Berriak Segurtasuna
Eu

Irailaren 25ean Hauteskundeetako emaitzak hedatuko dituen dispositibo teknikoa eta giza taldea prestatzen ari da Segurtasun Saila

2016.eko irailak 16

Parte-hartzearen indizeei eta gorabeherei buruzko informazioa etengabea izango da jardunaldi osoan

Hilaren 25eko hauteskunde-eguneko informazioa emateaz arduratuko den dispositibo teknikoa eta giza taldea prestatzen ari da Segurtasun Sailaren Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza. Egun horretan sailetako arduradunek bost agerraldi egingo dituzte; lehenik, izan daitezkeen gorabeheren eta parte-hartzearen indizeen berri emango dute eta, gero, boto-zenbaketaren bilakaeraren berri. Hedapen handi baten bidez zabalduko da informazioa, Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialetik bertatik zein Internet bidez eta beste bide batzuez.

Segurtasun Saila osatzen ari da prozesuaren une garrantzitsuenen berri emateko hauteskunde-deialdiaren egunean abian jarri zuen komunikazio-plana. Plan horren une gorena hauteskunde-egunean bertan izango da. Egun horretan, Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialetik etengabe emango da gorabeherei buruzko informazioa, parte-hartzearen bilakaerari buruzkoa eta, azkenik, bozketaren emaitzei buruzkoa. Prestatu diren komunikazio-kanal informatikoak ere erabiliko dira informazioa zabaltzeko.

Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofiziala

Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofiziala Vitoria-Gasteizko Lehendakaritzan kokatuko da. Hilaren 25eko hauteskunde-egunean, bertatik zabalduko dira parte-hartzearen indizeei buruzko datuak eta behin-behineko emaitzak, botoak zenbatu ahala. Horretarako, agertoki nagusi bat prestatuko da, 8x4 metroko pantaila izango duena. Bertan proiektatuko dira emaitzen datu grafikoak. Nolanahi ere, informazio hori bera hedatuko da egoitzan zehar banatuko diren beste hiru monitoreetan.

Hauteskunde-eguna Zentrotik bertatik jarraitzeko baimena eskatu duten hedabideei espazioa gordeko zaie albistegietarako zuzeneko konexioak egiteko (baimena eskatzeko epea datorren hilaren 19an, astelehenean, zabalduko da). Era berean, erredakzio-postuak eta unitate mugikorretarako zona espezifikoa erraztuko zaizkie.

Gailu teknikoei dagokienez, hedabideek zuzenean emititzeko lau telebista-seinale instituzional ekoitzi izango dituzte, eta Interneterako konexioa prentsa-postuetan.Seinale instituzionala hainbat telebista-kamerek ekoitzitako irudietan oinarrituko da, pertsonen eta grafikoen irudi integratuak barne. Zentroko agertokian jasoko dira zenbakizko irudikapenak, eta proiekzio baten bidez lortuko da irudia. Seinale guztiak zuzenean aterako dira kanpo-banatzaileetara eta telebistek bertan egin ahal izango dute dagokien lotura.

Prentsaurreko eta agerraldi guztien seinale instituzionala Zentrotik bertatik hedatuko da, baita Internet bidez ere (www.hauteskundeak.eus).

Gorabeherei, parte-hartzearen indizeei eta emaitzei buruzko informazioa

Larunbateko, hilaren 24ko, gogoeta-egunean, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Hauteskunde Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxek prentsaurrekoa egingo dute Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean. Prentsaurreko horretan hauteskunde-prozesuari buruzko informazioa emango dute eta emaitzak, gorabeherak eta parte-hartzearen indizeak zabaltzeko erabiliko diren mekanismoak aurreratuko dituzte. Era berean, hedabideetako profesionalek izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte.

Hilaren 25ean, hauteskunde-egunean, hainbat agerraldi egingo da Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean. Horietan bozketetan gertatzen diren gorabeheren berri zein parte-hartzearen ehunekoen bilakaeraren berri emango da.

10:00etan Segurtasun sailburuak agerraldia egingo du Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean. Hauteskunde-mahaiak irekitzean gertatu ahal izan diren gorabeheren berri emango dute, eta une horretara arte prozesuak izan duen bilakaera azalduko dute. Gertaera nagusiak prentsa-ohar batean jasoko dira.

13:00etan, berriro egingo du agerraldia sailburuak; 12:00ak arteko parte-hartzearen indizeei buruzko lehen datuak emango dituzte.

18:00etan berriro egingo du agerraldia sailburuak; 17:00ak arteko parte-hartzearen indizeei buruzko datuak emango dituzte.

Hauteslekuak itxi, eta zenbaketa hasi eta gero, zenbaketa horrek hiru Lurraldeetan datu adierazgarriak ematen dituenean, gutxi gorabehera gaueko bederatzietan, sailburuak agerraldia egingo du zenbaketatik ondorioztatzen den boto- eta aulki-banaketaren lehenengo datuak emateko.

Behin-behineko datuak Zentroko pantailan proiektatuko dira, grafikoak denbora errealean sortuko dituen multimedia-aplikazio bati esker. Datu horiek berak eskuragarri izango dituzte hedabideek eta hiritarrek Interneten eta Intranetean. Gailu mugikor adimendun bidez (smartphone, tablet, eta abar bidez) ere eskuratu ahal izango dira datu horiek.

Sailburuaren agerraldiaren ondoren, boto-zenbaketaren bilakaera zuzenean jarraitu ahal izango da datuak hedatzeko ezarritako hainbat bidetatik. Datuak denbora errealean emango dira, eta botoak zenbatu dituzten mahaien ehunekoak gehitu ahala eguneratuko dira datuak.

Hauteskunde-intraneta:

Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak eskainita, hala eskatu duten hedabideek, alderdi politikoek eta erakundeek aukera izango dute haien egoitzetatik hauteskunde-intranet batera sartzeko. Intranet horren bitartez, online jarraitu ahal izango dute zenbaketaren bilakaera.

Emaitzen txantiloiak:

Hedabideek eta herritarrek behin-behineko boto-zenbaketaren ondoz ondoko eguneratzeak jaso ahal izango dituzte, aurrez hala eskatu badute, emaitzen txantiloi moduan, “.xml” formatuko fitxategietan.

Hartara, prestatu dituzten informazio-sistemak dinamikoki elikatu ahal izango dituzte, eta behin-behineko datuak eta Segurtasun Sailak emandako datuak aldi berean egokitu ahal izango dituzte. Horrela, behin-behineko datu ofizialak eguneratzen diren bakoitzean, fitxategi eguneratuak bidaliko dira, eta, hortaz, hedabide bakoitzaren euskarri eta diseinuetan eskainiko den informazioa bat etorriko da Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialak aurkezten duen informazioarekin.

Interneteko informazioa

www.hauteskundeak.eus web-orriak herritarren esku jartzen du irailaren 25eko  hauteskunde-deialdiari buruzko informazio guztia. Atari horren bidez, Eusko Legebiltzarra berritzeko hasi den prozesuaren alderdi guztiei buruzko informazio zabala eta askotarikoa kontsulta daiteke.

Web-gunearen atalen artean nabarmendu behar dira, adibidez, prozesuaren egutegiari, bozketa-prozedurari eta posta bidezko botoei buruzko atalak, hautesleentzako gida,hauteskunde-mahaietako kideentzako gida, eta inprimaki elektronikoak. Urratsez urratseko gidak ere badaude; gida horiek aukera ematen dute botoa ematerakoan sor daitezkeen prozedurari buruzko zalantzak argitzeko, modu atseginean eta grafikoan. Eta galde-erantzun atal bat ere badago, boto-emaileei sor dakizkiekeen zalantza nagusiak erantzuteko.

Era berean, web-guneak Twitter (@hauteskundeak) kontuan izena emateko aukera ematen du. Twitter kontu horrek hauteskunde-prozesuarekin lotzen diren albisteak eta datu interesgarriak emango ditu, eta ia denbora errealean egingo du. Herritarrek 012 telefonoa ere erabili ahal izango dute, bertan kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2016.eko irailak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: Todo en marcha para el domingo 25-S. Más información en la web del @Gob_eus https://t.co/yCPv1nD0L5

  • @jerkoreka
    2016.eko irailak 16

    Comentario de Twitter:
    Todo en marcha para el domingo 25-S. Más información en la web del @Gob_eus https://t.co/yCPv1nD0L5

Komunikabideek behera kargatzeko