Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Turismoaren Mundu Eguna dela eta, TOURISM 4 ALL europar proiektua aurkeztu da Gasteizen, Euskadi erreferentziazko helmuga irisgarri gisa promozionatzeko asmoz

2016.eko irailak 27

Turismo ibilbide irisgarri horiek aurkeztuz, Euskadik bat egin du OMT-Turismoaren Mundu Erakundearekin, aurtengo irailaren 27a turismo inklusiboari eskaini baitio


Turismoa guztientzat: irisgarritasun unibertsala sustatzea. Horixe da OMTk Turismoaren Mundu Egunean zabaldu nahi duen mezua, zeinarekin bat egin baitute hainbat euskal erakundek. Horrekin lotuta, zenbait erakundek partzuergo bat osatu zuten: batetik, EHEko hiru hiriburuetako udalak (Gasteiz, Bilbo eta Donostia), Zarautz (euskal kostaldea), Goierri (Basque Highlands) eta Arabako Errioxa; bestetik, turismo inklusiboan espezializatutako Travel For All euskal agentzia eta "Instituto Gerontológico MATIA" fundazioa. Arlo publikoaren eta pribatuaren lankidetza eredugarr horri esker, eta 18 hilabetez garatu ondoren, orain, denek batera, Europar Batasunak finantzatutako proiektuaren emaitza aurkeztu dute, TOURISM 4 ALL izenekoa. Ekimenaren emaitza zehatz gisa, Europan Euskadi helmuga irisgarri gisa promozionatzeko bideoa bat landu da, bai eta liburuxka bat ere, ororentzako 6 opor-proposamen biltzen dituena (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez); erreferentziazko prestakuntza materiala ere landu da.

Materiala turismo inklusiboan espezializatutako europar agentziei, desgaitasunaren alorrean lan egiten duten elkarteei, turismo-agenteei eta komunikabideei helarazi zaie, Euskadi erreferentziazko helmuga irisgarri gisa sendotzeko asmoz.

Proiektua garatu duen partzuergoak Eusko Jaurlaritzaren Turismo Irisgarritasuneko Programa hartu du oinarritzat, eta ororentzako turismoarekin eta horrek dakartzan onurekin sentsibilizatutako zerbitzu-hornitzaile ugariren laguntza eta inplikazioa izan du. Sei ibilbide irisgarriez gain, turismo baliabide eta jarduera egokitu ugari identifikatu dira; horiek eta asistentzia tekniko eta pertsonaleko zerbitzuak kontuan izanik, Euskadi abangoardian jarri da merkatu-segmentu berezi eta beharrezko horretan.

TOURISM 4 ALL proiektuaren sustatzaileen ustez, bada garaia ororentzako irisgarritasunari arreta emateko. Turismo-helmugek irisgarritasunaren beharra kontuan hartzeko erronkari heldu behar diote, eta bidaiatzen duten pertsona guztiei arreta emateko gaitasuna dutela erakutsi behar dute. Haiek “bere egin dute irisgarritasun unibertsala sustatzeko konpromisoa, integrazioa bultzatu dezagun, turismoaren alorrean dugun potentziala handitzearren, eta kultura, tradizio eta behar ezberdinen arteko ulermena sustatzearren. Horregatik, gaur Euskaditik zabaltzen dugun mezua argia da: denak dira ongietorriak”.

Proiektuaren laburpena

Tourism4All proiektuak pertsona orok Euskadin barrena bidaiatu eta goza dezaten ahalbidetzen lagunduko du. Kalitateko turismo irisgarriko eskaintza sortu eta merkaturatzean sor daitezkeen arazo nagusiei erantzuten die proiektuak. Azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan egin den lanari esker garatu dira helburu handi horiek.

Tourism4all proiektuaren barruan jarduera hauek garatu dira:

  • Euskadin garatutako turismoaren balio-kate osoan irisgarritasun irizpideak osatzea, irisgarritasunaren ebaluazioa 5 instalazio motatara (turismo bulegoak, museoak, turismo jarduerak...) zabalduz.
  • Balio-kateko profesionalen prestakuntza eta gaitasunak hobetzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta egokia ematen jakin dezaten.
  • Dibertsitate funtzional ezberdinak dituzten pertsonentzako turismo-paketeak sortzea sei turismo-helmugatan.
  • Eskaintza sustatu eta merkaturatzea, merkaturatze-bide estandarrak zein berariazkoak baliatuz.

Azken helburua zen lortutako informazioa baliatuz produktu turistiko bat, berariazko eskaintza bat sortu eta merkaturatzea. Eusko Jaurlaritzaren, udalerri eta eskualdeen eta hautatutako helmugetako agente turistikoen lankidetzaz lortu da hori: hiru hiriburuak (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), Zarautz, Goierri eta Arabako Errioxa.

Nabarmendu beharra dago programan sortutako produktuak Euskadiko turismo promozioaren ildo nagusiarekin lerratu dela bereziki: euskal kostaldea (Zarautz); euskal mendi eta ibarrak (Goierri); Ardoaren Ibilbidea (Arabako Errioxa) eta hiriburuak ( Bilbo, Donostia eta Gasteiz).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)