Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorea

2010.eko urriak 14

 

  • Egungo Garapenerako Lankidetzaren zuzendari Marta Ares Agentziaren zuzendari berri izendatzeko proposamena onartu du Kontseilu Errektoreak
  • 18 lagun izango ditu plantillan Agentziak
  • Eusko Jaurlaritzak pobrezia desagerrarazteko duen konpromisoa berretsi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia gaur jarri da abian erakundearen Kontseilu Errektorea eratzeko bilerarekin, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta buru dela egin den ekitaldiarekin, hain zuzen ere. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzeko legeak (5/2008, ekainaren 19koa) ezartzen duenez, Kontseilu Errektorea da erakundearen erabakitzeko, administratzeko eta kontrolatzeko organo gorena.

Hartu dituen lehenengo erabakien artean, egungo Garapenerako Lankidetzaren zuzendari Martes Ares Agentziaren zuzendari berri izendatzeko proposamena onartu du Kontseilu Errektoreak. Proposamen hori Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztuko zaio  berretsi dezan. Erakundearen plantilla egituratzeko proposamena ere onartu du, eta 18 lagun izango ditu guztira. Zuzendariaren izendapenak bezalaxe, Jaurlaritzaren Kontseiluaren Ontzat Emana ere beharko du plantillak.

Kontseilu Errektoreak presidente bat -une honetan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua-, Eusko Jaurlaritza ordezkatzen duten lau bokal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia ordezkatzen duten hiru bokal, Legebiltzarra ordezkatzen duten bi bokal eta Agentziaren zuzendariari egokitu zaion idazkari bat dauzka. 

Gasteizen egoitza duen Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratzen da eta, hori horrela, ahalmen juridiko propioa izango du. Garapenaren lankidetzaren politika egikaritzeaz gain, baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzeko, lankidetza-politiken plangintzan Jaurlaritzari aholkularitza emateko eta funts publikoen transferentziak kudeatzeko eskumenak izango ditu, besteak beste.

Gaur egindako ekitaldian, sailburuak nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak gauzaturiko ahalegina garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoa atxikitzeko, "munduan pobrezia eta desberdintasunak desagerraraztearen alde laguntzeko betebehar etiko, sozial, politiko eta ekonomikoa baitago".

2000ko irailean Nazio Batuek ezarritako pobreziaren aurkako ekintza-plan hori Milurtekoaren Garapen Helburuak betetzean oinarritzen da. Sailburuarentzat, NBEren gomendioak "gutxienekoen esparrua dira Eusko Jaurlaritzaren ahalegin solidarioan aurrera egiteko". Ildo horretan, 2007ko garapenerako lankidetzaren euskal legeak biztanlerien muturreko kalteberatasuna arintzeko ekimenak burutzeko premia eta giza garapena sustatzeko ere lagungarri izango diren politika koherenteak garatzeko garrantzia ere biltzen ditu jada. 

Laguntza erabilgarriagoa

Horretarako, euskal agentzia garapenerako lankidetzaren arloan kudeaketa hobetuko duen erreminta bat izango da, eta politika publiko deszentralizatuko eredu propio bat finkatzea ahalbidetuko du.

Agentziaren erronka nagusien artean prestakuntzaren, ikerketaren eta ebaluazioaren sustapena nabarmentzen dira. "Kalitate-sistema baterantz aurrera egin behar dugu, eraginkortasun-printzipioarekiko koherentziaz jardunez, gure laguntza iristen denean, lagungarriagoa izan dadin", Zabaletak azpimarratu duenez.

Kalitatea eta dinamismoa ezartzen ditu Agentziak bere helburuen artean, zuzeneko loturak sendotuz gizarte zibilarekin eta udal- eta foru-administrazioekin.

Kontseilu Errektoreari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi duenez, "Agentzia bultzatzeko erronka izango du, Agentziak bere politiken kalitatean sakon dezan, herritarrekiko gardena izan dadin, ekonomia soziala, iraunkorra eta solidarioa bultza dezan eta genero-ekitatea susta dezan bere esku-hartze guztietan, baita garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza ere".

Kontseilu Errektorearen eginkizun nagusien artean honako hauek dira nabarmentzekoak:

1) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardueren plan orokorrak onartzea.
2) Laguntza eta diru-laguntza guztiei buruzko deialdiak onartzeko erabakia hartzea eta proposamena egitea organo eskudunari, baita laguntzok emateko oinarrizko irizpideak ere.
3) Agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua lantzea.
4) Plantillen proposamena eta erakundearen langileen ordainsari-araubidearen proposamena egitea
5) Agentziako Zuzendaritzaren kudeaketa kontrolatzea eta Zuzendaritzari eskatu beharreko erantzukizunak eskatzea.
6) Agentziaren jardunari jarraipena egitea, gainbegiratzea eta kontrolatzea
7) Alde biko lankidetza-hitzarmenak edo -ekintzak onartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta