Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Akitania-Euskadi euroeskualdeak «Zubiak» sustatuko du, France Bleuren eta Euskadi Irratiaren artean egindako euskarazko irratsaioa

2016.eko irailak 26
  • Asteburuetan emitituko da: France Bleu Pays Basquen larunbatetan izango da entzungai, 12:00etan, eta Euskadi Irratian igandeetan, 15:00etatik 16:00etara
  • Alaia Martinek eta Artzen Letonak gidatuko dute saioa.

 

 

Akitania-Euskadi euroeskualdeak «Zubiak» aurkeztu du, France Bleuk eta Euskadi Irratiak elkarlanean egindako euskarazko irratsaioa. Bi irrati-etxeek emitituko duten saioak mugaz gaindiko erakundeentzat edo eragileentzat leiho eta hainbat belaunalditako euskaldunentzat zubi izatea du helburu, eta Bidasoaren alde bietako pertsona interesgarriekiko elkarrizketak eskainiko ditu.

 

“Programaren edizio guztietan egungo gertaerekin zerikusia duten edukiak sartuko dira. 50 minutuko saioan kontakizunak, mitologia, elezaharrak eta historiaren pasarte aipagarriak bilduko dituzte, historiari irekitako leihoa bailitzan. Bi lurraldeak batzen dituen zubia da aitzakia, irratsaio erakargarrira iristeko bidea emango digun irudi kontzeptual eta estetikoa”, adierazi dute France Bleu Pays Basque eta Euskadi Irratikoek.

 

Sortzaileen hitzetan, “proiektua mugaz gaindiko bizitza konplexurik gabe bizi duten pertsonek egingo dute. Bidasoaren alde bietara begiratzen dutenek”. Saioaren prestaketa eta aurkezpenean Alaia Martinek eta Artzen Letonak lan egingo dute. Euskadi Irratiko programaburu Jone Larrañagak eta France Bleuko erredaktore-buru Bixente Vrignonek elkarrekin egingo dute edukiak definitzeko lana.

 

Kanpoaldeko grabazio batzuk bakarka egingo dituzte kazetariek. Beste batzuk, ordea, elkarrekin egingo dituzte bi kazetariek, esate baterako Santiago zubian bertan egingo den grabazioa.

 

Lehen bi asteetan intereseko hainbat gai jorratu dira: Xabier Kerexeta historialariarekin Bidasoako zubien historiaz aritu dira, Estitxu Vivanco kirolari paraolimpikoa elkarrizketatu da, Anje Duhalde kantaria ere bai. Asteburu honetako saioan, Erromako Zubia gai hartuta arituko dira Izabako Zubi erromatarrari buruz, mugako adimena duten pertsonekin lan egiten duen Ortzadar elkartea gonbidatuko dute eta Itxaro Bordarekin literaturaz eta lesbianismoaz arituko dira.

 

Euroeskualdetik adierazi dutenez, “Zubiak irratsaio estetikoki zaindua da, musika, soinuak eta hitzak ederki uztartzen dituena. Etengabe jokatuko du zubiaren kontzeptuarekin; errealizazioan, hainbat zubitako soinuaren gainean eraikiko da jarraitutasuna, eta plangintzak horretarako aukera ematen duenean, elkarrizketak tokian bertan egingo dira, ingurune-soinuan girotuta”.

 

«Zubiak» France Bleun larunbatetan izango da entzungai, 12:00etan, eta Euskadi Irratian igandeetan, 15:00etatik 16:00etara.

 

http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/osoa/4359684/mugak-zubi-bihurtuz-euskadi-irratia-eta-france-bleuren-saio-berrian/

 

 

http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/zubiak/

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko