Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak 2,6 milioi euro bideratu ditu laguntzetan, adikzioen arloko eta osasuna sustatzeko hainbat jarduketa garatzeko (Gobernu Bilera 2016-09-20)

2016.eko irailak 20

Gobernu Kontseiluak onartu duen Aginduaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2.615.613 milioi euro bideratu ditu aurten, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten toki-erakundeentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzen kontzeptupean, prebentzio komunitarioko programak garatzeko eta adikzioen arloan prebentzio-proiektuak eta arriskuak eta kalteak murriztekoak egiteko. Laguntzak, halaber, hainbat toki-erakundetako adikzioen prebentzio komunitarioko lantalde teknikoak mantentzera bideratuko dira.

Toki-esparruan eta sektore sanitarioaz bestelakoetatik egiten diren jarduketetan osasuna sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Mendekotasunen VI. Planaren jarduketa-ildoetan hobekien kokatuta dauden programak eta proiektuak mantentzea, behar berriak erakustea eta horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea eta programa eta proiektuak hobetzen laguntzea helburu duten laguntza hauek deitu ditu Osasun Sailak.

Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoan adikzioen arloan egiten ari den lanaren oinarrietako bat dira. Izan ere, erakundearteko koordinazioa eta lankidetza eta hirugarren sektorearekiko eta kolektiboekiko elkarlana funtsezkoak dira eginkizun horretan.

Zehazki, laguntza ekonomikoa honela banakatzen da diru-laguntzen hiru ildoetan: 

  • Adikzioen prebentzio komunitarioko lantalde teknikoak sortzea eta mantentzea: 1.172.985 euro
  • Tokiko planei atxikitako adikzioen prebentzio komunitarioko programak eta jarduketa-esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzekoak garatzea: 561.215 euro
  • Prebentzio-proiektuak eta arriskuak eta kalteak murriztekoak eta adikzioen esparruan jokabide osasungarriak sustatzekoak egitea: 881.413 euro

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak eutsi egiten diote adikzioen fenomenoari esparru komunitariotik aurre egin eta erantzuteko konpromisoari, 2013-2020ko Osasun Planean jasotzen den bezalaxe. Plan horrek, hain zuzen ere, lehentasunezko arlotzat jotzen du prebentzio-ekintzak eta bizi-estilo osasungarriak sustatzekoak abian jartzea, sektorearteko lankidetzaren bidez eta toki-esparruan eta komunitarioan lan eginez, eta oso bereziki nabarmentzen ditu tabakoaren, alkoholaren eta beste substantzia batzuen presentzia eta eskaintzak murriztera bideratutakoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko