta gizartearen garapenak “elkarri lotuta” behar dute. “Oinarrizko zerbitzu publikoekin konprometituta jarraituko dugu, gure ADNan dago”, erantsi du. 

Ikastetxea 1916an sortu zuen Miguel Fenollera Roca apaiz valentziarrak, eta Operarias del Divino Maestro-Avemarianas Erlijioso Institutuko kide da. Ikastetxeak ikasturte honetan betetzen du mendeurrena, eta, besteak beste, honako jarduera hauek antolatu ditu: jardunaldi pedagogikoak, kirolaren astea, antzerkiak, ikasleen uniformeen eta argazkien erakusketak, ikasle ohien topaketak, irudi korporatibo berriaren aurkezpena, ikastetxearen webgune berria eta ehun urteko historia jasotzen duen liburuaren eta bideoaren aurkezpena.

Hain zuzen ere, bideo hori proiektatu da gaur ikastetxeko ekitaldi-aretoan lehendakariaren aurrean, eta argitaratu den liburuaren ale bat ere eman zaio.  Ekitaldian emanaldia eskaini dute Lehen Hezkuntzako ikasleen koruak eta Bilboko Udaleko txistulariek. 

Iruzkin bat
  • @Avemariabilbao
    2016.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari asiste al centenario del colegio El Ave María https://t.co/iOMAnRFEDl

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak