Berriak Segurtasuna

Hiru mila pertsonek baino gehiagok osatzen dute irailaren 25eko hauteskundeetako boto-zenbaketa biltzeko eta hedatzeko dispositiboa

2016.eko irailak 20

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak, 2016

Segurtasun Sailak hiru mila pertsona baino gehiagoko taldea prest du datorren igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako boto-zenbaketa biltzeko eta hedatzeko. Hautetsontziek ematen dituzten emaitzak hauteslekuetatik transmitituko zaizkio Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzaren Prozesamendu Zentroari, eta, ondoren, herritarrei jakinaraziko zaizkie Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialetik –Lehendakaritzan kokatzen da–, baita www.elecciones.eus hauteskundeetako web-gunetik eta hedabideentzat eta alderdi politikoentzat prestatutako extranetik ere.

Botoak biltzeko, zenbatzeko eta transmititzeko prozesu osoa Eusko Legebiltzarraren telekomunikazioetarako sare informatikoaren bidez egingo da. Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzaren koordinaziopean, hiru mila pertsona baino gehiagoko taldea arduratuko da  prozesu osoa gauzatzeaz, hau da, hauteskunde-mahai bakoitzaren emaitzak biltzetik, horiek transmititzera, prozesatzera eta herritarrei helaraztera. Zuzendaritzako langile teknikoek osatuko dute dispositiboa, telefoniako, informatikako eta komunikazioko espezialistekin batera.

Hauteskunde-mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat izango da, eta hura arduratuko da datuak Eusko Jaurlaritzaren harrera eta tratamenduko zentralera bidaltzeaz. Zentral horretan, datuak prozesatu eta berehala emango dira argitara. Interneteko eta hedabideetako eskakizunetara egokitutako hainbat formatutan emango dira.

Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialak egingo ditu publiko datuak, Vitoria-Gasteizen dagoen Lehendakaritzaren egoitzatik; alabaina, zenbatutako botoen ehunekoa adierazgarria denean eta hiri lurralde ofizialetan orekatua denean emango zaio hasiera datuen hedapen publikoari. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburua arduratuko da zenbatu diren lehen botoen datuak eskaintzeaz.

Une horretatik aurrera, boto-zenbaketa eta botoen eta eserleku-banaketaren informazioa zabalik egingo da eta etengabe eguneratuko da emaitzen % 100era iritsi arte.

Boto-zenbaketa hedatzeko sistema aurreko hauteskundeetan arrakasta osoz erabili izan denaren antzekoa da, eta bermerik handiena eskaintzen du herritarrei hauteskunde-emaitzen berri modu arin eta fidagarrian iristen zaiela ziurtatzeko.

18 milioi boto-paper baino gehiago

Hauteskunde hauetarako Segurtasun Sailak guztira 18.100.000 boto-paper eta 1,5 milioi gutun-azal prestatu du, bozkatzeko mahaietan erabiltzeko zein talde politikoen artean banatzeko edo posta bidez bozkatzeko. Kopuru horiei gehitu behar zaie postaz bozkatzeko ia milioi-erdi eskaera-inprimaki prestatu dela, eta beste horrenbeste gutun-azal eta beste horrenbeste argibide-orri –Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak posta-bulegoetan banatu zituen hauteskunde-deialdiaren ondoren–. Horri gehitu behar diogu 33.000 argibide-eskuliburu baino gehiago inprimatu eta banatu dela hauteskunde-mahaietarako kideentzat.

Bozkatzeko boto-paperak, gutun-azalak eta hauteskunde-inprimakiak egiteko erabili den material orok betetzen ditu ingurumen-iraunkortasuneko eskakizunak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko