Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Tapia sailburuak Biospain 2016 Bioteknologiaren Nazioarteko Topaketa inauguratu du BECen

2016.eko irailak 28

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak irailaren 28tik 30era bitartean BECen egingo den Biospain 2016 Bioteknologiaren Nazioarteko Topaketari hasiera emateko ekitaldian esku hartu du gaur. Euskadik berrikuntzaren arloan duen indarra azpimarratu du sailburuak, eta, bide batez, gogoratu du biozientzien sektoreak aukera ezin hobea ematen duela enpresak finkatu eta dibertsifikatzeko.

Topaketa Bioenpresen Espainiako Elkartearekin (Asebio) batera antolatu da, eta Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak (Spri) aurreikusten du 17 herrialdetako 1.800 pertsona inguru izango direla bertan. Estatu Batuak izango dira herrialde gonbidatu berezia. Biltzarrean dibulgazio-saioak egingo dira, eta erakusketa gunean kokatuko da Biobasque pabiloia. Inaugurazioan, sailburuaz gainera, parte hartu dute Asebioren presidente Jordi Martík, Estatu Batuen Espainiako Enbaxadako merkataritzako agregatu Keith Silverrek, Kanpo Merkataritzaren Institutuko kontseilari delegatu Francisco Javier Garzónek, eta Osasuneko idazkari nagusi José Javier Castrodezak. 

Sailburuak adierazi du biozientzien sektoreak erakutsi duela “apustu egokia” dela eta Euskadin balioa erantsi dezakeela eta aberastasuna sor dezakeela. Sailburuaren esanetan Euskadi “bioerregiotzat hartzen da nazioartean”, hain zuzen ere, ekonomia dibertsifikatzen laguntzeko goi-mailako gaitasunak dituen sare zientifiko eta teknologiko bat eratzea ahalbidetu duen apustu estrategikoari esker. Eta apustu estrategiko horren froga da sektorea sartuta dagoela RIS3 Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren lehentasunen artean.

Bestalde, gogoratu du Euskadi eskualde indartsua dela berrikuntzaren esparruan, Europatik aitortu den moduan. Biozientzien sektorean, zehazki, 80 erakundek dihardute eta 1.184 pertsonak egiten dute lan lanaldi osoko dedikazioan, eta hori Euskadin I+G arloan lan egiten duten langileen % 6,4 da, eta azpimarratu behar da asko direla emakumeak.  

Alde horretatik, Tapiak berretsi du Eusko Jaurlaritzak, ekimen pribatuarekin lankidetzan, jarraitu egingo duela I+G-ren alde apustu egiten, eta, horretarako, gaitasun zientifiko eta teknologikoak areagotuko dituzten, talentua erakarriko duten eta gazteen prestakuntza espezializatua ahalbidetuko duten ekimenak bultzatuko dituela. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    La consejera Tapia inaugura en el BEC el Encuentro Internacional de Biotecnología biospain 2016 https://t.co/HUqHGh82eR

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)