Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Punta Begoña, mundu global batean nortasuna sortzen duen paisaia

2016.eko irailak 16

Ia ehun lagun bildu dira gaur ‘Lurralde-antolamendua eta globalizazioa: eutsi al diezaiokegu gure nortasunari?’ lemapean egiten ari den jardunaldian. UPV/EHUko Kultura Paisaien eta Ondarearen Unesco Katedrak eta Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatu duten jardunaldia Punta Begoña galerietan egiten ari da.

Jardunaldiaren irekitze-ekitaldian izan dira Getxoko Udaleko zinegotzi eta alkateorde Koldo Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuorde Izaskun Iriarte, Jakiundeko lehendakariorde Javier Echeverría eta UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Kanpo Harremanetarako zuzendari Aitzol Lamikiz.

Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuorde Izaskun Iriartek nabarmendu duenez, “jardunaldiaren helburuetako bat da ondare-izaerak paisaietan eta horien kudeaketan duen eragina definitzea, eta hainbat esperientzia kontrastatzea eta bateratzea”. Mónica Luengok, ICOMOS (Monumentu eta Tokien Nazioarteko Kontseilua) erakundeko Kultura Paisaien Nazioarteko Batzorde Zientifikoko kideak, kultura migratzaileen ekarpenak paisaien izaeraren eraikuntzan sorrarazten dituen erronkak eta desafioak xehatu ditu “Migratzen al dute paisaiek ere? Kulturen arteko elkarrizketarako espazioak” hitzaldian.

Javier Taks Donas antropologoak, Uruguaiko Errepublikako Unibertsitateko irakasleak, bere herrialdean urek lurralde-ikusmoldeetan eta kultura-nortasunetan bete duten eginkizuna izan du hizpide “Ura, lurraldea eta kultura-nortasuna Uruguain” aurkezpenean.

Gaur arratsaldean José María Lunak esku hartuko du paisaiari, kulturari eta nortasunari buruzko mahai-inguru batean. UPV/EHUko Kultura Paisaien eta Ondarearen Unesco Katedraren zuzendari Agustín Azkarate arituko da moderatzaile-lanetan eta bertan izango dira Juan Manuel Madariaga, UPV/EHUko Kimikako katedraduna, Iñaki Antigüedad, UPV/EHUko Geodinamikako katedraduna, Ibone Ametzaga, Ekologiako doktorea, Jose María Luna, Picasso Fundazioko, Malagako Centre Pompidouko eta Errusiako Museoko zuzendaria, Mónica Luengo eta Javier Taks.

Bilbao Iubilo Abesbatzaren (BIA) kontzertuak emango dio amaiera jardunaldiari, nortasunarekin, itsasoarekin eta emigrazioarekin erlazionatutako hiru gaik osatutako errepertorioarekin. Jakiundek Donostia / San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiribururako antolatu dituen ‘Erronkak/Desafíos’ izeneko jardueren barruan kokatzen da jardunaldia. XXI. mendeko gizarteek aurrean dituzten erronka handiak aztertuko ditu egitasmoak hitzaldi, mintegi eta eztabaidez osatutako hainbat jardunalditan. Gaur egungo gizarteek aurrez aurre dituzten erronkak aztertzea eta horien inguruan hausnartzea da jardunaldien helburua, erronka horiei emandako erantzunek baldintzatuko dutelako gure etorkizuneko gizartearen ongizatea.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JGorbena
    2016.eko irailak 16

    Comentario de Twitter:
    Punta Begoña, el paisaje como generador de identidad en un mundo global https://t.co/JSSWHUI8Bx

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)