Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hezkuntza sailburua Basque Culinary Centerren egin den Mondragon Unibertsitatearen ikasturtearen irekiera ofizialeko ekitaldian izan da

2016.eko irailak 14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Basque Culinary Center Zientzia Gastronomikoen fakultatean egin den Mondragon Unibertsitatearen 2016-2017 ikasturtearen irekiera ofizialean hartu du parte. Uriartek Mondragon Unibertsitatearen eta, zehazki, fakultate honen nazioarteko proiekzioa azpimarratu ditu. Izan ere, fakultate hau, zabalik daraman sei urte hauetan erreferente bihurtu da gastronomiaren eta elikaduraren esparruetan, bertan lan egiten duten pertsonen lanari esker.

Ekitaldi ofizialean, Vicente Atxa errektoreak hartu du parte, baita Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak ere. Horrek 2015-2016 ikasturteko Memoria Akademikoa aurkeztu du. Gainera, Elena Urdaneta Basque Culinary Center – Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultateko I+G zuzendariak inaugurazio-ikasgaia eskaini du, honako izenburu honekin:“Sukaldaritza, bizitza osorako osasuna lortzeko tresna eta bidea”. Bertara ere gerturatu da Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia.

Ikasturte honetan, Mondragon Unibertsitateak graduko 15 titulu eskaini ditu guztira: bederatzi ingeniaritzan, bi enpresa-zientzietan, bi hezkuntzan, bat ikus-entzunezko komunikazioan eta bat gastronomia-zientzietan. Horretaz gain, informatikako eta telekomunikazioko gradu bikoitza eta 13 unibertsitate-master ere eman ditu, horietako bi berriak. 2015-2016 ikasturteko matrikulazioen azterketaren arabera, guztira 4.226 ikaslek eman dute izena. Horietatik, 3.598 graduko titulazioetan eta 628 unibertsitate-graduondokoetan matrikulatu dira.

Sailburuak gogoratu du Mondragon Unibertsitatearen eta gainerako euskal unibertsitateen garapenarekin Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoaren adibide 2015-2018 Unibertsitate Plana dela. Izan ere, Plan horren bitartez unibertsitate-sistemaren iraunkortasuna eta Euskadin zein Euskaditik kanpo sistema horren posizioa indartu nahi dira. Egiaz, sailburuak gogoratu duen bezala, Euskadi da sare publikoko zein pribatuko unibertsitate-sistema osoa babesteko plana duen autonomia-erkidego bakarra. Horren haritik, Europan kokatutako goi-mailako hezkuntza baten alde Jaurlaritzak egindako apustua berretsi du.

Uriartek ere azpimarratu du, enpresekin elkarlanean burututako goi-mailako euskal hezkuntzak duen “eskaintza akademiko garrantzitsua”. Hala ere, erlazio hori beharko lukeena bezain sendoa ez dela onartu du, eta horrek “gogoeta sakona” egin beharra eta, ez bakarrik gazteei baita enpresen lehiakortasunari ere lagunduko dizkieten ekintzak planifikatu beharra eskatzen du. Eta horixe izango da, etorkizunari begira, Hezkuntza Sailaren helburuetako bat.

Azkenik, ikerketarako, berrikuntzarako eta garapen teknologikorako konpromisoa azpimarratu du sailburuak. Hori guztia gauzatzeko Euskal Unibertsitate Sistema “funtsezko euskarri” bihurtzen da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak landutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Planean Mondragon Unibertsitateak duen paper garrantzitsua azpimarratu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)