Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Mugikortasunaren Europar Astean hartuko du parte Sailburu Ana Oregik

2016.eko irailak 16
  • Ostiralean, hilak 16, Montehermoso Jauregitik, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan: ‘Eman argia zure pedalei: gaueko ibilaldia bizikletaz’ antolatu du Vitoria-Gasteizko Udalak. Eta bihar, larunbatean, hilak 17, ‘Mugi Aldabe: herritarren energia berreskuratzen duen kale adimenduna’ izango da.
  • Vitoria-Gasteizko tranbiak, Bilbaoko tranbiak eta Donostialdeko Topoak bezalaxe, Mugikortasun Iraunkorra sustatzeko Europako Batzordearen kanpainaren lema izango du erakusgai

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Vitoria-Gasteizko Udalak antolatu duen gaueko bizikleta-ibilaldian parte hartuko du bihar, larunbata. Gaur, ostirala, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan, Montehermoso Jauregitik abiatuko da ‘Eman argia zure pedalei: gaueko ibilaldia bizikletaz’ izendatu den jarduera.

 

Vitoria-Gasteizko Udalak, EAEko beste zenbait udalerrik bezala, Mugikortasunaren Europako Astearekin erlazionatutako hainbat jarduera antolatu ditu. Arduradunek dei egin dute “hiria gauero nola argitzen den ezagutzera, pedalei eraginez eta antzerkiaren eta narrazio misteriotsuen erritmoan murgilduta, kale eta bazter historikoetan barrena bizikletaz egingo den gaueko ibilaldi baten bitartez”. Koroatze auzoan egingo den musika-kontzertu batek emango dio amaiera ibilaldiari.

Larunbatean, hilaren 17an, Vitoria-Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astean antolatu dituen ekitaldien barruan, ‘Mugi Aldabe: herritarren energia berreskuratzen duen kale adimenduna’ jarduera egingo da, 11:00etatik 14:30 arte. SmartEnCity proiektuak hainbat esku-hartze aintzat hartzen ditu Koroatze auzoa energia-alorrean birgaitzeko. Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren planteamenduen arabera, espazioa irabaziko da pertsonentzat, egonaldirako, topaketarako eta harremanetarako, eta mugikortasun-modu aktiboak (oinez eta bizikletaz ibiltzea) eta modu kolektiboak bultzatuko dira.

 

Proiektuetako bat Aldabe kalea oinezkoen kale bihurtzea da. Horregatik, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen egun nagusian saiakuntza bat egingo da: kalea zirkulaziorako itxi eta oinezkoentzako eta merkataritzarako ardatz bihurtuko da.

 

SmartEnCity erakusketa - Koroatze proiektua: karbonoan neutro diren hiri adimendunak sortzea. 2016 eta 2021 artean garatuko da Koroatze auzoa energia-alorrean birgaitzeko proiektua, auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera ezin hobea, 1.313 etxebizitza energia-alorrean birgaitu eta plazak eta kaleak berrituko baitira. Ezagutu Udalak espazio publikoa eraberritzeko egin dituen proposamenak eta parte hartu zeuk ere: baloratu haiek eta egin zeure proposamenak.

 

MoveSmart

Deskargatu MoveSmart app-a Vitoria-Gasteizen modu iraunkorrean mugitzen ikasteko, eta lortu moto elektriko baten 30 minutuko doako alokairua.

 

Elektromugikortasunaren esperientzia Fagor Ederlan enpresarekin. Fagor Ederlanen standa Aldabe kalera lekualdatzen da, goizean zehar bere ibilgailu elektrikoekin egiten dituen ibilbideak eskaintzeko. EVOLO: hiri-garraio iraunkorreko soluzioak. EVOLO, hiri-mugikortasun iraunkorreko proiektuak garatzen, merkaturatzen, ezartzen eta horiei buruz aholku ematen lan egiten duen oinarri teknologikoko enpresak, lagundutako pedaleoko Z2 ibilgailuarekin frogatuko du nola erantzun dakiokeen garraioaren eta azken miliako hiri-logistikaren munduari.

 

Sweeperbike SL enpresaren kaleak garbitzeko ibilgailu elektrikoen erakusketa eta funtzionamenduaren azalpena. SB1000 erraztatzeko ekomakinak ordu erdiz behin garbituko du kalea eta SB 50P eta SB 80 makinek inguruko hondakinak bilduko dituzte; funtzionatzen ari den bitartean ibilgailura igotzeko aukera izango dute bertan daudenek.

 

Intelligent Parking SL enpresak sarbideak kontrolatzeko sistema erakutsiko du. Bizikleten aparkaleku-sareetan eragiteko erabiliko da, gaur egun erabiltzen ez diren lokaletan zein aparkaleku eramangarrietan kokatuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)