Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Elkarlan sarien bigarren deialdia egin da

2016.eko irailak 23

•    Gizarte-eragileen parte-hartzea, gardentasuna eta herritarrei entzutea eta kontsultatzea sustatzen duten hiru proiektu onenak sarituko ditu Eusko Jaurlaritzak.
•    Proposamenek erakutsi beharko dute osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikaskuntzaren edo kohesio sozialaren esparruetan pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak abian jartzeko gai direla.
•    Hautagaiak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da gaurtik aurrera.


EHAAk gaur argitaratu du balio publikoa sortzea sustatzen duten hiru proiektu saritzeko Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen “Elkarlan” sarien deialdia. Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileen parte-hartzea, gardentasuna eta herritarrei entzutea eta kontsultatzea sustatzeko asmoz egiten duen lehiaketa honen bigarren edizioa da. Gaurtik aurrera, hurrengo 30 egun naturaletan, hautagaitzak Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialaren bitartez aurkeztu ahal izango dira, online formatuan bakarrik: www.euskadi.eus

Jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta helbide soziala bertan duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek sustatzen dituzten proiektu ezarriei edo fase pilotu aurreratuan daudenei zuzentzen zaie lehiaketa hau. Proiektu guztiek bost jarduketa-esparruren ingurukoak behar dute izan:

  • Osasuna
  • Ingurumena
  • Garapen ekonomikoa
  • Ikaskuntza
  • Kohesio soziala


Halaber, proiektuek erakutsi beharko dute diseinatzeko eta inplementatzeko fasean pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak abian jartzeko gai direla.

SARIAK
Hiru proiektu irabazleek 6.000 euroko sari bana jasoko dute. Horrez gain, aholkularitza izango dute urtebetez, proiektua ebaluatzeko, hobetzeko edo perfekzionatzeko, baita ekimenerako laguntza eta zabalkunde publikoa ere.
Lehiaketa honetara aurkezten diren proposamen guztiek elkarlanean parte hartzekoak izan beharko dute, gizartearen jarduteko ahalmena frogatuko duten ahalduntzeko prozesuak abian jarri beharko dituzte eta, orobat, gai izan beharko dute berrikuntzaren bitartez balio edo inpaktu publikoa eta soziala sortzeko.


HAUTAGAITZEN BALORAZIOA
Bigarren edizio honetara aurkeztuko diren proiektuak aztertzeko eta baloratzeko, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandi buru izango duen “Hautapen Batzordea” osatuko da. Horrez gain, herritarrek parte hartzeko prozesu bat irekiko da, gogokoen duten proiektuari botoa emateko aukera izan dezaten. Herritarrek parte hartzeko Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariaren bitartez (www.irekia.euskadi.eus), nahi duten guztiek izango dute botoa emateko aukera, eta boto gehien lortzen dituzten hiru hautagaitzek batzordearen balorazioari gehituko zaion beste puntu bat lortuko dute.

Ebazteko eta deialdiaren ebazpena argitaratzeko epea, gehienez ere, 3 hilabetekoa izango da gaurtik aurrera, deialdia gaur argitaratu baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.


2015EKO ELKARLAN SARIAK
Aurreko edizioan hauek izan ziren lehiaketa irabazi zuten hiru proiektuak:

•    WikiToki Elkartea: Bilbaoko San Frantzisko auzoan kokatutako elkarlaneko praktiken laborategia da. Profesionalen eta amateurren arteko, gizarte zibilaren eta eragile publiko eta pribatuen arteko harreman, hibridazio eta/edo elkarsorkuntza modu berriekin esperimentatzen dute (hainbat diziplina eta esparruren artean).
•    Euskal Autonomia Erkidegoan Fiare proiektua babesteko Elkartea: bestelako finantza-eredua eraikitzeko sortu zen banka etikoaren proiektua da. Urte askotan eratzen aritu ondoren, gaur egun Fiare Banka Etikoak argi eta garbi erakusten du herritar antolatuak gauza direla gizarte bidezkoagoa, kontzienteagoa eta arduratsuagoa eraikitzeko proposamen eraldatzaileak egiteko.
•    Uliako Auzo Elkartea: Uliako (Donostia / San Sebastian) udal-mintegi zaharrak berrerabili eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko parke publiko handi bihurtzeko ideia abiapuntu hartuta sortu zen proiektua da.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2016.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: “Elkarlan” sarien bigarren edizioaren deialdia egin da @jbikandi @Gob_eus @PIPEJGV https://t.co/a9RXyrWktL

  • @IVAP_eus
    2016.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: “Elkarlan” sarien bigarren edizioaren deialdia egin da @jbikandi @Gob_eus @PIPEJGV https://t.co/a9RXyrWktL

  • @jbikandi
    2016.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: “Elkarlan” sarien bigarren edizioaren deialdia egin da @jbikandi @Gob_eus @PIPEJGV https://t.co/a9RXyrWktL

  • @jerkoreka
    2016.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    “Elkarlan” sarien bigarren edizioaren deialdia egin da @jbikandi @Gob_eus @PIPEJGV https://t.co/a9RXyrWktL

  • @jerkoreka
    2016.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    Nueva edición de los premios “Elkarlan”, para proyectos participativos y colaborativos @jbikandi @gob_eus @PIPEJGV https://t.co/0RLgkiFbXC

Komunikabideek behera kargatzeko