Berriak Segurtasuna
Eu

Bost mila ertzainek eta udaltzainek zainduko dute hauteskunde-eguneko segurtasuna

2016.eko irailak 21

Euskal Poliziaren Unitate guztiak jardunean izango dira edozein gorabeherari erantzuteko

Ertzaintzak eta euskal udaltzaingoek, hauteskunde-erakundeekin elkarlanean, segurtasun-dispositibo berezia ezarriko dute igandeko hauteskunde-egunean. Prozesuaren normaltasuna zainduko dute. Hedapen horretan 5.000 ertzainek eta udaltzainek hartuko dute parte, eta hauteskunde-prozesuaren garapen normala bermatzeko prozesu osoan mantendu den operatiboaren puntu gorena izango da. Datorren igandean hedatuko diren agenteetako batzuk hauteslekuak zuzenean zaintzeaz arduratuko dira, eta gainerakoek laguntzeko lan osagarriak egingo dituzte. Ertzaintzaren unitate eta zerbitzu espezializatu guztiek hartuko dute parte.

Euskal Poliziak segurtasun-dispositibo berezia zabaldu du hauteskunde-prozesu osoan, kanpainako egintzak normaltasunez eta segurtasunez gara daitezen. Hedapen horrek hauteskunde-egunean izango du puntu gorena, hau da, datorren igandean, hilaren 25ean. Boto-zenbaketaren amaierara arte luzatuko den hedapen berezi horretan, bost mila agentek hartuko dute parte, ertzainen eta udaltzainen artean.

Hedatuko diren agenteen erdiak hauteslekuak zuzenean zaintzeaz eta babesteaz arduratuko dira. Gainerakoek herritarren babeserako lanak egingo dituzte, eta zeregin horretan Ertzaintzaren unitate eta zerbitzu espezializatuen laguntza ere izango dute (lehergaiak, txakurrak, helikopteroak, lurpea, brigada mugikorra, eta abar). Egun osoa emango dute jardunean.

Ertzaintzaren Burutzak koordinatuko du Ertzaintzaren dispositiboa, hainbat dibisiotako arduradunen parte-hartzearekin, eta etengabe izango da harremanetan Segurtasun Koordinazioko eta Hauteskunde Prozesuetako Zuzendaritzekin, baita foru- eta toki-administrazioekin eta udaltzaingoekin ere.

Hauteslekuak babestera zuzenduko diren agenteak hauteskunde-mahaietako presidenteen esanetara izango dira ordena mantentzeari dagokionez. Agente horien egitekoen artean daude barrutian eta inguruetan propaganda politikoa debekatzea eta hauteslekuetara pertsonen sarrera ordenatua kontrolatzea. Bozkatzera joaten direnen aurkako edonolako hertsapenak edo presioak saihesteko egitekoa ere izango dute. Bestalde, pertsona gaixoen edo ezinduen irisgarritasuna erraztuko dute, ahal duten heinean, eta beti Gurutze Gorriko eta DYAko osasun-langileekin elkarlanean.

Boto-zenbaketa amaitutakoan, Ertzaintzak eta udaltzaingoek Bake Epaitegietan hauteskunde-dokumentazioa entregatzen lagunduko diete hala eskatzen duten hauteskunde-mahaietako kideei, joan-etorria  erraztuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko