Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

500.000 euro Donostia International Physics Center Fundazioari (Gobernu Bilera 2016-09-20)

2016.eko irailak 20

DIPC-en Kalkulu Zentroarentzako sala berria eraiki eta ekipamendu berria eskuratzera bideratuko da laguntza.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du Donostia International Physiscs Center (DIPC) Fundazioari 500.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea. Laguntza hori DIPCen Kalkulu Zentroaren sala berria eraiki eta ekipamendu berria eskuratzera bideratuko da.

Donostia International Physics Center-ek aurreikusia du bere Kalkulu Zentroa hornitzeko superkonputazioko ekipo berriak eskuratzea. Horretarako, beharrezko gertatzen da ekipamendu hori baldintza fisiko egokienetan hartuko duen sala berria eraikitzea. Hala nola, intsonorizazio egokia eskainiko duten zoru, horma eta sabaiekin, DIPCen gainerako egoitzetatik ondo isolatua, edo hozte-sistema aproposarekin. Alegia, punta-puntako  konputazio-baliabideek funtzionamendu hobe ezina izan dezaten beharrezko diren baldintzak. Lan hauekin, gainera, DIPCen konputazio-baliabideentzako espazioa nabarmen handituko du.

Superkonputaziorako ekipoak berrituta eta hauek hartuko dituzten instalazioak hobetuta, DIPCen Kalkulu Zentroak errendimendu altuko konputazioan (HPC edo High Performance Computing) erreferentziazko izaten jarraituko du Euskadin, honek euskal komunitate zientifikoarentzat nahiz Euskadi guztiarentzat esan nahi duen onurarekin.

DIPCen konputazio-azpiegitura egun 140 ikertzailek baino gehiagok erabiltzen dute, DIPCekoek bertakoak nahiz beste ikerketa zentro batzuetakoek (UPV/EHU, Materialen Fisika Zentroa, CICnanoGUNE edo Ikerbasque). 

DIPCen Kalkulu Zentroa

DIPCen Kalkulu Zentroa funtsezko erreminta da DIPCeko bertako ikertzaileek nahiz inguruneko beste ikertzaile talde batzuek burutzen duten bikaintasunezko ikerketarentzat. Fisika eta Kimika konputazionala Euskadiko ikerketa-lerrorik sendoenetako bat da, eta DIPCen Kalkulu Zentroa funtsezko baliabidea izan da horren garapen maila altua zergatik lortu duen ulertzeko. Bestetik, konputazio-azpiegitura ahaltsu hau talentua erakartzeko foku bat da, bai ikertzaile bisitarientzat eta baita  egonkorrentzat ere (Ikerbasqueren bidez kontratatuak, kasu). Kalkulu Zentroa, errendimendu altuko konputazioaren garapenerako apustu estrategikoa ere bada (HPC edo  High Performance Computing). HPCan diharduen kalkulu zentro bat, goi mailako baliabide fisikoak, teknikoak eta giza baliabideak dituena, ezagutza teknologikoaren, berrikuntzaren eta formazioaren foku bat ere bada, eta beronen eragina eta garrantziak bere misio nagusia ere gainditu egiten du.

DIPCen Kalkulu Zentroa lagungarri da ikertzaile kopuru zabal batek punta-puntako ikerketa lerroak gara ditzan nanoelektronikan, polimero eta materia bigunean, nanofotonikan, edo dinamika elektronikoan.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko