Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak kudeatutako zerbitzu publikoek balorazio ona lortzen dute krisia gorabehera

2010.eko urriak 15

Euskal gizarteari buruzko iritzi datuen azterketa eta hedapenerako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak daraman ildo politikoaren eta programazioaren barnean, gaur zuon guztion aurrean, 43. SOZIOMETROA aurkezten dugu, 2010eko udazkenari dagokiona.

SOZIOMETRO berri honen helburuak euskal administrazioen politika publikoei buruz herritargoak duen pertzepzioaren azterketan biltzen dira. Honekin Prospekzio Soziologikoen Kabineteak herritarrek iritzia osatzeko irizpideak izatea bilatzen du, administrazioen funtzionamendua objetiboki ezagutzea ahalbideratzeko, bakoitzak bere arloan, eta gobernuen jarduera objetiboki baloratzeko.

Beste hitz batzutan, gobernuaren jarduerari gardentasun handiena eman nahi zaio, zerbitzu publikoak nola kudeatzen diren hautemateko informazio zehatzena eskainiz eta eguneroko bizimoduan zerbitzu horien funtzionamenduak zer eragin duen eta, azken batean, Ongizate Estatuaren oinarrizko alderdiak herritarrek nola baloratzen dituzten ikusiz.

SOZIOMETRO honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsultatu daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.198 lagunek osatua da.

SOZIOMETROKO ONDORIO NABARMENENAK

** EUSKO JAURLARITZAK KUDEATUTAKO ZERBITZU PUBLIKOEN FUNTZIONAMENDUA POSITIBOKI BALORATZEN DA, KRISIA ETA AURREKONTUEN DOITZEAK GORABEHERA.

Ospitale publikoetako osasun arreta positiboki baloratu dute (oso ondo, nahikoa ondo, ondo) herritarren %84k, eta osasun zentro eta anbulategi publikoetako osasun arreta %85ek. Hezkuntza publikoa iritzi publikoaren %77k positiboki baloratu du (oso ondo, nahikoa ondo, ondo). Ertzaintza positiboki baloratu dute, aurreko kategoria berdinekin, %63k. Gizarte zerbitzuak ere positiboki baloratu dituzte inkestatuen %51k eta %31k "ez daki edo ez du erantzun". Etxebizitzak sustatzeko zerbitzuaren balorazioa hiru erantzun multzotan banatu da: inkestatuen %36k positiboki baloratu dute, %30ek negatiboki baloratu dute eta %34k "ez daki edo ez du erantzun".

Gainerako zerbitzuek, beste administrazio batzuen menpekoek, ez dute aurrekoek adinako balorazio positiborik jasotzen baina kasu bakar batean ere hautemate negatiboak ez dira positiboak baino gehiago.

Administrazio publikoekin egin beharreko gestio eta kontsultetarako erabilitako bideei dagokienez, %46k diote, azken urtean, "administrazioaren bulegoetara pertsonalki joan direla" eta %20k "Internet edo posta elektronikoa erabili dutela". Gestio horiekiko asebetetzeari dagokionez, gehiengoa (%63) "oso edo nahikoa pozik" agertu da, "ez oso pozik edo ez batere pozik" agertu den %32ren aurrez aurre.

**ZIURTASUNAK ZALANTZAK BAINO GEHIAGO "ONGIZATE ESTATUA" OSATZEN DUTEN ZERBITZUEN ETORKIZUNAREN INGURUAN.

ZIURTASUNAK. Hezkuntza sistema publikoak "berdin jarraituko du" edo "hobera egingo du" diote inkestatutako pertsonen %74k, osasun arretak "berdin jarraituko duela" edo "hobera egingo duela" uste dute %70ek eta %62k gizarte zerbitzuak "berdin jarraituko dutela" edo "hobera egingo dutela". Halaber, %58k diote lana eta familia bizitzaren arteko bateragarritasunak "berdin jarraituko duela" edo "hobera egingo duela".

ZALANTZAK. Beste ikuspuntu batetik, inkestatuen %54k uste dute pentsioen sistema publikoak "okerrera egingo duela", %48k gauza bera deritzote langabeziaren aurreko babesari buruz, %48k lehenengo etxebizitza eskuratzeari buruz eta %38k diru-sarrerak bermatzeko errentaz (lehengo oinarrizko errenta edo gizarteratzeko gutxieneko sarrera).

**FISKALITATEA, IRUZURRA ETA KALTETUTAKO GIZATALDEEN ARRETA

ZERGEI EUSTEA. Inkestatutakoen %64k uste dute "gaur egungo zergak mantendu behar direla oraingo zerbitzuak mantentzeko", aldiz, %17k diote "zerga gehiago ordaindu behar direla zerbitzu publikoen eskaintza hobetzearen truke" eta %10ek "zerga gutxiago ordaindu behar direla, nahiz eta horrek zerbitzu publikoen kalitatea murriztu".

"Erakundeek, ordaintzen duzuna baino gehiago ala gutxiago eskaintzen dizute" galdetuta, gehiengoak (%51) "ordaintzen duena baino gutxiago jasotzen duela" erantzun du, "ordaintzen duen adina jasotzen dutela" dioten %33ren parez pare.

IRUZURRA. Herritarren %61ek uste dute Euskadin iruzur fiskal handia edo nahikoa dagoela eta %42k diote iruzur hori Espainiako gainerako lurraldeetan baino txikiagoa dela, Euskadin dagoen iruzur fiskala Europako herri aurreratuenetan dagoenaren berdina edo handiago dela uste dutenen oso antzeko ehunekoa (%44). Administrazio publikoek iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko ahaleginari buruz, herritarren %43k diote ahalegin "gutxi" egiten dutela eta %18k "oso gutxi" egiten dutela.

KALTETUTAKO GIZATALDEEI ARRETA. Administrazio publikoek zein gizatalde babestu beharko luketen hobekien galderari erantzunez, nagusiki aipatu dira "bakarrik bizi diren pertsona nagusiak" (%39k) eta "langabetuak" (%32k).

**PUBLIKOA ETA PRIBATUA, ZERBITZUAK IKUSTEKO BI MODU

Inkestatutako pertsonen gehiengo batek (36%) deritzote administrazio publikoek zuzenean kudeatutako zerbitzuek eta enpresa pribatuek kudeatutakoek berdin funtzionatzen dutela. %27k uste dute hobeto funtzionatzen dutela enpresa pribatuek kudeatutakoek eta %16k kontrakoa deritzote.

Honako kontzeptuak: burokrazia (%57), berdintasunarekiko kezka (%43) eta parte-hartzea (%34) kudeaketa publikoari lotzen zaizkio.

Lanarekiko motibazioa (%43), berrikuntza (%40), eraginkortasuna (%39) eta antolaketa ona (%37) gehiago lotzen zaizkio kudeaketa pribatuari.

** ARAZO BAT: EUSKADIREN KONPLEXUTASUN ADMINISTRATIBOA

Eskumen administratiboen ezagupena zailtzen du euskal instituzioen sarearen konplexutasunak.

Galdetutako pertsonen gehiengo batek (53%) zerga nagusienak biltzeko eskumena Diputazioena dela diote, aldiz, %28k Gobernu Zentrala (%9k) edo Eusko Jaurlaritza (%19k) aipatu dituzte.

Zergak igotzeko edo jaisteko ardura duen erakundea zein den galdetutakoan, soilik lautik batek diote "Diputazioak" direla (%25). Portzentaje pixka bat altuagoek eskumen hori Gobernu Zentralari (%28k) edo Eusko Jaurlaritzari (%26k) atxikitzen diote.

Erakunde desberdinen arteko funtzioen banaketari buruz, gehiengoak (%43) dio euren artean "eskumenen bikoizketa gertatzen dela", aldiz, %31k kontrakoa diote. Bikoizketa hori gertatzen dela uste dutenek "Eusko Jaurlaritza eta Diputazioen artean" (%36) edota "guztien artean" (Eusko Jaurlaritza-Diputazioak-Udalak) (%31) gertatzen dela bikoizketarik handiena uste dute.

Herritarren gehiengoa oso edo nahikoa pozik dago euren erakundeekin, Gobernu Zentralarekin izan ezik. Balorazioen multzoa hurbiltasunaren arabera sailkatzen da. Honela, Udala da erakunderik baloratuena (%68 oso edo nahikoa pozik), atzetik Diputazioa (%57), Eusko Jaurlaritza (%52) eta Gobernu Zentrala (%31).

**DIPUTATU NAGUSIEN EZAGUTZA ETA BALORAZIOA

Lehen aldiz galdetu da hiru lurralde historikoetako diputatu nagusien ezagutza eta balorazioaz. Beraietako inork ez du lortu Euskadi osorako %50eko ezagutza mailarik. Xabier Agirre biztanleen %30k ezagutzen dute, Markel Olano %34k eta J. Luis Bilbao %42k. Zein bere lurraldean J. Luis Bilbaok %56ko ezagutza maila du Bizkaian, Markel Olanok %50ekoa Gipuzkoan eta portzentaje bera (%50) Xabier Agirrek Araban. Balorazioak, lurraldeka, honakoak izan dira: Markel Olano (5), J. Luis Bilbao (4,6) eta Xabier Agirre (4,1).

Buruzagi politikoen ezagutza maila desberdina da, eta guztiek, gutxieneko 0a eta gehienezko 10 artean, 5etik beherako balorazioa lortzen dute. Ezagunena Patxi Lopez da (%95), jarraian Antonio Basagoiti (%75) eta Iñigo Urkullu (%72) datoz. Gainerakoak ezagutza maila askoz baxuagoan daude, inkestatutakoen %24 eta %41 artekoa da ezagutzen dituztenen ehunekoa.. Baloratuenak dira: Aintzane Ezenarro (4,9) eta Iñigo Urkullu (4,5). Lehendakariak 4,1eko balorazioa jaso du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Victor Urrutia