Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Lanbide Heziketak eta “la Caixa” Gizarte Ekintzak enpresa sorkuntzaren aldeko konpromisoa berritu dute

2016.eko irailak 23

“la Caixa” Gizarte Ekintzak 113.700 euro bideratuko ditu Urratsbat programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikasleek sortutako enpresak finantzatzen laguntzeko

2004-2005 ikasturtetik, Lanbide Heziketako ikasleek 615 enpresa sortu dituzte Urratsbat programaren bidez. Horietatik %72,35 jardunean dira egun

Euskadiko Lanbide Heziketak eta “la Caixa” Gizarte Ekintzak joan zen ikasturtean bi aldeen artean gauzaturiko lankidetza hitzarmena berritu dute ikasturte berri honetan. Helburua: Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza egitasmoei bultzada ematen jarraitzea. Akordio honi esker, “laCaixa” Gizarte Ekintzak finantziazioan lagunduko die Urratsbat programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan 2016-2017 ikasturtean ikasleek sortutako enpresei.

Akordio hau tarteko, “la Caixa” Gizarte Ekintzak 113.700 euro bideratuko ditu elkarlan honetara. Ikaslan elkarteak (Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak batzen dituen Elkartea) funts hori dagoeneko legalki osaturik dauden Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean banatuko du –edozein direlarik ere hauek hartu duten forma juridikoa eta sektorea-, beti ere enpresok Urratsbat programaren bidez 2016-2017 ikasturtean sortuak badira. Diru-kopuru horren zati bat ekintzaile-kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Era berean, akordioak 52 beka eskaintzea ere jasotzen du. Ikaslan elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeraturiko ikasleei zuzenduko zaizkie beka horiek, bidaia gastuak ordaintzeko lagungarri.

Gaur goizez Donostian burutu den prentsaurrekoan azaldu dituzte alderdi hauek guztiak, Gaxpar Guembek, CaixaBank-en Gipuzkoako Erakunde zuzendariak, Iñaki Mujika, Teknika - Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroko zuzendari exekutiboak; eta Nicolas Sagarzazu, Ikaslan Gipuzkoako presidenteak.

Gaxpar Guembe, CaixaBank-en Gipuzkoako Erakunde zuzendariaren hitzetan, “Tknikarekin daukagun hitzarmen hau la Caixa Gizarte Ekintza 2014tik hona gazteen langabeziaren aurka egiteko ezartzen ari den planaren baitan kokatzen da, gazte guztiengana iristen saiatzeko milioi bat euro bideratuz”, azaldu du. “2016 honetan hitzarmen horietako asko berritzen ari gara, ekintzailetza eta auto-enpleguaren aldeko ahalegina indartuz. Ildo horretan, la Caixa Gizarte Ekintzak Incorpora programa garatu du, gizarte bazterkerian arriskuan dauden pertsonei lana erraztuz, eta lan merkatuan 821 lagun txertatuz 382 euskal enpresarekin lankidetzan”.

615 enpresa sortu dira, %72k jardunean jarraitzen dute

2004-2005 ikasturtean programak ibilbidea hasi zuenez geroztik, bertan parte hartzen duten ikastetxeek 1.473 proiektu ekintzaile tutorizatu dituzte. Baina daturik esanguratsuena sortutako enpresa kopuruari dagokiona da: 2004-2005 ikasturtetik 615 enpresa sortu dira Urratsbat programaren bidez eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. Joan den 2015-2016 ikasturtean bakarrik, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek 92 enpresa sortu zituzten. Egun, programa martxan jarri zenetik sortu diren enpresa guztien artetik %72,35ek jardunean jarraitzen dute.

Ekintzaile-kulturaren inguruan ikasleekin egiten den sentsibilizazio lana da, zalantzarik gabe, aurreko datu horiek azaltzeko gako nagusietako bat. Azken hamabi urte hauetan, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako 69.047 ikaslek jaso dute ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa, horietatik 10.459k azken 2015-2016 ikasturtean. Egun, Euskadiko 57 ikastetxe ari dira Urratsbat programan parte hartzen: 5 Araban, 27 Bizkaian eta 25 Gipuzkoan.

Bestalde, joan den 2015-2016 ikasturtean Ikaslan Elkarteko ikastetxeetako 471 ikaslek (309 Goi Mailako Zikloetako ikasleak, eta 162 Erdi Mailako Zikloetakoak) Europako hainbat herrialdetan praktikak egin zituzten, Erasmus+ mugikortasun programaren bidez. Polonia, Italia, Finlandia, Alemania, Irlanda, Erresuma Batua edo Herbeheretara joan ziren, besteak beste, euren prestakuntza osatzera. Era berean, Ikaslan ikastetxeetako 20 irakaslek ere aukera izan dute Europako beste herrialde batzuetan Lanbide Heziketaren garapen maila bertatik bertara ezagutzeko.

Urratsbat programa

Lanbide Heziketako ikasleen ekimen sortzailea sustatzen duen programa bat da Urratsbat, eta ikastetxeak enpresa-inkubagailu bihurtzen dituena. Horretarako, programan parte hertzen duten ikastetxeek ekintzailearen bulegoa jartzen duten ikasleen eskura, baita beren instalazioak ere, proiektua merkaturatze-fasean dagoenean garatzeko. Lanbide Heziketako ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia Urratsbat programak.

Urratsbat programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak programa dinamizatzeko arduradun bat dauka: “irakasle dinamizatzailea”. Pertsona hau ekimen sortzailea sustatzen duten jarduerak planifikatzeaz eta antolatzeaz arduratzen da, eta baita enpresa-ideia bat aurkezten duen ikasleari prozesu horretan laguntzeaz ere.

Ikastetxeak ikasle ekintzaileari formazioa, tutoretza eta proiektuaren jarraipena eskaintzen dizkio, irakasle dinamizatzailearen laguntzaz. Gazte ekintzaile hauek, gainera, Lanbide Heziketako ikastetxearen instalazioak eta tresneria ere erabil ditzakete  euren enpresa-proiektuaren hastapenetan.

Tknika, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, programaren koordinazioaz eta ikastetxe-sarearen dinamizazioaz arduratzen da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak berriz, programarako beharrezko bitartekoak ipintzen ditu, Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planaren ardatzetako bat baita ekintzailetza.

Urratsbat programa Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendua dago, baina baita ikastetxearekin ikastaroen bidezko harremana duen beste edozein pertsonari ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Mujika, director ejecutivo de Tknika; Nikolas Sagarzazu, presidente de Ikaslan Gipuzkoa, Gaxpar Guembre, director de Instituciones de CaixaBank en Gipuzkoa