Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

BJKN Euskadiko justiziaren sistema informatikoen bateragarritasuna ebaluatzen ari da

2010.eko urriak 14

BJKNko Informatika zerbitzuko zenbait teknikarik Donostiako justizia-jauregia bisitatuko dute gaur. Helburu nagusi bi dituzte: batetik, Euskadiko Justizia Administrazioak darabilen sistema informatikoak BJKNren Bateragarritasun Testa betetzen duela baieztatzea; bestetik, demanden izapidetze prozesu telematikoa eta sinadura elektronikoa zuzenean ikustea. Izan ere, esperientzia pilotu hori pasa den maiatzean ezarri zen Donostiako fiskaltzan eta jurisdikzio zibiletan eta lan arlokoetan.

BJKNren ardura da Justizia Administrazioan erabiltzen diren kudeaketa prozesuetako aplikazio informatiko guztien bateragarritasuna bermatzea, bai Justizia Ministerioak ezarritakoetan, bai autonomia-administrazioek ezarritakoetan. Helburu hori aintzat hartuta, Bateragarritasun Testa landu du, aplikazio informatiko horiek bete behar dituzten zehaztapen guztiak batzen dituen dokumentua, gai judizial guztiak izapidetzeko beharrezkoa den informazioa modu berean erabil dadin. Gainera, gogoan izan behar da kudeaketa prozesuetako sistemak beste aplikazio batzuekin batera daudela ingurune informatikoan eta beste zerbitzu batzuei ere eragiten dietela.

Horrela bada, BJKNk egiaztatu behar du Euskadiko Justizia Administrazioak ezarritako aplikazio informatikoak aipatutako testean ezarritako baldintzak betetzen dituela honako arlo hauetan: sistemen arteko informazio-trukaketa, informazioaren segurtasuna eta ikuskatzea eta informazio horren erabilera estatistikoa.

Era berean, bisitaldi horretan pasa den maiatzean hasitako esperientzia pilotua baloratuko da, modu telematikoan ezarritako lehenengo demanda judizialak aurkeztu ziren Donostiako fiskaltzan eta jurisdikzio zibil eta lan arlokoetan. Bost hilabeteko esperientzia horretan 9 prokuradorek, 3 abokatuk eta 2 fiskalek hartu dute parte.

Tarte horretan, JustiziaSIP (Profesionalentzako Informazio Zerbitzua) deritzon kudeaketa prozesaleko aplikazioari esker, hamar bat minututan eta inora mugitu behar izan gabe egin ahal izan dira orain arte bi edo hiru egun behar izaten zituzten izapideak, eta horrek, denbora eta papera aurreztea dakar. Gaur egun, modu telematikoan izapidetzen ari dira 36 demanda: abokatuaren, prokuradorearen edo fiskaltzaren bulegotik era automatikoan iristen dira epaitegiko erregistro eta banaketako bulegora, hain zuzen ere espedienteen izapideari hasiera ematen dion bulegora.

Une horretatik aurrera epaitegiak sistemaren barruan dauden alderdiei egingo dizkien jakinarazpenak eta alderdiek epaitegiari egingo dizkiotenak telematikoak izango dira. Aipatutako epean, 121 jakinarazpen telematiko egin dira, eta 37 hasiera-idazki eta 45 izapide-idazki aurkeztu dira, modu telematikoan, esperientzia pilotuan.

Hilabete horietan, gainera, esperientziak dokumentuen segurtasun-, benetakotasun- eta osotasun-berme guztiak dituela erakutsi ahal izan da sinadura elektronikoaren aplikazioari esker, izan ere, aplikazio horrek aurkeztutako dokumentu guztiak benetakoak eta manipulatu gabeak direla bermatzen baitu. Maiatzetik hona 34.000 dokumentu baino gehiago -horietako 1.000 epaiak- sinatu dira sinadura elektronikoa erabiliz, esperientzia pilotuan parte hartzen ari diren organo judizialetan.

Dokumentuetan ezarritako sinadura elektronikoak ere aipagarriak dira: epaileek 5.000 sinatu dituzte eta idazkari judizialek 33.000.

Sistema honen bitartez parte hartzen ari diren profesionalek espediente judizialeko datuak eta espedientearen egoera kontsultatu ahal izan dituzte uneoro, idazkiak aurkezteko edo jakinarazpenak jasotzeko inora mugitzea saihestuz.

Horrela bada, Justizia Administrazioak modu telematikoan sartu ditu dokumentuak, eta horrek kostuak murriztea, izapideak erraztea, epeak laburtzea eta erabilitako datuen kalitatea bermatzea ekarri du.

Esperientzia honen hurrengo fasean gainontzeko eragile juridikoak gehitzeko asmoa dago, besteak beste, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, jabetza-erregistratzaileak, notarioak, Eusko Jaurlaritzako letratuak eta udalak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko