Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

2 milioi Ikerbasque Research Associate programa berria ezartzeko (Gobernu Bilera 2016-09-20)

2016.eko irailak 20

Ikerbasqueren programa berriak Euskadin diharduten ikertzaile gazteen ibilbidea kontsolidatzea du helburu, kontratuen bidez.  

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioari bi milioi euroko diru-laguntza zuzena ematea, honek bere programa berria abian jarri dezan: Ikerbasque Research Associate.

Ikerbasque Fundazioak ikerketarako talentua erakartzeko egin ohi duen lana, bi programaren inguruan burutu izan da orain arte: Ikerbasque Reseach Fellow programa batetik (ikertzaile gazteei zuzendua), eta Ikerbasque Research Professor bestetik (ikertzaile kontsolidatuentzako). Research Associate programa berria, ordea, dagoeneko ezarrita dauden beste bi horien arteko zubi izango da. Izan ere, berariaz sortua izan da Research Fellows ikertzaile gazteei –dagoeneko 5 urteko lanean euren ezagutza eta balioa erakutsi baitute Euskadiko ikerketa zentroetan- Euskadin epe luzeagoz ikertzen jarraitzeko aukera emateko. Era honetan, ekimen berriak bi ekarpen nagusi egiten ditu: batetik, ikertzaile gazteen ibilbidea egonkortu eta kontsolidatzen laguntzen du, eta bestetik, Euskadiko ikerketa-karrera osatzen du.

Kanpo ebaluazioak 

Horretarako, Research Fellow ikertzaile gazteei kontratuaren laugarren urtean ebaluazio batera aurkezteko aukera eskainiko die ekimen berriak. Kanpo ebaluazioa izango da, Ikerbasqueko batzorde zientifikoak kudeatutakoa. Ebaluazioa gainditzen duten ikertzaileek Research Associate erako kontratua lortuko dute, eta hiru urtez behin beste bi ebaluazio gainditzen badituzte, Euskadin era iraunkorrean lanean diharduten Research Professor edo ikertzaile kontsolidatuen kategoriara igaroko dira. Honela, Ikerbasquek bikaintasun irizpide jarraituz ikertzaile karrera Euskadin egiteko dagoen eskaintza profesionala osatuko du.

Research Associate izateko hautagaien profila 10 urte inguruko bikaintasunezko ikerketa-esperientzia duen ikertzailearena da, eta independentzia zientifikoa eta ikerketa-taldeak lideratzeko gaitasuna duena. Egun, doktorego ondoko 10 urte inguruko esperientzia duten 60 ikertzaile gazte (Research Fellow) ditu kontratatuak Ikerbasquek, 13 herrialdetatik etorritakoak eta gehienak (% 44) zientzia esperimentaletan trebatutakoak. Ikertzaile hauen % 17 gizarte eta giza zientzietako espezialistak dira, % 12 teknologia eta matematikako adituak, eta gainerako % 27 bizitza eta medikuntza zientzietakoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko