Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregik “Aranzadik Euskal Autonomia Erkidegoan hegaztiak aztertzen egindako urratsei jarraitzera” animatu ditu ikasleak eta naturazaleak

2016.eko irailak 28

 

  • Eusko      Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Aranzadiren      Hegaztien Eraztunketa Kanpainen 10. urteurrenean parte hartzen du      Jaitzubian, Txingudin
  • Urdaibai,      Zadorrako urtegiak eta Salburuko hezeguneak ere hegaztiak behatzeko Euskal     Autonomia Erkidegoko natura-agertoki bikainak dira
  • 2015ean 1.296      hegaztiri jarri zitzaien eraztuna, eta aurrerago adierazle horietako 466      egiaztatu ziren
  • Urriaren 1ean      Euskadiko II. Ornitologia Maratoia egingo da Aranzadi Zientzia      Elkartearen, Espainiako Ornitologia Elkartearen (SEO), Birding Euskadiren      eta Basquetourren eskutik; Ataria, Urdaibai Bird Center, Ekoetxea      Urdaibai, Geoparkea eta Txingudi Parketxea arituko dira      koordinatzaile-lanetan

Hondarribia 2016/09/28

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eskola-umeak eta ikasleak animatu ditu “Aranzadi Zientzia Elkartean lan egiten duten naturazaleek, ikertzaileek, zientzialariek eta behaketa- eta eraztunketa-taldeek egindako urratsei jarraitzera, Euskal Autonomia Erkidegoak zehatz-mehatz jakin dezan zein den bere abifaunaren eta Europa atlantikoko alde honen guztiaren natura-ondarearen bilakaera”. Hegaztien Mundu Eguna dela-eta, Txingudik, Urdaibaik, Zadorrako urtegiek, Salburuko hezeguneek eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste zenbait natura-agertokik hainbat jarduera naturalista hartuko dituzte. 

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko buru Juan Arizarekin, Mendietako eta Natura Inguruneko foru-zuzendari Arantza Ariztimuñorekin eta Ingurumeneko sailburuorde Iosu Madariagarekin batera, Ana Oregik Aranzadiren Hegaztien Eraztunketa Kanpainen 10. urteurrenean parte hartu du gaur goizean Jaitzubian, Hondarribian, jardunbide zientifiko horren erakustaldian. 2015ean 1.296 hegaztiri jarri zitzaien eraztuna, eta gero adierazle horietako 466 egiaztatzea lortu da. Txingudin bakarrik, 11 eraztun-jartzaile aritu ziren laguntzaile lanetan, adituak eta boluntarioak. 

“Leku jakin baten kontserbazio-egoera zer-nolakoa den jakiteko adierazle bikainak dira hegaztiak. Gure herriak, Europako itsasalde atlantikoaren bazter honetan kokaturik, izugarrizko hegazti-aberastasuna dauka, bai gure artean etengabe bizi diren hegaztiena, bai hegazti migratzaileena” adierazi du Oregik. 

Oregiren iritzian, “garrantzi handikoa da hegaztiei buruzko jakintza hobetzera bideratutako ekimenak garatzea, hegaztiak eta natura oro har kontserbatzen lagunduko du-eta. Horregatik, babesa ematen diogu Aranzadiren Eraztunketa Bulegoari, zeinak estazio iraunkorrak baititu Urdaibai eta Txingudin, Zadorrako urtegiak eta Salburuko hezeguneak ahaztu gabe, Araban kokatutako ikerketarako agertoki bikainak”. 

Txingudi Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Sareko espazio babestuetako bat da, hegaztientzat funtsezkoa. Izan ere, lurralde berean biltzen ditu Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (BBE) izendapenak. RAMSAR hitzarmeneko nazioarteko garrantziko hezeguneen zerrendan ere sartuta dago. 

Txingudiko eraztunketa-estazioaren kasuan, funtzionamendua eta ibilbidea denboran zeharreko arrakasta-eredu izan da, helburu ugari erdietsi dituena: hasi jakintza zientifikoa areagotzetik eta herritarrak oro har sentsibilizatzera eta eraztun-jartzaileen prestakuntza teknikora iritsi arte. 

Joan den apirilean, Plaiaundiko Ekoetxea interpretazio-zentroaren barruan, Birding Euskadi Sarearen II. Jardunaldi Teknikoa garatu zen, turismo-jarduerarekin eta ornitologiarekin erlazionatutako teknikari eta langileei zuzendua, eta Ornitho ekimena aurkeztu zen bertan. “Jardunaldi horretan ornitologiarekin erlazionatutzat har ditzakegun ekimen gehiago eman ziren aditzera, hala nola orniturismoa eta sare hartako hegaztiak behatzeko ibilbideen azterketa”, gogorarazi du Ana Oregik. 

Eraztunketaren barruan, proiektu nagusiek alderdi ugari dituzte aztergai: hegaztien migrazioa aztertzea; EURING bezalako nazioarteko sareetan edo EMAN programan parte hartzea; kostaldeko eta ibaietako espezieak epe luzera monitorizatzea; hegaztien biologiari eta ekologiari buruzko oinarrizko ikerketa-proiektuak edo ikerketa aplikatukoak; eta dibulgazioko, ingurumen-hezkuntzako eta prestakuntzako hainbat jardueretan parte hartzea. 

Ana Oregik Aranzadiko arduradunei adierazi dienez, “inongo zalantzarik gabe, Bidasoan honelako natura-aberastasunaz gozatzeko aukera izanik, ikasle eta gazte asko izango dituzue zuen lanean interesatuta eta zuen urratsei jarraitzeko prest. Aranzaditik erreferentziako eskola sortzen ari zarete”. 

Datorren asteburuan, urriaren 1ean eta 2an, Hegaztien Mundu Eguna ospatuko da “Hurbildu hegaztiengana eta bete zaitez naturaz” lemapean. Txinguditik, eguna ospatzeko, hegaztiak behatzeko eta eraztunak jartzeko hainbat jarduera eskainiko dira, baita hegaztiak identifikatzeko ikastaroak, haurrentzako lantegiak eta erakusketa tematiko bat antolatu ere. 

Oregik animatu ditu “hainbeste emaitza eta hain onak eskaintzen ari zaigun lan-ildo horretan jarraitzera. Nahiago nuke afizio eta dedikazio honek gure gizarteko gazteenen artean sakon sartzen jarraituko balu eta Euskal Autonomia Erkidegoaren naturarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa Europan nabarmenduko balitz”. 

Teknika

Eraztunketa hegazti baten hankan eraztun bat jartzean datzan teknika da. Eraztunak jartzailearen informazioa izaten du (nork jarri duen, normalean Aranzadi bezalako eraztunketa-bulego bat izaten da), baita hegazti bakoitza esklusiboki identifikatzen duen kode alfanumeriko bat ere. Horrela, eraztuna jarri zaion hegazti bat berriz harrapatzen badute, badakite zein hegazti den zehatz-mehatz, eta noiz eta non jarri zioten eraztuna lehen aldiz. 

Historikoki, berrarrapaketen analisia erabili izan da hegaztien sakabanatze- eta migrazio-ereduak aztertzeko, baita populazio-aldaketak edo beste parametro ekologiko batzuk ikertzeko ere. Harrapaketen eta berrarrapaketen analisian oinarritutako programak eta ereduak erabiltzeak kontserbaziorako interes handiko alderdiak aztertzeko aukera ematen du. 

Europa

Europan eraztunketa-bulegoen bitartez kudeatzen da. Bulego bakoitza arduratzen da bere datuak dituzten eraztunak emateaz eta bere datuak daramatzaten eraztunekin egindako eraztunketatik lortzen diren datu-baseak kudeatzeaz. Aranzadi Zientzia Elkartearen Eraztunketa Bulegoa 1949. urtean fundatu zen. Ingurumen Ministerioak ere badu beste bulego bat. Europan EURING erakundearen bitartez koordinatzen da eraztunketa. 

Eraztunketak hegazti biziak manipulatzea eta balio zientifikoa duten datuak hartzea dakarren heinean, jarduera hori garatzeko ezinbestekoa da ongi prestatuta egotea, eta jakintza eta gaitasuna izatea eraztuntzerakoan bi alderdi garrantzitsuenak bete ahal izateko: eraztuntzeko harrapatzen diren hegaztien osotasuna eta datuak hartzeko doitasuna. 

Prestakuntza

Hegaztien azterketan interesatuta daudenek horretarako prestakuntza espezifikoa behar dute. Eraztun-jartzaileek emango diete ezagutu behar dituzten gaiei buruzko prestakuntza: espezie bakoitza egoki maneiatzea —horretarako ezinbestekoa da hegazti-espezieak ongi ezagutzea—, behar bezala datatzea eta sexua bereiztea, eta sareak eta bestelako tranpa-metodoak hegaztiei kalterik egin gabe kokatzea. 

Eraztun-jartzaile izan nahi dutenek gai horiei buruzko gaitasun-azterketa gainditu beharko dute, baina azterketa hori egin ahal izateko egiaztatu beharko dute gutxienez landa-laneko 60 egun egin dituztela eta horietan gutxienez 60 espezietako 1.500 hegaztiri jarri zaizkiela eraztunak, eta eraztun-jartzaile batek bermatu beharko du hegaztiak maneiatzeko gaitasuna duela. Azterketa gainditu ondoren, eraztun-jartzaileak proiektu bat has dezake edo lehendik ezarrita dagoen lantalde batean lanean hasi. 

Berreskuratzeak

Eraztuna duen hegaztiren bat aurkitzen duenak Aranzadiri eman behar dizkio datu hauek: izen-abizenak; e-posta (baliozkoa izan behar du); eraztunaren zenbakia, letrak eta guzti, baldin badaude (adibidez, H27447); espeziea; inskripzioaren gainerakoaren kopia (adibidez, Aranzadi Donostia); hegaztia aurkitu edo harrapatu den data; harrapaketa-ordua; hegaztia non zegoen (udalerria, lurraldea eta herrialdea); eta hegaztia zein baldintzatan aurkitu duen (ehizatua, aurkitua, teleskopioz irakurritako eraztuna). 

Txingudiko Eraztunketa Estazioan honako hauek ari dira lanean: Juan Arizaga, Daniel Alonso, Asier Aldalur, Iñaki Aranguren, Itziar Asenjo, Juan F. Cuadrado, Eneko Diez, Alfredo Herrero, Agustín Mendiburu, Luis Romero, José Maria Sanchez, Miren Andueza Oses, Jose Ignacio Jauregi eta Javier Goikoetxea. 

Urdaibai Bird Centeren José Mari Unamuno, Edorta Unamuno, Ainara Azkona, Alberto Unamuno eta Aitor Galarza ari dira lanean. Txinbo taldean José Ángel Isasi, Sonia Hidalgo, Jabi Zabala eta Josune Iturralde; Burceña taldean Iñigo Zuberogoitia, Julen Zuberogoitia eta Agurtzane Iraeta. Txepetxa taldean eraztun-jartzaile hauek daude: Azaitz Unanue, Francisco Zufiaur, Teresa Andrés, Jordi Gómez, Pablo González, Mikel Salvador, Iván de la Hera, Rafael Garaita, Ibon Telletxea, Xabier Buenetxea, Eduardo Gutiérrez, F. Javier Uriarte, Galder Azurmendi, Javier Ibarrola, Felipe Díez, Gregorio Sáenz Martínez, Rubén Minondo, Ikatz Pérez de Arriba eta Miguel Minondo. Eta La Nava estazioan Fernando Jubete, Víctor Salvador, José León, Antonio Castellano eta José Manuel Onrubia. 

Urriaren 1ean Euskadiko II. Ornitologia Maratoia egingo da Aranzadi Zientzia Elkartearen, Espainiako Ornitologia Elkartearen, Birding Euskadiren eta Basquetourren eskutik; Ataria, Urdaibai Bird Center, Ekoetxea Urdaibai, Geoparkea eta Txingudi Parketxea arituko dira koordinatzaile-lanetan. Antolatu den ingurumen-hezkuntzako jardueran nahi duten herritar guztiek parte har dezakete, 24 orduz Euskal Autonomia Erkidegoko edozein tokitan ahalik eta hegazti-espezie gehien identifikatzeko saioan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko azaroak 10

    Es un insulto a la sociedad que Arantza Aristimuño, responsable foral de conservación de la naturaleza, que ha manifestado en nada menos que dos ocasiones ante testigos, que piensa incumplir su obligación de desarrollar la Red Natura 2000, participe en este tipo de actos y conserve su cargo.

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Arizaga, Arantza Ariztimuño, Peli Basozabal, Marta Rozas