Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Passion for Knowledge 2016 jaialdia inauguratu du Donostian

2016.eko irailak 27

Iñigo Urkullu lehendakariak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek lagunduta, Passion for Knowledge 2016 jaialdia inauguratu du Victoria Eugenia antzokian. Jaialdiaren antolatzailea Donostia International Physics Center (DIPC) da, eta zientzia funtsezko kultur jarduera gisa sustatzea du helburu, gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenari ere laguntzen dion diziplina gisa. 

Lehendakariak zientzia kulturan txertatzearen onurak azpimarratu ditu, kate bereko “katebegi bereiztezinak” izango balira bezala, eta, alde horretatik, hitzeman du Eusko Jaurlaritzak oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren alde egingo duela apustu.  Urkulluk gogora ekarri du Euskadik Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan bat duela, eta 2020ra arte 11.100 milioi euroko inbertsioa duela hitzemanda erakunde publikoen eta ekimen pribatuaren artean. 

Bestalde, lehendakariak esan du ezagutzan, berrikuntzan eta bere produktu eta zerbitzuen balio erantsian oinarritutako ekonomien taldean sartzeko “erronkari” egin behar diola aurre Euskadik, eta horregatik behar dela “zientzia- eta berrikuntza-ekosistema sendo eta eraginkorra”.

Gaurtik urriaren 1era bitartean ekintza-programa zabala antolatu da Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren baitan, eta komunitate zientifikoa, hainbat diziplinatako pertsona ezagunak eta hiritar ugari elkartuko dira bertan ezagutza zientifikoa partekatzeko eta jendeak zientziaren eta haren balioen komunikazioan parte hartzea sustatzeko. Aurten, eta Donostia Europako Kultur Hiriburua dela aprobetxatuz, DSS2016EUren egitarau ofizialean sartu da ekitaldi zientifikoa.

Aste honetan zehar, Passion for Knowledge 2016 jaialdi zientifikoaren baitan antolatutako hainbat ekitalditan parte hartuko du Cristina Uriarte sailburuak. Informazio gehiago eta egitarau osoa honako estekan dago: http://p4k.dipc.org/eu/hasiera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)