Berriak Osasuna
Eu

Errezeta Elektronikoa ezarrita dago jadanik Euskadiko adinekoen zein arlo soziosanitarioko Egoitzen % 66 baino gehiagotan

2016.eko irailak 19

Araba izan da, Vitoria-Gasteizko udal-egoitzak sartu ondoren, arlo soziosanitarioan e-rezetaren ezarpena osatu duen EAEko hiru lurraldeetako lehenengoa.  

 

Errezeta elektronikoa edo e-rezeta erabat hedatuta dago Osakidetzan eta Euskadiko farmazia-bulegoetan, eta Euskadin dauden 293 adinekoen eta arlo soziosanitarioko egoitza publiko eta pribatuetan ezartzeko azken fasean sartu da.   

Une hauetan Euskadiko 195 egoitzetan, % 66,5etan, alegia, dago ezarrita e-rezeta, eta horrek esan nahi du egoitzetan artatzen diren 19.463 herritarretatik 12.800ek, % 66k, alegia, segurtasun mediko handiagoa dutela Osakidetzaren Historia Klinikoa sartuta dutelako eta horrek diagnostikoa eta tratamendua hobetzea eragiten duelako.

Araban 51 egoitza eta 2.670 paziente daude, eta hedapena osatu duen Euskadiko hiru lurralde historikoetako lehenengoa izan da, hilabete honetan bertan ezarri baita Vitoria-Gasteizen dauden lau udal-egoitzetan.   

Bizkaiari dagokionez, bertako 174 egoitzetako 110etan ezarri da dagoeneko, eta horrek esan nahi du Bizkaian artatzen diren 11.120 herritarretatik 7.400ek dutela errezeta elektronikoa. Gipuzkoaren kasuan, lurraldean guztira 68 egoitza eta 5.673 paziente daude, eta orain arte 33 zentro eta 2.789 pertsona integratu dira. Datozen hilabeteotarako dago aurreikusita bi lurralde hauetan ezarpena amaitzea, eta horrekin beteko da Eusko Jaurlaritzak, iazko udan programa pilotua hiru egoitzetan abian jarri ondoren, hartutako konpromisoa.

Errezeta elektronikoa edo e-rezeta adinekoen egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan ezartzeko prozesua esparru horretan prestazio farmazeutikoa kudeatzeko eredu berri bat garatzeko prozesuaren baitan sartzen da. Orain arte, prestazioa gainerakoetatik bereizitako paperezko errezetekin eskaintzen zen.  Errezeta elektronikoa edo e-rezeta ezartzeak Historia Klinikoa eskura izatea dakar, eta horri esker egoitzan artatutako pertsonaren tratamendu aktiboa kontsulta daiteke.  Horrek segurtasun handiagoa ematen die pazienteei eta hobetu egiten ditu arretaren kalitatea, botikak agintzeko eta banatzeko prozesuak eta gure Osasun Sistemaren jasangarritasuna.

Errezeta elektronikoak segurtasun klinikoa areagotu du, izan ere, botikekin nahastea ekiditen da eta tratamenduaren betetze-maila ezagutzen da, eta, gainera, ez dago osasun-zentrora sarri joan beharrik errezetak jasotzera. Banaketari dagokionez, eskuz idatzitako errezetekin gertatu ohi ziren gaizki-ulertuak saihesten dira eta pazienteen jarraipen farmakoterapeutikoa egin ahal izaten da. Bestalde, herritarrek informazio zehatzagoa dute argibideak ematen dituen tratamendu-orria jasotzen dutenez.

Errezeta elektronikoaren beste abantaila bat tratamenduak, batez ere luzeak, ikuskatzeko eta egokitzeko ematen duen aukera da, eta, gainera, etxebizitzan botikak pilatzea ekiditen du, bilketa hilean behin egiten denez hiru hilean behin egin ordez.  

2013ko apirilean ezartzen hasi zenetik gaur arte 90 milioi errezeta elektroniko agindu dira.

 

 Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 19an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Aitorrtxu
    2016.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    La Receta Electrónica está ya desplegada en más del 66% de las Residencias de personas mayores y sociosanitarias... https://t.co/4aiRuX6Vkm