Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartu du (Gobernu Bilera 2016-09-27)

2016.eko irailak 27

Urdaibaiko Zuzentzeko Plan berriak administrazio-izapideen prozedura arindu eta jarduera ekonomiko berriak ezartzea erraztuko du.

1993ko aurreko planaren aldean, Erreserbako ingurumen-babesaren maila handiko eremuen  (nukleo-eremuak) azalera % 4an zabalduko da.

Berritasun nagusiak: administrazioaren sinplifikazioa; parte-hartzea eta koordinazioa; natura-ondarearen babes handiagoa eta hobekuntza; jarduera sozio-ekonomikoen sustapena; uraren kudeaketa jasangarria; klima-aldaketa gutxitu eta horretara egokitzea.

Gobernu Kontseiluak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartu du, lurralde horren kontserbazioa eta erabilera egokia bateragarri egiten dituena. Biosfera-erreserbak UNESCOk bere Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira, eta honako hiru helburu hauek dauzkate: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua.

Biosfera-erreserbak esperimentazio-eremu eta esperientzia-laborategi gisa itxuratzen dira, kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka lortzearren bertan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzera begira.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbak 1989. urtean lortu zuen bere esparru juridikoa, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko Legearen bitartez. Legeak ekosistemen osotasuna babestea eta horiek lehengoratzea bultzatzen zuen, eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan (EKZP) bat idaztea aurreikusten zuen. Aurreikuspen hori betetzeko, 1993. urtean Urdaibai Biosfera-Erreserbako Erabilpenerako eta Kudeaketarako Plan Gidaria ezarri zuen dekretua onartu zen, 2003. urtean zatika aldatu zena.

Nekazaritza eta turismo sektoreak

Horri esker, nekazaritza eta turismo sektoreekin lotutako jarduera ekonomiko berriak sortzeko oinarriak ezarriko dira. Gainera, plan horrek eskualdeko natura- eta kultura-ondarearen kontserbazio egoera hobetuko du, estuario, itsasertz, ibai-sareen eta bertako basoen kontserbazioa, bereziki. Honela, garapen ekonomikoa eta naturagune babestuaren kontserbazioa bateragarri egingo dira.

Dokumentuari ekarpenak egiteko jendaurreko informazioaldian zehar, ehundik gora alegazio jaso dira entitate eta norbanakoen eskutik. Alegazioen portzentaje handi bat azken dokumentuan hartu da kontuan, amaierako testua hobetzeko.

Planari hobekuntzak egiterakoan herritarrei interesatu zaizkien gaien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: lurzoruaren zonifikazioa; ingurumen zaintza; quads ibilgailuen erabilera; Kite Surf egitea; basoen erregulazioa; baserrien banaketa edo nekazaritza-jarduera berrien ezarpena.

Zuzentzeko Plan berri hau onartu ondoren, hemendik aurrera herritarrek nabarituko dituzten abantaila nagusietako bat izango da Erreserbarekin lotutako edozein administrazio-izapideren prozedura nabarmen erraztu dela, naturagune honen ingurumen-babesaren maila handituta.

Gainera, plan berriaren berritasunen artean, aurreko planaren aldean nukleo-eremuak (babes maila handikoak) % 4an zabaltzeko proposamena da azpimarratzekoa. Horretaz gain, honako hau sustatzen da: natura kontserbatzea eta lehengoratzea, lurzoruaren zonifikazioaren bidez; sentikorrenak diren ingurumen eremuen identifikazioa; eta, ekosistemak berreskuratzeari dagokionean dauden beharren lehentasunak zehaztea.

Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak (EKZP) Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean egingo diren jarduerak arautuko ditu, jasangarritasunaren ikuspegian eta irizpideetan oinarrituta. Bigarren Zuzentzeko plana da gaurkoa. Lehena 1993n onartua izan zen.

Bost tituluak

Orain onartu den plan berria bost tituluk osatzen duten testu batean egituratzen da. I. tituluak hiru kapitulu dauzka: lehenak kontsiderazio orokorrak jasotzen ditu, hala nola tresnaren aplikazioaren xedea eta esparrua, egitura, eskumen-erregimena, helburuak lortzeko aurreikusi diren partaidetza publikorako bitarteko eta organoak, eta horretarako aurreikusitako bitarteko finantzarioak; bigarrenak, plana berrikusteko eta aldatzeko kasuak identifikatzen ditu, horiek tramitatzeko prozedurarekin batera; eta, azkenean, hirugarrenak, biosfera-erreserben hiru helburu nagusiei lotutako ikuspegi egiturazko batetik (helburu horiek kontserbazioa, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa dira), planaren helburu orokorren zerrenda egiten du, hain zuzen horretan bilduz planaren erregulazioa eta jasotzen dituen zehaztapenak ezartzeko unean kontuan hartu direnak.

II. tituluak biosfera-erreserbako lurraldean bereizten diren hiru kategoria (gunea, gunearen babesa eta trantsizioa) nagusietako bakoitzaren ezaugarriak definitzen eta deskribatzen ditu. Aldi berean, kategoria horietako bakoitzaren barnean bereizten diren areak eta eremuak identifikatzen ditu. Planak, interpretazioa batzeko eta ahalbidetzeko asmoz, berriz izendatzen eta jasotzen ditu lehengo kalifikazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (LAG) eta horien garapenean zehar onartu diren lurralde-plan sektorialetan erabiltzen den terminologiara egokitzearren.

II. tituluak, era berean, zenbait berrikuntza jasotzen ditu aurreko EKZParekiko. Kasu batzuetan arloko araudian aldez aurretik zehaztutako babes elementuak Gune Planean txertatzeak eragin ditu berrikuntza horiek, eta beste batzuetan lurraldean identifikatzeak orain arte bere izaerari egokitutako tratamendurik ez zeukaten eremuak. Hala, esate baterako, lehen multzoan EKZPak Onura Publikoko Mendiak txertatzen ditu, eta era berean, area berri bat sortzen du Gune kategorian; horrek aukera emango du biosfera-erreserbako ibai-ibilguak babes bereziko erregimen honetan sartzeko. Eta gunearen babes kategoriak ibai-ibilguak babesteko zona edo eremuak bereizten ditu itsasadarreko eta kostaldeko zonetatik. Bigarren multzoan, berriz, hirigintzako legedia aplikaturik, eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan jasotako kalifikazioetatik harago, area berri bat sortzen da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotzen den landa-nukleoaren definizioari egokitu ez arren lurraldean identifikatzen diren lurzoru urbanizaezineko bizitegi-kokagune nuklearrei dagokienez. Era berean planaren bitartez Gunea Babesteko kategoria berriak sortzen dira, hala nola Baso autoktonoko eremua edo ibai-sarearen arro isurleak Babesteko Eremuak.

III. tituluaren xedea da orain arte definizio zehatzik ez zeukaten alderdi batzuk sakontzea eta horiei ekitea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erregulazio eta kudeaketa modu eraginkor eta positibo batez eramatea ahalbidetzearren. Hala, ahalik eta zehaztasun handienez identifikatzen eta sailkatzen ditu lurzoruaren erabilerak eta eraikuntza-ekintzak, eraikuntzako esku-hartzeen tipifikazioarekin batera. Gainera, eraikinak, instalazioak eta azpiegiturak egiteko beharrezko kontsiderazio estetikoak jasotzen ditu, eta partzelazio balizkoak zehazten eta erregulatzen ditu bere aplikazio-eremuan, bereizte balizkoak zehaztearekin batera. Azpimarratzekoa da planak jaso egiten duela lurzoru urbanizaezineko bizitegi-eraikinak zatitzeko esku-hartzeen zein ordezkapenerako esku-hartzeen tipifikazioa; eta hori guztia biosfera-erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremuan egindako eraikuntzako esku-hartzeei dagokienez urte hauetan guztietan zehar egindako azterlan, jarraipen eta ikerkuntzan oinarrituta.

IV. titulua planaren gauzatze zuzenari buruzkoa da, bertan definitzen diren erabilerak xehatuta ezartzera zuzendua.

Azkenean, V. tituluak planaren garapenerako aurreikusten diren tresnak identifikatzen eta erregulatzen ditu, tresna horiek ingurumen, lurralde eta hirigintzaren arloko legediaren zeharkako integrazioaren emaitza baitira. Era berean, txostenen gai diren espedienteak izapidetzeko prozedura jasotzen du, birformulatu egin baita, sinplifikazio administratiboa lortu eta administrazioen arteko erantzunkidetasunak bilatzearren.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan Natura 2000 Sareko 4 leku daude, honako hauek: Kontserbazio Bereziko hiru Eremu (KBE) —Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006), Urdaibaiko kostalde- eta padura-eremuak (ES2130007), Urdaibaiko Artadi Kantauriarrak (ES2130008)— eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu —Hegaztientzako BBE— bat —Urdaibaiko Itsasadarra (ES0000144)—.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko