Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Javier Agirre: «Premiazkoa da klima-aldaketak kostaldean zer eragin duen ezagutzea erabaki hobeak hartu ahal izateko»

2016.eko irailak 27
  • Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko II. Kongresuan zientziaren, teknologiaren, enpresaren zein administrazioaren arloko ordezkariak bilduko dira klima-aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoeraren aurkako neurriei buruzko gogoeta egiteko
  • Kongresua Ficoban (Irun) izango da irailaren 27an eta 28an

 

Klima-aldaketak esparru guztietan zer eragin duen ezagutzea premiazkoa da erabaki hobeak hartu ahal izateko, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoaren zuzendari nagusi Javier Agirrek. Deialdi hori gaur goizean Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko II. Kongresua hasteko ekitaldian egin du, Ficoban (Irun), non gaur eta bihar ehundik gora aditu bilduko diren.

Ihoberen zuzendariarekin batera Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidente José Antonio Santano eta Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensio ere egon dira. Eusko Jaurlaritza klima-aldaketaren arloan egiten ari den ekimenak ezagutarazi ditu Agirrek hitzaldian; klima-aldaketara egokitzeko proiektuen KLIMATEK deialdi irekia, besteak beste.

«Gaur egun, lau proiektu garatzen ari gara Euskadiko ikerketa-zentro eta unibertsitateekin batera. Proiektu horietan gakoa da emaitza praktikoak lortzea, sortutako ezagutza eskuragarri jartzea eta proiektuak metodologiak eremu edo esparru fisiko jakin batean aplikatzea har dezan barnean», adierazi du Ihobe sozietate publikoaren zuzendariak.

Halaber, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokian Euskadi egiten ari den lana ere nabarmendu du Agirrek, «Pirinioetako gainerako eskualde eta herrialdeekin batera parte hartzen dugu ekimen horretan; Pirinioetako klima-aldaketa hobeto ezagutzeko eta horri erantzuna emateko lankidetza-esparru gisa dago eratuta». Azkenik, itsasertza zaintzearen eta klima-aldaketaren arloan Euskadiren eta Akitania Berriaren artean 2020ra arte dauden lankidetza-programen berri ere gogorarazi ditu. 

Hitzarmen horien barruan Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eta Ingurumenerako Akitaniako presidenteorde Nicolás Thierryk bilera bat egin dute aurtengo udan, etorkizunean itsasertz atlantikoa zaintzeko jarraibideak elkarrekin nola abiarazi aztertzeko. Alerta-sistemen arloan, babesen eraikuntzan zein kostaldeko urbanizazioari buruzko araudia edo erregelamendua ezartzeari dagokionez esperientziak trukatzea hitzartu zuten bilera horretan.

Uhinak ekimenean askotariko erakundeek eta hizlariek parte hartuko dute, eztabaidaren kalitatea eta aberastasuna bermatuta egonik. Besteak beste: CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia; Estatuko Portuak; IDDRI Institute for Sustainable Development and International Relations; AZTI; CEDEX Obra Publikoen Azterketa eta Esperimentaziorako Zentroa; CESER de l’Atlantique, Euskal Itsasertzeko Interes Zientifikoko Taldea; BC3 Basque Centre for Climate Change; EHU; IFREMER Institut Française de Recherche pour l’Exploitation de la Mer; Donostiako Udala; Cerema Sud Ouest Centre d’etudes et d’expertise sur les risques, l’environnement, la mobilité et l’amenagement; Rivages Protech-Suez Eau France, Cardiffko Unibertsitatea; Paue eta Aturri aldeko herrietako Unibertsitatea; Arroxelako Unibertsitatea, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Surfrider Foundation,eta TYPSA (offshore haize-arloko grabitate bidezko zimendatze-lanetan aditua) eta Telespazio France enpresak.

Bigarren edizio honetan 31 txosten aurkeztuko dituzte guztira; 10 gonbidatuta eta 21 deialdi ireki batean hautatuta. Horietatik hamahiru txostengile frantsesak dira. Horrek agerian uzten du mugaz gaindiko gero eta izaera handiagoa duela kongresuak, eta arku atlantiko osorako elkargune izateko nahia gauzatzeko aukera dago horri esker.

UHINAK Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko II. Kongresua lau gai-multzoren inguruan antolatu da: Klima-aldaketaren erronkak Bizkaiko Golkoko kostaldean; Efektuak eta egokitzapena itsasertzeko erabileretan; Kudeaketarako eta erabakiak hartzeko laguntza-tresnak; eta Muturreko gertaeren inpaktua eta haren efektuak itsasertzaren etorkizuneko erabileretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)