Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Vitoria-Gasteizen urriaren 1ean egingo da “Eko Sketch” koadernoan egin beharreko marrazketa-maratoi ekologikoa

2016.eko irailak 16
  • Bost espazio edo eraikin marraztu beharko dira:  Andre Maria Sortzez Garbia Katedrala eta Apezpikuaren lorategiak; Udaletxea eta haren plaza; Burulleria plaza; Eskoriatza-Eskibel jauregia; eta hiri-elementu txikiak.
  • Kontzeptuak: “ondarea eta berdeguneak birgaitzea”;  “bizitzeko hiriak”; “hiriko espazio bereziak”; “ondarea eta ekologia” eta “iraunkortasuna”.
  • Nazio Batuek antolatutako Habitataren Mundu Egunaren jardueren barruan garatuko da.

 

Urriaren 1ean Arabako hiriburuak bat egingo du Habitataren Mundu Egunarekin. Koadernoan egin beharreko marrazketa-maratoi bat egingo da hiriko kaleetan zehar. Marrazketarako zaletasuna duten pertsonei zuzenduko zaie, eta marrazkigileek koadernoetan ingurumenarekin, garraio iraunkorrarekin eta ekologiarekin konprometituta dauden marrazkiak egin beharko dituzte Vitoria-Gasteiz hiriko hainbat lekutan.

 

Elkar liburu-dendek antolatu dute maratoia, eta hauen laguntza izan dute: Milan, Moleskine, Sakura, Dakotabox, Victoria Cafe, Artepan, Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritza. Jarduera hori iraunkortasunerako hezkuntza-jardunaren barruan sartzen da, eta parte hartzeko izena ematen duten pertsonek (kopuru jakin bat osatu arte) urriaren 1ean, lehen orduan, Elkar liburu-dendatik pasa beharko dute, parte hartzeko beharrezko materiala jaso ahal izateko. Nahitaez marraztu beharko duten bost leku edo objektu egongo dira, baina ekologiaren gai nagusiarekin lotzen den nahi adina marrazki gehitu ahal izango dute. Egun osoa izango dute marrazteko.

 

Antolatzaileek emango dieten mapan, nahitaez marraztu beharreko bost espazioak edo eraikinak markatuko zaizkie: Andre Maria Sortzez Garbia Katedrala eta Apezpikuaren lorategiak, “Ondarea eta berdeguneak birgaitzea” kontzeptuarekin; Udaletxea eta haren plaza, “bizitzeko hiriak” kontzeptuarekin; Burulleria plaza, “Hiriko espazio bereziak eta horma-irudiak” kontzeptuarekin; Eskoriatza jauregia eta haren elementuak, “ondarea eta ekologia” kontzeptuarekin; eta hirian integratuta dauden elementu ekologiko txikiak: hegaztiak, balkoiak eta landareak, zuhaitzak, parkeak, eta abar.

 

Egun osoa

Parte-hartzaile bakoitzak leku horietako guztietako marrazki bat, gutxienez, aurkeztu beharko du. Hala ere, Vitoria-Gasteizen askatasun osoz egindako mugarik gabeko serie batekin osa daiteke koadernoa: barrualdekoak, kanpoaldekoak, pertsonak, objektuak eta bestelako eszenak. 12:30etik 13:00etara parte-hartzaileek bat egingo dute Plaza Berrian. Talde osoaren argazkia egingo da, eta hamaiketako txiki bat jan ahal izango dute. Koadernoak zigilatuko zaizkie, eta hori nahitaezkoa izango da maratoian parte hartzeko.

 

Marrazkiak koaderno konpultsatu horretan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, baina marrazteko teknika guztiz librea izango da. Hortaz, marrazkigile bakoitzak nahi dituen pintura-materialak eraman ahal izango ditu. Hautazkoa izango da ikatz-ziria edo Sakura errotuladorea erabiltzea.

 

Kategoriak

1. kategoria: 16 urtetik gorakoak (2000. urtean edo lehenago jaiotakoak). 2. kategoria: 10 eta 15 urte arteko neska-mutilak (2001 eta 2006 artean jaiotakoak, biak barne). 3. kategoria: 10 urte baino gutxiagoko neska-mutilak (2007. urtean edo geroago jaiotakoak). Honako sari hauek banatuko dira: Koaderno ekologiko onena, helduen kategoria:  100 €-ko Elkar opari-txartela + Dakota Box Dos días únicos kutxa + Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskainitako opari sorta bat. Koaderno ekologiko onena, gazteen kategoria: 70 €-ko Elkar opari-txartela + Dakota Box Euskadi Sentitu kutxa + Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskainitako opari sorta bat. Koaderno ekologiko onena, haurren kategoria: 50 €-ko Elkar opari-txartela + Dakota Box Mil y una noches de ensueño kutxa + Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskainitako opari sorta bat.

 

Irailaren 28a baino lehen eman beharko da izena www.ekosketch.eus web-gunean edo Vitoria-Gasteizko Elkar liburu-dendan formularioa beteta. Plaza mugatuak dira. Urriaren 1ean, larunbata, parte-hartzaileek Vitoria-Gasteizko San Prudentzio kaleko Elkar liburu-dendatik pasa beharko dute 10:00etatik 11:30era, eta maratoian parte hartu ahal izateko materiala jasoko dute: koaderno konpultsatua, Sakura errotuladorea (Talens), ikatz-ziria, Sketch Take Away, hamaiketakoa hartzeko bonua eta hiriko mapa. Marrazteko denbora 19:00etan amaituko da. Ordu hori baino lehen entregatu beharko dira koadernoak Vitoria-Gasteizko San Prudentzio kalean.

 

Urrian Florida Parkeko Kultur Etxean egingo den ekitaldi batean emango dira sariak. (Info + http://www.ekosketch.eus).

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko